
García Chueca: “12 urte bete arte garraio publikoaren doakotasunaren aurrean erantzuten ari dira herritarrak”
- Neurri hori ezarri eta lehen hiru hilabete eta erdian, Euskotrenek 324.600 balidazio erregistratu ditu Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietateak operatutako trenetan, tranbietan eta funikularrean
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chuecak ostiral honetan Legebiltzarrean izandako kontroleko osoko bilkuran lehen balorazioa egin du hasierako hiru hilabete eta erdiei buruz Euskadiko garraio publikoan 12 urte bete arte doakotasuna martxan jarri zenetik. Sailburuak nabarmendu duenez, Euskotrenek, Eusko Jaurlaritzaren mendeko garraio publikoko operadoreak, 6 eta 12 urte bitarteko adingabeen 324.600 balidazio erregistratu ditu otsailaren hasieratik maiatzaren erdialdera arte.
“Euskal herritarrak erantzuten ari dira”, balioan jarri du Euskal Autonomia Erkidegoko garraioen arduradun nagusiak, eta adierazi duenez, “zifren bilakaerari eusten bazaio, lehen urtea milioi bat bidaia ingururekin itxiko dugu doan, ekimen horrekin gure sareko trenetan, tranbietan eta metroan”.
García Chuecak azaldu duenez, egungo Gobernuak legegintzaldiko lehen urtea betetzear dagoenean, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren “helburu nagusia” izan da “euskal herritarrek mugikortasunaren arloan dituzten eskubideak zabaltzea eta hobetzea”. Ildo horretan, hartutako lehen neurrietako bat izan da Euskotrenen garraio publikoaren doakotasuna ezartzea –Gasteizko eta Bilboko tranbiak, trena, Bilboko Metroko L3 eta Larreinetako funikularra–, 12 urte bete arte bidaiak doakoak izatea, eta ekimen hori bultzatzea Euskadiko Garraio Agintaritzaren baitan, gainerako administrazioek eta operadoreek bat egin dezaten.
“Neurri honekin herritar guztien bizi kalitatea hobetzen dugu, baina, batez ere, seme-alaba txikiak dituzten familiena, zama ekonomikoa arintzen dugu eta, gainera, mugikortasun jasangarriaren ohitura sustatzen dugu txikitatik”, azaldu du sailburuak Legebiltzarrean. 6 eta 12 urte bitarteko 130.000 haur doakoak izateko, beharrezkoa da Bat, Barik eta Mugi txartelak aurrez pertsonalizatzea.
Zehazki, Gasteizko tranbia izan da emaitzarik onenak lortu dituena, 124.400 balidazio izan baititu hiru hilabete eta erdian. Ondoren, Euskotrenen Lasarte-Hendaiako linea (Gipuzkoa), 79.687 bidaiarekin, Bilboko Metroaren 3. linea (53.807) eta Bilboko tranbia (26.287).
“12 urtera arteko doakotasuna egiturazko neurria da, eta Euskadiko mugikortasunaren bereizgarria. Ekimen honekin, gainera, estaldura soziala ematen laguntzen dugu gure erkidegoko kolektibo sentikorrenei: adingabeei”, azpimarratu du García Chuecak.
Koiunturari dagokionez, doakotasunaren adina aurtengo uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte luzatuko da, 15 urte bete arte, Gobernu zentralak garraio publikoa bultzatzeko hartutako neurrien esparruan. Izan ere, data horretatik aurrera, etapa berri bati ekingo dio, egungoaz bestelako hobari-egitura batekin. Orain, % 50eko deskontuak populazio guztira hedatzen dira; uztailaren 1etik aurrera, berriz, bidaiak doakoak izango dira 15 urte bete arte, 26 urtetik beherako pertsonentzat % 50ari eutsiko zaio, bi kasuetan Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak finantzatuta, eta gainerako biztanleek % 40ko hobaria izango dute –% 20 Gobernu Zentralak finantzatuta eta gainerako % 20a tokiko administrazioek–.
Neurri horiekin guztiekin, sailburuak nabarmendu du garrantzitsua dela “garraio publiko integratu, unibertsal, eskuragarri eta eraginkorra lortzea, herritarren artean aukera-berdintasuna sortzeko eta eguneroko erronkak eta zereginak errazteko”.


