qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak lurraldeko hiriarteko garraioaren sustapena aztertu dute aldirietako zerbitzua abian jarrita

2025-05-21
  • Bi erakundeek adostu dute Arabako Mugikortasun Agintaritzari helaraztea Bat txartela Arabako Aldirietan sartzea
  • Alavabusek bere eskaintzari eutsiko dio Arabako Lautadan eta Añanan, garraio publikoko zerbitzu “osagarriak” direlako

 

Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana García Chueca eta Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarri eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Jon Nogales asteazken honetan bildu dira, Arabako hiriarteko garraioan egingo diren hurrengo urratsak aztertzeko, datorren maiatzaren 30ean Arabako Lautadan aldirietako tren-zerbitzu publiko berria abian jarri ondoren.

Garraio publikoaren bi arduradunek nabarmendu dutenez, Arabako Foru Aldundiak ematen duen aldirietako zerbitzua eta Alavabuseko errepide bidezko hiriarteko garraio-zerbitzua “zerbitzu osagarriak dira, eta Arabako herritarrei kalitatezko garraio publikoaren eskaintza jasangarria ematea dute helburu”. Hori dela eta, Nogalesek baieztatu duenez, Alavabusek egungo eskaintzari eutsiko dio.

Arabako Lautadan, aldirietako tren-zerbitzuek 137 zirkulazio izango dituzte astean Miranda de Ebro eta Altsasu artean, eta bederatzi udalerrietan geldialdiak egingo dituzte trazatuko geltokiekin –Manzanos, Argantzun, Iruña Oka, Gasteiz, Alegria-Dulantzi, Agurain, Araia eta Udala–.Tarifak aldirikoak izango dira, hau da, % 30erainoko deskontuak Arabako Lautada zeharkatzen duten distantzia ertaineko zerbitzuetan.

Sailburuak eta foru diputatuak bilera honetan erakundeen arteko koordinazioa indartzea erabaki dute, Añanako eta Arabako Lautadako eskualdeetan jarduten duten aldirietako zerbitzu berriaren eta Alavabuseko foru lineen eskariaren bilakaera aztertzeko. Foro horrek trazaduran dauden Arabako udalerrietako udalei ere entzungo die, zerbitzuaren lehen hilabeteetako proposamenak eta balorazioa ezagutzeko.

Lan horrek jarraipena ematen dio orain dela urtebete sortu zen koordinazio organoari, aldirietako zerbitzua diseinatzeko eta zerbitzuan jartzeko eta Alavabuseko zerbitzuarekin bateratzeko.

García Chuecak nabarmendu duenez, “zerbitzu berri hori Renfek Espainiako Gobernutik Eusko Jaurlaritzara egiten duen aldirietako zerbitzuaren transferentziarekin identifikatu dugun hobekuntzetako bat da, eta aukera bat da Arabako Lautadako udalerriak hobeto eta modu jasangarrian konektatzeko; Araba zen Euskadiko lurralde historiko bakarra aldiriko trenik gabe, eta bertako biztanleen eskaerari erantzuten ari gara zerbitzu publiko hori aktibatzean”.

Bileran, Alavabusen egungo eskaintzari eutsiko zaiola baieztatu du Jon Nogalesek eta, adierazi duenez, Aldiriak eta Alavabus “zerbitzu osagarriak dira kalitatezko garraio publikoaren eskaintza osatzeko orduan, ibilgailu pribatuaren benetako alternatiba direlako ikastegietara eta lantokietara joateko ohiko joan-etorrietarako”.

Modu koordinatuan lan egingo dugu mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiteko eta, horretarako, bi zerbitzuen eskariaren bilakaera aztertuko dugu aldizka, gure etengabeko hobekuntzarako estrategian baliabideak optimizatzeko”, gaineratu du.

Bat txartelaren integrazioa

Bi arduradunak bat etorri dira Bat txartela aldiriko tren-zerbitzu berrian integratzeko urratsak ematen jarraitzeko beharrean, gaur egun Alavabusen, Euskotrenek jarduten duen Gasteizko tranbian eta Tuvisak operatutako hiriburuko hiri-autobusetan gertatzen den bezala. Ildo horretan, Arabako Mugikortasun Agintaritzari (AMA) Bat Arabako aldirietan integratzeko lanak bultzatzeko beharra helaraztea erabaki dute.

Sailburuak azaldu duenez, premia hori Renferen mahai gainean jarri da, eta Bat txartelak eta beharrezko garapen teknologikoak irakurtzeko gai diren ezeztagailuak instalatzeko eskatzea erabaki da. Prozesu horrek, nolanahi ere, Euskadiko Garraioen arduradun nagusiak nabarmendu duenez, hilabete batzuk beharko ditu garatzeko eta ezartzeko.

Mugikortasun jasangarriaren arloko intermodalitatea bultzatzea

Jon Nogales eta García Chueca ere bat etorri dira herritarrei mugikortasun aktiboa eta garraio publikoaren erabilera uztartzea errazteko lan egitearen beharrean. Ildo horretan, tren-geltokien inguruetan bizikleta eta patineteentzako aparkalekuak instalatzeko aukera aztertzeko eskatu dute, Arabako Mugikortasun Jasangarriko II. Planean eta Euskadiko Mugikortasun Jasangarriko Planaren proiektuan jasotako neurrien ildotik.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Mugikortasun Jasangarria eta Bide Azpiegituren saileko foru diputatua