Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Eusko Jaurlaritzak Urola Garaiko airearen kalitatea hobetzeko plan bat landu du

2012.eko apirilak 25

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak Urola Garaiko airearen kalitatea hobetzeko Plan bat landu du; eremu horretan hobe daitezkeen balioak atzematen dira puntualki, hainbat faktoreren ondorioz (trafiko motorduna, Zumarraga-Urretxu saihesbideko lanak edo siderometalurgia-sektorea) aldatzen direnak.

Plana gaur aurkeztu zaie Zumarragako, Legazpiko eta Urretxuko alkateei eskualde horretako airearen kalitatea hobetzen lagunduko duten neurriak hartzeko bidean batera lan egiteko.

Urola Garaiko eskualdea airearen kalitatearen jarraipenari dagokionez Euskadi zatitzen den 11 eremuetako bat da. Zonakatze hori lurraldearen hainbat ezaugarrik ezartzen dute, esaterako okupazioak, lurraren erabilerak, orografiak, itsasoaren hurbiltasunak eta abarrek. Gainera, kontuan hartzen dira azken urteetan egin diren kalitate-azterlanetan lortutako emaitzak.

Abiatze-baldintzak

Aipatutako eskualdeari dagokion neurketa-estazioa Zumarragako udalerriko Izazpi auzoaren 3. zenbakian kokatuta dago. Puntu hori 2007tik dago martxan eta Europako legediak finkatzen dituen substantzia desberdinei buruzko informazioa ematen du denbora errealean, baita substantzia horiek banatzeko edo deuseztatzeko eragina duten parametro meteorologikoei buruzkoa ere.

Beraz, puntu hori oso kabina osatua da ematen dituen datuei dagokienez, eta horren ondorioz informazio ezin hobea lortzen da, hain zuzen ere, airearen kalitatearen hobekuntzaren aldeko jarduerak planifikatzeko modu eraginkorragoa lortzea ahalbidetzen duena. Gainera, 2008-2010 aldian datu-bilketa hori indartu egin da aipatutako hiru udalerrietan unitate mugikorren bidez egindako hainbat kanpainarekin, CSIC erakundeak egindako bi laginketa-kanpainarekin eta Haurtzaroa eta Ingurumena proiektuaren (INMA) azterlanarekin.

Zehatz esanda, kontrolatzen diren substantziak honako hauek dira: nitrogeno oxidoak (NOx), sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa (O3) eta PM10 partikulak.

Europako jarraibideek oso modu hertsian finkatzen dituzte substantzia horien guztien baimendutako balioak baita eguneko eta urteko neurriak ere. Itxitako 2010eko azken ekitaldia oinarritzat hartuta, PM10 partikulen kasuan soilik atzeman da eguneko neurriak gainditzen zirela nahiz eta nabarmendu behar den 2008tik aurrera hobekuntzarako joera argia ikusi dela.

Araudiak parametro horretarako bi muga ezartzen ditu: lehena, urteko batez bestekoak 40 µg/m3 (m3 bakoitzeko mikrogramoak) ez gainditzea eta bigarrena, eguneko batez bestekoak gehienez urteko 35 egunetan gainditzea 50 µg/m3. Lehen muga ez zen gainditu, urteko batez bestekoa 20 µg/m3 baino pixka bat handiagoa izan baitzen. Alabaina, 2009. urtean PM10 partikulentzat ezarritako eguneko muga-balioa 43 egunetan gainditu zen, hau da, baimendutako egun kopurua baino 8 egun gehiagotan.

Ingurune osasuntsu bat, bertan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea ziurtatuko duena, bermatzeko helburuarekin Ingurumen Sailak balio horiek zuzenduko dituen Urola Garaiko Airearen Kalitatearen inguruko Ekintza Plan bat landu du.

Planak proposatzen dituen neurriak

Eskualdearen egoeraren diagnostiko exhaustiboa egin ondoren, Administrazio Publiko desberdinek inguruneko airearen kalitatea hobetzen laguntzeko hartu beharreko neurri sorta zehazten du Planak.

Adierazi behar da, substantziak isurtzen dituzten foku nagusiak ondo atzemanda eta kokatuta daudela eta horri esker, errazagoa da oinarritik abiatutako irtenbideak ezartzeko gauzatu behar diren ekintzak zehaztea. Honako hauek dira aipatutako fokuak: trafiko motorduna, Zumarraga-Urretxu saihesbideko lanak edo siderometalurgia-sektorea.

Eusko Jaurlaritzari dagozkion neurriak jardueren kontrolean eta jarraipenean jardutera zuzenduta daude gehien bat. Arcelor Mittalen Ekintza Plana, IPPC lizentziak edo Ingurumen-arloko Ikuskaritza Plana dira ingurumen-organoari dagozkion zeregin nagusiak. Azken batean, ingurumen-legedia betetzea eta isurketak gutxitzeko teknologia berrien aldeko apustua egitea.

Udalei dagokienez, ekintza-eremuak batez ere mugikortasun-eredu iraunkor batera igarotzera edo bide publikoko lanen baldintzak hobetzera zuzenduta daude. Proposamenen artean honako hauek aipa daitezke: udal-trafikoa eta ibilgailuen gaineko udal-zergak modu egokian arautzea, udal-ibilgailuen isurketak gutxitzea, ingurumen-teknologia egokienak dituzten ibilgailuen erabilera sustatzea, garraio alternatiboak sustatzea eta garatzea, hiri-lanetan jardunbide egokien ordenantza bat ezartzea, kaleen garbiketa orokorra heze daudela egitea eta abar.

Bestelako neurri osagarriak honako hauek izan daitezke: zirkulazioa hobetzea eta optimizatzea errepideko mugikortasunarekiko alternatibak planteatuz, nekazaritza-makineriaren isurketak gutxituko dituzten neurri teknologikoak ezartzeko diru-laguntzak, berokuntza-galdarak hobetzeko diru-laguntzak edo egoera antiziklonikoetan biomasa-erreketak mugatzea.

Informazio gehiago

Iruzkin bat
  • @AlburenSL
    2012.eko apirilak 25

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: El Gobierno Vasco elabora un plan para mejorar la calidad del aire en el Alto Urola. http://t.co/Emcw0VMB

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan