
Elsa Punset idazleak eta Basque Teameko piraguistek talentuari buruzko hausnarketa egin dute
Basque Team Zentroak ziurgabetasun-garaietarako eliteko kirolaren ikaskuntzetan sakondu du gaur
Topaketa Goi Mailako Kirolaren Euskal Zentroaren instalazioetan egin da, eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak eta Eduardo Junkera APDko (Zuzendaritzaren Aurrerapenerako Elkartea) Iparraldeko presidenteak eman diote hasiera. Biek ongietorria eman diete Basque Team Zentroaren auditoriuma bete duten guztiei. Gorka Iturriagak azpimarratu duenez, kirolariak funtsezko ereduak dira gure gizartean, gainditzeko adibide bat eta herrialde gisa helarazi nahi ditugun kontzeptuen adierazle nagusia. Bestalde, Eduardo Junkerak nabarmendu du kirolaren balioak eta ziurgabetasuna kudeatzeko modua oso estrapolagarriak direla enpresaren mundura.
Ondoren, Elena Etxebarrietak, Basque Teameko komunikazio arduradunak, jardunaldia testuinguruan kokatu du, Fundazioaren lana eta helburuak zein diren errepasatuz. Basque Team 2007an sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta EiTBk, Euskadin goi-mailako kirola sustatzeko eta modalitate gutxituetako kirolarien parte-hartzea eta emaitzen bilaketa bultzatzeko.
Bere aurkezpenak markoa jarri dio Elsa Punset idazle arrakastatsu eta adimen emozionalaren dibulgatzailearen hitzaldiari. ‘Talentua kirolaren eta enpresaren arteko lotura gisa’ izenburupean, Elsak azpimarratu du ziurgabetasun-garaian bere burua berrasmatzea funtsezko trebetasuna dela etengabe aldatzen ari den mundura egokitzeko eta aurrera egiteko. Ziurgabetasuna hainbat arrazoirengatik sor daiteke, hala nola krisi ekonomikoengatik, aldaketa teknologikoengatik edo ustekabeko egoera pertsonalengatik. Aldaketa-une hauetan, funtsezkoa da pentsamolde ireki eta malguari eustea, ikasteko eta testuinguru berrietara egokitzeko prest egoteko. Horretarako, ezinbestekoa da autoebaluazio jarraitua egitea eta indar, ahulezia, interes eta balioei buruz hausnartzea, goi-mailako kirolean ohikoa den moduan.
"Gizakiok mesfidati gara aldaketarekin, ezagutzak ez du portaera aldatzen eta kirolariek egokitzeko eta ohiturak aldatzeko gaitasun handiak dituzte" adierazi du Elsa Punsetek.
Ideia horretan sakondu dute ondorengo mahai-inguruan David Rincon Athletic Clubeko arreta integraleko saileko arduradunak, Maialen Chourraut eta Pau Echaniz piraguistek eta Xabier Etxaniz teknikariak. Piraguistak eta teknikariak, aurreko 2024ko Parisko Jokoetan lehiatu ziren. Maialen Chourrautek hiru domina olinpiko ditu (brontzea Londresen 2012n, urrea Rio de Janeiron 2016an eta zilarra Tokion 2021ean) eta Pau Echanizek brontzezko metala erdietsi zuen azken Jokoetan.
Xabier Etxanizek adierazi duenez, talentua eduki eta eskuratu egiten da, baina irmotasuna, asertibitatea eta lana beharrezkoak dira. Maialen Chourrautek azpimarratu du talentua ezinbestekoa dela, baina ohituran lan egitea funtsezkoa dela. Pau Echanizentzat, ordea, oso garrantzitsua da bere pasioa den piraguismoarekin ondo pasatzea: "Gakoa gozamena da, gustatzen zaidana egitea eta zoriontsu izatea".
Jardunaldia amaitzeko, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak hartu du berriro hitza, aipatutako guztiaren errepasoa egiko. Talentuari berriro balioa eman dio, baina garbi esan du plangintzarekin, iraunkortasunarekin eta, batez ere, egunerokotasunean positibismo eta irribarrearekin osatu behar dela.