NIK Patrika Digitala
qrcode

Itxasok dio eraikuntza industrializatzea “etxebizitza-planetan funtsezkoa den sektorearentzat epe luzerako biziraupen-kontua” dela

2025-05-20
  • Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak finantziazio publiko-pribatua, hirigintza-erreformak, tentsionatutako eremuak, lurzoruaren erreserba estrategikoa eta industrializazioa ezarri ditu legegintzaldi honetako mugarri
  • Eusko Jaurlaritza Bizkaiko Etxegileen eta Higiezin Sustatzaileen Elkartearen ohiko batzar orokorrean egon da, eta etxebizitza babestua garatzeko baldintza berriak aprobetxatzea eskatu die etxegileei. “Etxebizitzaren kausarekin konpromisoa duen sektorea behar dugu”, nabarmendu du Itxasok

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak amaiera eman dio gaur Bilboko Euskalduna Jauregian Ascobi-Bieba Bizkaiko Etxegileen eta Higiezin Sustatzaileen Elkartearen ohiko batzar orokorrari. Berarekin batera izan dira ekitaldian Carlos Alzaga Bizkaiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru-diputatua eta José Luis Fuente Ascobi-Biebaren presidentea. Bertan, sailburuak adierazi duenez, finantziazio publiko-pribatua, hirigintza-erreformak, tentsionatutako eremuak, lurzoruaren erreserba estrategikoa eta industrializazioa ezarri ditu legegintzaldi honetako mugarri.

Hitzaldian zehar, Itxasok eraikuntzaren sektorea egituratik eraldatzeko beharra azpimarratu du, hirurteko honetan aurreikusitako erreforma eta baliabideek benetako eragina izan dezaten. “Orain arte hartutako neurrien eta datozen urteetan hartuko ditugunen irismena mugatu egingo da, baldin eta sektorea sakon modernizatzearekin batera egiten ez baditugu”, esan du.

Ildo horretan, sailburuak iragarri du sektorearen industrializazioa laster onartuko den 2025-2027 aldirako Etxebizitza Gida Planaren ardatz estrategikoa izango dela. “Guretzat funtsezkoa den prozesua finkatzeko apustua egin dugu, epeak laburtzeko, ingurumen-inpaktuak eta lan-arriskuak murrizteko eta kostuak beheratzeko duen gaitasunagatik”, azaldu du. Eta, gehitu duenez, “prozesu horrek aurrera egin ahala, agerikoa izango da berau egitea ez dela sektorearentzako aukera bat izango, baizik eta biziraupen kontua”.

Itxasok gogorarazi duenez, Euskadik tradizio industrial luzea du, eta hori oinarri sendoa da eraldaketa horri ekiteko. “Gure eraikuntza-sektoreak gogor sufritu zuen 2008ko finantza eta higiezinen krisia. Orain, industrializazio-estrategia bat hitzartzeko asmoa dugu, funtsezko alor hori indartu eta etxebizitza-eskaintza handitzeko helburuak lortzeko”.

Era berean, sailburuak sektorea animatu du Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioak berriki abiarazitako Etxebizitza industrializatuaren ESEPEak eskaintzen dituen aukera berriak ahalik eta gehien aprobetxatzera. “Une hau berebizikoa da, eta etxebizitzaren kausarekin konpromisoa duen sektorea behar dugu. Ezin ditugu alferrik galdu etxebizitza babestua bultzatzeko egungo baldintzak”, amaitu du.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak