Berriak Osasuna
qrcode

Osakidetzak 2,5 milioi euro inbertitu ditu Lezako Ospitalean, horren fatxada eta teilatuko isolamendua hobetzeko eta energia-kontsumoa murrizteko

2025-05-20
  • Duela gutxi, pazienteei egonaldi atseginagoa eskaintzeko eta kanpoko espazioak (hala nola lorategiak eta oinezkoen sarbideak) egokitzeko lanak amaitu dira
  • Zentroak 90 urte bete ditu eta erreferente bat da Araban. 63 ohe ditu, batez ere gaixo kronikoentzat, iktusa edo politraumatismoak izan dituztenentzat, eta egonaldi luzea behar dutenentzat
  • Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak pazienteen, familien eta profesionalen bizi-kalitatea hobetzeko egindako inbertsioa azpimarratu du, "ospitale horren modernizazioa eta eraginkortasuna bultzatzen duten jarduketekin"

Azken urtean, Lezako Ospitaleak, Osakidetzako egonaldi ertain eta luzeko zentro bat denak, eraberritze-lan garrantzitsu bat burutu du kanpoko espazioetan eta fatxadetan, eta eraberritze horrek bai pazienteen eta bisitarien, bai profesionalen ongizatea areagotuko du. Ospitaleak 90 urte beteko ditu, eta erreferentziazko zentroa da Araban paziente pluripatologikoak, errehabilitazio-prozesuan dauden pazienteak edo eriondoa zein zainketa aringarriak behar dituzten pazienteak tratatzeko orduan. Gaur goizean, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Ospitalean izan da, Arabako Errioxako ESIko profesionalen eskutik zentroan egindako hobekuntzak ezagutzeko. Martinezekin batera, Susana López Altuna Osakidetzako zuzendari nagusia eta Xabier Ibarzabal Ekonomiako eta Finantzako zuzendaria izan dira.

Gaur egun, ospitaleak 63 ohe ditu guztira, eta gehien bat gaixotasun kronikoak dituzten pazienteek, edo istripu baten ondorioz iktusa edo politraumatismoa izan dutenek, erabiltzen dituzte. Ospitalizazio-egonaldiaren batez besteko iraupena 58 egunekoa da; hortaz, funtsezkoa da ahalik eta egonaldi atseginena izateko baldintza optimoak lortzea, bai eraikinaren barruan, bai kanpoan. 

APARKALEKU BERRIA

Duela hamarkada bat, Lezako Ospitaleak errotiko berrikuntza bat burutu zuen bere barneko espazioei eta logelei zegokionez. Orain, erreformaren ardatza kanpoko espazioetan kokatu da. Horretaz gain, arreta berezia jarri da isolamendua eta ekoizpen termikoa hobetzen (edo, beste modu batean esanda, energia aurreztean, ahalik eta zentro efizienteena lortzeko helburuarekin). Hala, azken urtean hobekuntza garrantzitsu batzuk egin dira, hala nola irisgarritasunarekin lotutakoak. Horretarako, besteak beste, sarbideko eskailerak eraberritu dira, arrapala bat eraiki da eta lorategiak konpondu dira, eguraldi ona egiten duenean pazienteek espazio horiek errazago erabil ditzaten; izan ere, pazienteen zati handi batek aulki gurpilduna erabiltzen du. Halaber, aparkaleku berri bat eraiki da bisitari eta langileen sarbidea errazteko, eta, horretaz gain, ospitalizazioko solairuko telebistak ordeztu dira.

Gaur egun, bi obra estrategiko ari dira egiten ospitalean, eta Osakidetzak 2,5 milioi euroko inbertsioa egin du horiek aurrera eramateko. Alde batetik, ospitaleko eraikin atxikiaren inguratzaile termikoa berritzen ari da, hain zuzen ere, administrazio-lanetarako erabiltzen den eraikinarena. Horrek esan nahi du, alde batetik, fatxada konponduko dela, eta, bestetik, eraikin osoaren (fatxadaren eta estalkiaren) isolamendu termikoa nabarmen hobetuko dela; horrela, energia termikoaren kontsumoa nabarmen murriztuko da. Lan horretarako aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da, eta udarako amaitzea aurreikusten da.

2025ean egindako bigarren esku-hartze nagusia ekoizpen termikoa berritzea izan da. Horretarako, ingurumena hobeto errespetatzen duten beste ekipamendu batzuekin ordeztu dira egungo gasolio-galdarak. Zehazki, biomasa-galdarekin eta propanozko kondentsazio-galdarekin ordeztu dira. Jada amaitu den eta 1,2 milioiko aurrekontua izan duen jarduera horri esker, eraikinaren kontsumo termikoaren % 60 baino gehiago energia-iturri berriztagarrietatik dator, eta horrek Jasangarritasun Energetikoaren Legearen helburuak betetzen lagundu du.

Osasun sailburuak azpimarratu du etorkizunean ere asistentzia-kalitatea bermatzeko inbertsioa dela hau, "pazienteen, familien eta profesionalen bizi-kalitatea hobetzen duten inbertsioekin, kanpoko obrei esker; eta ospitale horren modernizazioa eta eraginkortasuna bultzatzen duten jarduketekin". Martinezek adierazi duenez, "ospitale honi kalitatezko oraina eta etorkizuna eskaintzen jarraitu nahi dugu, bai asistentziari dagokionez, bai hainbat arrazoirengatik ospitaleratutako egonaldi luzeak igarotzen dituzten pertsonen ongizateari dagokionez".

KANPO-KONTSULTAK ETA OSASUN-ZENTRO BERRIA

Lezako Ospitalea Arabako Errioxako ESIaren parte da. Erakunde horrek eskualde horretan bizi diren 11.500 pertsona ingururi ematen die zerbitzua, baina erreferentziazko ospitalea da lurralde osorako. Ospitalizazio-zerbitzuaz gain, zentroak kanpo-kontsultak ere biltzen ditu: Errehabilitazioa, Traumatologia, Dermatologia, Obstetrizia eta Psikiatria.

Ospitaleaz gain, Arabako Errioxako ESIko Lehen Mailako Arretako sareak hiru osasun-zentro (Bastida, Guardia eta Oion) eta 15 kontsultategi ditu. Duela gutxi, egungo eraikina ordezkatuko duen Oiongo osasun-zentro berria eraikitzen amaitu dute eta Osakidetzak 2,8 milioi euroko inbertsioa egin du horretarako.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-05-21

    Comentario de X:
    👉Zentroak 90 urte bete ditu eta erreferente bat da Araban. 63 ohe ditu, batez ere gaixo kronikoentzat, iktusa edo politraumatismoak izan dituztenentzat, eta egonaldi luzea behar dutenentzat

    📌 https://t.co/3Evbjpd8tl

  • Argazkia SN Robot
    @osakidetzaEJGV
    2025-05-21

    Comentario de X:
    🏥Osakidetza invierte 2,5 millones de euros en el Hospital de Leza para mejorar su aislamiento en fachadas y tejado, y reducir el consumo de energía

    📌 https://t.co/3Evbjpd8tl

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak