
Hedabideen, eduki digitalen eta sare sozialen kontsumoa eta konfiantza
Eduki digitalen kontsumoa sendotu egin da Euskadin
Euskadin, egunero, hamar pertsonatik zortzik sare sozialak erabiltzen dituzte. Lehen aldia da sare sozialen eguneroko kontsumoa telebistakoa baino handiagoa dela, baina egia da WhatsApp bat-bateko mezularitzako aplikazioa sare sozialtzat ere hartu dela –horren erakusgarri da gero eta ohikoagoa dela influencerrek, komunikabideek, enpresek eta erakundeek erabiltzen dituzten kanalak–. Telebistaren kasuan, eguneroko kontsumoa hamar pertsonatik zazpitan kokatzen da. Ondoren, irratia, prentsa digitala, streaming plataformak, paperezko prentsa eta podcastak daude.
Europako beste lurralde batzuekin alderatuta, sare sozialen erabilera oso hedatuta dago EAEko biztanleen artean eta, neurri txikiagoan, baita irratiaren kontsumoa ere. Nolanahi ere, hedabideen kontsumoan, belaunaldien arteko aldeak nabarmenak dira: 65 urtetik gorako pertsonek telebista, irratia eta paperezko prentsa gehiago kontsumitzeko joera dute. Belaunaldi gazteenek, aldiz, prentsa digitala, sare sozialak, streaming plataformak eta podcastak nahiago dituzte.
EAEn, WhatsApp da aplikazio nagusia; gaur egun, herritarren % 94k erabiltzen du. Duela bi urte, ehuneko hori % 83 zen. 65 urtetik gorakoen artean ere, hamarretik bederatzik (% 89) maiz erabiltzen dute. Euskadin, ospe handiena duten beste sare sozialak honako hauek dira: Instagram, YouTube, Facebook, TikTok eta Twitter/X. Edozelan ere, sare sozialen gaineko ohiturak eta joerak aldatu egiten dira populazio-segmentuen arabera.
Adina da desberdintasuna markatzen duen elementuetako bat: 15-29 urte bitarteko lau gaztetik hiruk Instagram erabiltzen du askotan. 30-45 urtekoen artean, proportzio hori % 55ekoa da, eta 45-64 urtekoen artean, hirutik batek erabiltzen du Instagram maiztasunez. YouTube-ren kasuan, 18-29 urte eta atzerritar jatorriko biztanleen artean ohiko kontsumoa hedatuago dago, baita eskuineko pertsonen artean ere. Bestaldetik, biztanleria atzerritarra da Facebook gehien erabiltzen duen kolektiboetako bat, eta, adinari dagokionez, ohiko erabilera 30-45 urteko belaunaldietara mugatzen da. Izan ere, Euskadin, azken bi urteetan, sare sozial nagusien artean, Facebook da erabileran behera egin duen bakarra. 30 urtetik beherakoen artean Facebook maiz erabiltzeko ohitura murritza da (% 20) eta, horren ordez, TikTok bezalako sare soziala lehenesten dute: 18 eta 29 urte bitarteko hamar gaztetik lauk askotan erabiltzen dute TikTok. Proportzio hori antzekoa da atzerritar jatorriko biztanleen artean ere.
Azkenik, gaur egun, EAEko herritarren % 9k bakarrik erabiltzen du Twitter/X sarritan, eta kopuru hori ez da aldatu azken bi urteetan. Erabiltzaileen proportzioa garrantzitsua da, bai 30 urtetik beherako gazteen artean, bai ideologikoki beren burua zentrokotzat jotzen ez dutenen artean, nahiz eta eskuindartzat autodefinitzen direnen artean Twitter/X erabilera are indartsuagoa izan. Sare sozialen erabileran ere alde nabarmenak daude generoari dagokionez; emakumeek joera handiagoa dute Instagram, Facebook eta TikTok erabiltzeko gizonek baino. Aitzitik, gizonek gehiago erabiltzen dute YouTube eta Twitter/X.
Lau herritarretatik hiruk uste dute sare sozialek ez dutela jendearen iritzia ordezkatzen
Lagunekin edo ezagunekin harremanak izatea da Euskadiko pertsonen helburu nagusia sare sozialak erabiltzerakoan (% 46); ondoren, entretenimendua bilatzea (% 30) eta gaurkotasuneko gaiei buruzko informazioa jasotzea (% 18). EAEko herritarren % 29k onartzen du sare sozialetan influencer-en bat jarraitzen duela, eta horiek nabarmentzen dira modari, bizitza estiloei (elikadura eta autolaguntza), gaurkotasuneko gai politikoei, kirolari, gastronomiari eta finantzei buruzko edukia jartzeagatik. Dena den, influencer horietako asko askotariko gaiei buruzko edukiengatik nabarmentzen dira. Edonola ere, azterlan honetako datuek agerian uzten dute euskal herritarrentzat erreferentziazko influencer ugari daudela, eta badirudi horien artean euskarak presentzia txikia duela.
