
Osakidetzak 40 eta 60 urte bitarteko emakume gipuzkoarrak animatu ditu haien osasun kardiobaskularra hobetzeko aukera emango duen ikerketa batean parte hartzera
- Osakidetzako Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuak CARAMEL ikerketa europarrean parte hartzen du, menopausia aldiko gaixotasun kardiobaskularren prebentzioa eta detekzio goiztiarra hobetzeko, tresna digitalen bidez
- Inkesta bati erantzuteko 1.000 emakumeren parte-hartzea behar da, haien osasun kardiobaskularra ikertzeko. Inkestak menopausiako sintometan eta arrisku kardiobaskularrean eragina izan dezaketen beste faktore espezifiko batzuetan jartzen du fokua, hala nola lehenengo hilekoa izandako adinean edo menopausia goiztiarrean
- Europan, gaixotasun kardiobaskularrak dira emakumeen lehenengo heriotza kausa. Osasun Sailaren eta Osakidetzaren ustez, beharrezkoa da bai emakumeek eta bai profesional sanitarioek emakumeen bihotzeko sintomak areago ezagutzea
Osakidetzaren Biogipuzkoa Ikerketa Sanitarioko Institutuak, CARAMEL ikerketa europarraren esparruan eta Lehen Mailako Atentzioko Unitateko ikertzaile-taldearen bitartez, Gipuzkoan bizi diren 40 eta 60 urte bitarteko 1.000 emakume bilatzen ditu, haien osasun kardiobaskularra ikertu eta tresna digitalak garatzeko, emakumeen menopausia aldiko gaixotasun kardiobaskularren prebentzioa eta detekzio goiztiarra hobetzeko eta emakumeak osasunaren gestio aktiboan ahalduntzeko helburuarekin.
Ikerketa hau menopausia sintomak dituzten edo menopausia igaro duten emakumeetan zentratuko da, sexuarekin eta generoarekin lotutako arrisku kardiobaskularraren faktoreak areago ulertzeko helburuarekin.
Europan, gaixotasun kardiobaskularrak dira emakumeen heriotza kausa nagusia. Zehazki, menopausiako etapa funtsezkoa da emakumeen bizitzan; izan ere, bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua nabarmen handitzen da, etapa horretako aldaketa hormonalak eta biologikoak direla eta. Ordea, bereziki 40 eta 60 urte bitarteko emakumeek duten arrisku hori ez da ezagutzen, edo ez da garaiz detektatzen. Horregatik, beharrezkoa da bai emakumeek eta bai profesional sanitarioek emakumeen bihotzeko sintomez duten ezagutzan sakontzea.
Europako 6.000 emakumeei egingo zaie inkesta
CARAMEL ikerketaren lehenengo fasean, Europako hainbat herrialdetako 6.000 emakumeri egingo zaie inkesta. Horietatik 1.000 Gipuzkoan hautatuko dira. Parte-hartzaileek 30 bat minutuko inkesta bete beharko dute, eta proiektuan aurrera egiteko funtsezko informazioa bilduko da bertatik.
Inkesta honek menopausiaren sintoma arruntenak ditu arretagune (beroaldiak, gaueko izerdialdiak, loaren nahasmenduak, aldarte aldaketak, muki-mintzen lehortasuna edo hilekoaren irregulartasunak). Gainera, arrisku kardiobaskularrean eragina izan dezaketen faktore espezifikoak ere kontuan hartzen ditu, hala nola lehen hilekoa izandako adina, menopausia goiztiarra, bost haurdunaldi edo gehiago eduki izana, edo haurdunaldiko hipertentsioa edo diabetesa eduki izana. Halaber, elementu babesgarriak ere aztertzen ditu–amagandiko edoskitzea, esate baterako–.
Ikerketa taldea Biogipuzkoa OIIko Lehen Mailako Arretako Unitateko kideek osatzen dute, eta, adierazi dutenez, “emakumeek gizonek baino joera txikiagoa dute ikerketa zientifikoetan parte hartzeko”. Horregatik, Gipuzkoako emakumeak ikerketa honetan parte hartzera animatzen dituzte, generoa eta sexua kontuan izango dituzten prebentzio estrategia pertsonalizatuak garatu eta emakume guztien osasun kardiobaskularra hobetu ahal izateko.
CARAMEL proiektu europarra
CARAMEL ikerketa proiektua Europar Batasuneko “Horizon Europe” programak finantzatzen du. Ikerketa institutuak, ospitaleak eta enpresa txiki eta ertainak daude programa horren partzuergoan (11 herrialdetako 25 bazkide, guztira). Proiektuaren helburua da arrisku kardiobaskularra ebaluatzeko eredu aurreratuak eta tresna digitalak garatzea, 40 eta 60 urte bitarteko emakumeak beren osasun kardiobaskularraren gestio aktiboan ahalduntzeko. Proiektuak 5 urteko iraupena izango du. Epe horretan, tresna digital berriak eta arriskuaren kalkulagailu bat garatuko dira emakumeen gaixotasun kardiobaskularren prebentzioa eta detekzio goiztiarra hobetzeko, arreta berezia jarriz menopausiarako trantsizio aldian.
Parte-hartzea
Parte hartu nahi baduzu, bete ezazu hurrengo estekan aurkituko duzun inkesta:
https://caramel.qualtrics.com/jfe/form/SV_3F7xFDjleU1VLLw
Bideoa: https://youtu.be/fneMHDBRODE