Berriak Kultura
Eu

'Zinea eta Gerra Zibila Euskal Herrian'

2012.eko apirilak 25

2012 Euskadi ekimenak 'Zinema eta Gerra Zibila Euskadin' zikloa aurkeztu du, besteak beste Elai-Alai (1938) ikusi gabeko filma ikusteko aukera emango duena, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtearen esparruan.

Horixe da 2012 Euskadi ekimenak Donostian programatu duen lehen jarduera, eta horren osagarri beste jarduera batzuk antolatuko dira laster, hala nola 'Gerra eta bakea: zuzeneko begiradak' erakusketa, munduko gerra-erreportari onenen argazkiz osatutakoa.

Fundación 2012 Fundazioa Eusko Jaurlaritzak sortu du '2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtea' egitasmoa garatzeko, eta Donostian ofizialki aurkeztu da prentsaurreko baten bitartez; ekitaldi horretan, gainera, 'Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian' zikloa ere azaldu da, eta, ziklo horren barruan, Euskal Herrian lehen aldiz, 'Elai-ALai' (1938) dokumentala ikusteko aukera izango da Donostiako Giza Eskubideen X. Zinemaldian. Dokumental hori Euskadiko Filmategiak berriki berreskuratu du, Cinémathèque Française filmotekan gordeta zegoen negatibo baten kopia egin ostean. Kulturako sailburuorde eta Fundación 2012 Fundazioaren Patronatuko kide Antonio Rivera jauna, Donostia Kulturako zinema-arloaren arduradun Josemi Beltrán jauna eta Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernández jauna egon dira estreinaldiaren aurkezpenaren buruan.

Ekitaldiak aukera eman du, halaber, '2012 Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtean' Gipuzkoako hiriburuan zenbait kultura-jarduera programatuko direla iragartzeko, eta hasteko, maiatzaren 15etik uztailaren 12ra bitarte Donostiako San Telmo Museoan 'Gerra eta bakea: zuzeneko begiradak' argazki-erakusketa ikusgai egongo dela berretsi da. Erakusketa hori osatzeko, nazioartean ospe handia lortu duten 33 argazki-kazetarik bina argazki hautatu dituzte beren irudi-album oparoetatik, hain zuzen ere beren ustez Gerraren eta Bakearen elkarren aurkako kontzeptuak ondoen irudikatzen dituztenak. Hortaz, guztira 66 argazki bildu ditu erakusketak.

'Zinema eta Gerra Zibila Euskadin' kultura-ekimenaz gain, 2012 Euskadi fundazioak zenbait kultura-jarduera programatu ditu Eibarren, aurten Euskal Herriko zenbait herri bonbardatu zituztenetik 75 urteurrena betetzen dela oroitarazteko:

'1937: gogoaren bidezidorretatik' ikuskizuna, KUKAI dantza-konpainiaren eskutik (maiatzaren 11n, 20:30ean, Coliseo antzokian); 'Gernikako eta Eibarko bonbardaketen 75. urteurrenaren oroitzapena egiteko kontzertua' (apirilaren 28an, 19:00etan, Coliseo antzokian); 'Itxaropena' oroitzapenezko multimedia ikuskizuna (apirilaren 17an 2 emanaldi, 22:30ean eta 23:30ean. Eibarko Udalean, Untzaga Plazan); eta Jesús Gutierrez eibartar historialariaren 'El frente de guerra en Eibar' lanaren aurkezpena (apirilaren 25ean, Portalea Kultur Etxean).

"Horrelako ekitaldiak antolatuta", Kulturako sailburuorde Antonio Riverak adierazi duenez, "ekimen horren asmoa da Gernikako eta Euskadiko beste herri batzuetako bonbardaketaren 75. urteurren samina nahiz egungo testuinguru itxaropentsua aprobetxatzea, urte honetan zehar euskal hiritarren artean eztabaida bultzatzeko, gatazkak konpontzeko bide gisa indarkeria baztertzearren. Hortaz, helburua da kontzientziak bultzatzea eta kultura sustatzea errealitatea eraldatzeko tresna gisa, eta premisa horiei jarraituta garatuko dira helburu erkideekin bateratutako Euskadi 2012 ekimenaren programazio heterogeneoa osatzen duten hogeita hamar bat kultura-ekitaldiak"

'Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian' proiektuaren barruan, alde batetik, Euskadiko Filmategiak zinema-ziklo bat prestatu du 2012 Euskadi ekimenak eskatuta, eta, bestetik, Nosferatu 8' bilduma-moldeko liburua argitaratu da, honako hauen finantzaketarekin: Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Donostiako Udala (Giza Eskubideak) eta Fundación 2012 Fundazioa bera.