Bestalde, sare sozialak erabiltzen dituzten hamar pertsonatik ia seik (% 58) uste dute sare sozialek gai politikoekiko interesa piztu dezaketela. Hala ere, sare sozialak beren iritzi politikoa emateko leiho gisa ikusten dituztenen proportzioa % 38raino jaisten da. Bi kasuetan, ehuneko horiek Europako batez bestekoaren oso azpitik daude eta horrek agerian uzten du Euskadin, gai politikoei dagokienez, sare sozialekiko nolabaiteko mesfidantza dagoela. Euskal herritarren % 72k uste du sare sozialetan esaten dena ez dela jendeak pentsatzen duenaren adierazgarri.
Telebistak gaurkotasunari buruzko informazioa lortzeko kanal nagusia izaten jarraitzen du
Gaurkotasuneko albisteak asko edo nahikoa interesatzen zaizkie Euskadin bizi diren lau pertsonatik hiruri (% 77), 2023an baino hiru puntu gehiago. Herritarren % 55ek telebista erabiltzen du egunero informazioa jasotzeko; beraz, telebista da oraindik ere herritarrentzako informazio-kanal nagusia. Irratia eta egunkari digitalak beherago daude, eta, eguneroko kontsumoan, are ezarpen txikiagoa dute sare sozialek, albiste-agregatzaileek (Google News, etab.) edo paperezko egunkariek.
Komunikabideekiko konfiantza, oro har, 5,7 puntukoa da 0tik 10erako eskalan. Horrek esan nahi du konfiantza 0,4 puntu igo dela 2023. urtearekin alderatuta. Beren burua ideologikoki eskuinekotzat duten pertsonek, ordea, gainerakoek baino konfiantza handiagoa dute komunikabideetan (6,2). Ondoen baloratutako kanalen artean irratia (10etik 6,3), paperezko prentsa (5,8), telebista (5,5) eta prentsa digitala (5,2) daude. Aitzitik, WhatsApp bidez edo beste mezularitza-zerbitzu batzuen bidez (4,0), albiste-agregatzaileen bidez (3,9), eta, oro har, sare sozialen bidez jasotako informazioak (3,7), ez du gehiegizko konfiantzarik sortzen herritarren artean. Azken hamarkadan, sare sozialekiko mesfidantza areagotu egin da; izan ere, 2014an 4,6 puntuko konfiantza-maila sortzen zuten euskal herritarren artean.
Hamar pertsonatik zortzik uste dute Euskadiko komunikabideek informazio fidagarria ematen dutela. Ehuneko horrek Europako batez bestekoa (% 59) aise gainditzen du. Hala ere, murritzagoa da ikuspuntu eta iritzi aniztasuna eskaintzen dutela uste dutenen kopurua (% 71), baita komunikabideek presio politiko edo komertzialik gabeko informazioa ematen dutela uste dutenena ere (% 50). Nolanahi ere, EAEko biztanleek uste dute beren komunikabideak Europakoak baino fidagarriagoak direla, Europako iparraldeko herrialdeen eta Herbehereen kasuan izan ezik.
Irratiak eta paperezko prentsak sinesgarritasun handiagoa dute, eta adierazpen askatasunari buruzko eztabaidan, gehienek begi onez ikusten dute fake news-ak kontrolatzea
Euskadiko biztanleen % 73k uste du informazio faltsuaren argitalpena kontrolatu behar dela, nahiz eta hori adierazpen-askatasunerako kaltegarria izan daitekeen. Euskal herritarrek uste dute sare sozialetan dabilela informazio faltsu edo fake news gehien. Zehazki, hiru pertsonatik bik uste dute sare sozialetan informazio faltsu asko mugitzen dela, eta % 23k uste du pixka bat edo gutxi dagoela. Ostera, irratia eta, neurri txikiagoan, paperezko prentsa dira konfiantzarik handiena sortzen duten hedabideak.
Azkenik, azpimarratu behar da, aurrez aurre informazio faltsua izateko arriskuaren aurrean, Euskadin bizi den biztanleriaren % 39k aitortzen duela azken hiru hilabeteetan oso maiz edo askotan saiatu dela beste iturri batzuetatik baieztatzen albiste baten egiazkotasuna. Herritarren beste % 24k adierazi du noizean behin egin duela, eta % 30ek esaten du oso gutxitan egin duela. Biztanleriaren % 12k baino ez du adierazten azken hiruhilekoan ez dela saiatu informazioren bat egiazkoa den baieztatzen.
Ikerketa honen fitxa teknikoa zabaldu den txostenean kontsulta daiteke. Lagina 18 urtez gorako herritarrei zuzendua, EAE osorako 1.223 lagunek osatua da. Elkarrizketak telefonoz egin dira. Lagin honi dagokion lagin errorearen estimazioa ±% 2,86koa da EAE osorako, % 95,5eko konfiantza mailarako, p=q=0,5 izanik. Informazio bilketa 2025eko martxoaren 17tik 21era egin zen.
OHARRA: Txosten osoa hemen dago eskuragarri