Zinema-zikloa EAEko hiru hiriburutan emango da irailean, urrian eta azaroan eta Gerra Zibila Euskal Herrian gaiarekin loturik, 1936. urtetik gaur arte egindako filmak bilduko ditu 10 programatan. Aurrerapen moduan, eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrenarekin batera, bihar, apirilak 26, ostegunarekin, 4 filmeko lehen programa eskainiko da Donostiako Giza Eskubideen X. Zinemaldian. 2012 Euskadi ekimenaren aginduz Euskadiko Filmategian prestaturiko lehen programa horrek Eusko Jaurlaritzaren zinematografia-propagandarako zerbitzuak Espainiako Gerra Zibilaren garaian egin zuen film-bilduma historikoa biltzen du.

Hona hemen bilduma horren tituluak:

-Entierro del Benemérito sacerdote José María de Corta y Uribarren.

-Semana Santa en Bilbao.

-Gernika.

-Elai Alai (Euskal Herrian ikusi gabeko kopia, Euskadiko Filmategiak berriki berreskuratutakoa, Cinémathèque Française elkartean lagatako negatiboaren kopia atera ondoren).

Lehen programa horren proiekzioa honako leku eta data hauetan egingo da:

Donostia: apirilaren 26an, Giza Eskubideen X. Zinemaldian.

Eibar: maiatzaren 3an, 20:30ean, Coliseo antzokian.

Gernika-Lumo: maiatzaren 11n, 20:30ean, Liceo antzokian.

'Nosferatu 8' bilduma-moldeko liburuak, bestalde, 'Zinema eta Gerra Euskal Herrian' gaia jorratuko du, eta UPV/EHUko katedradun Santiago de Pablok eta Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernándezek koordinatuko dute. Nosferatu argitalpena, Euskal Herrian editatutako zinema-aldizkari garrantzitsuena, 1989an sortutakoa eta 56 aldiz argitaratutakoa 2008. urtean liburu-formatura igaro baino lehen, izan zuen aurrekari. 'Nosferatu 8' bilduma-moldeko liburuaren finantzaketa batera egin dute Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak, Donostiako Udalak (Giza Eskubideak) eta Fundación 2012 Fundazioak berak.

Kulturako sailburuorde Antonio Riverak adierazi duenez, "zinemak errealitate belikoei aurre egin behar izan dienean, zinemaren propaganda-eginkizuna indartu egin da, eta bakealdiak, aldiz, oroimenezko jardun zinematografiko garrantzitsuak burutzeko baliagarriak izan dira sarritan. Gaur, zorionez, fase horretan gaude, zinema gure azkenaldiko historia ezagutzeko dokumentu gisa erabiltzeko fasean, 'Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtean' programatutako jardueren barruan. Proposamenez eta jarduerez beteriko urtea, betiere iraganeko izuaz oroitzeko eta etorkizuneko elkarbizitzaren alde oihu egiteko asmoarekin".

Donostia Kulturako zinema-arloko arduradun Josemi Beltránek adierazi duenez, "oso pozik nago gure urteko jardueretan, bai Giza Eskubideen Zinemaldian, bai gure Nosferatu ziklo eta argitalpenetan, horrelako gai bat bildu dugulako, uste baitugu Filmategiak interes handiz jorratuko duela eta ziur gaudelako Donostiako publikoak oso harrera ona egingo diola". Bestalde, azkenik esan duenez, "gure esperientzia eta laguntza ere jarriko dugu proiektuak Euskadi osoan ahalik eta oihartzun handiena izan dezan".

Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernándezek Elai Alai dokumentalaren balio historikoa nabarmendu du, "Euskal Herrian ikusi gabeko kopia delako, Euskadiko Filmategiak berriki berreskuratutakoa Cinémathèque Française elkartean lagatako negatiboaren kopia atera ondoren". Gainera, adierazi duenez, "'Nosferatu 8' bilduma-moldeko liburuaren baterako finantzaketa erakundeen arteko lankidetzaren eredua da, indarrak biltze aldera horrelako sinergiak bilatzea guztiz ezinbestekoa den garai honetan".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)