
Nerea Melgosa: "Sofak pertsona hiltzen du, zapatilak jarri behar ditugu etengabean"
- Barakaldok Zapatilak eta Bidebarri bezalako programen aldeko apustua egin du zahartze aktiboa bultzatzeko eta nahi ez den bakardadeari aurre egiteko
• Eusko Jaurlaritzak eta Barakaldoko Udalak bilera egin dute gaur gizarte-ekintzako gaietan eta programetan egon daitezkeen sinergiak aztertzeko
Eusko Jaurlaritzaren Ongizate Saila pozik agertu da Euskadiko udalerri askotan komunitatea indartzeko estrategiarekin bat datozen hainbat programa ezarri direlako. Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak eta Mikel Antizar Gizarte Ekintzako zinegotziak bilera egin dute gaur Barakaldon, eta programa horien indarguneak eta sinergia posibleak aztertu dituzte. Besteak beste, Zapatillak edo Bidebarri udal-proiektuak eta Euskadi Lagunkoia Berria Eusko Jaurlaritzaren programaren inguruan aritu dira.
"Oso bilera interesgarria eta positiboa izan da, bi erakundeen arteko koordinazioa indartu, eskaintzen ditugun zerbitzuen diagnostikoa partekatu eta sinergiak ezarri nahi ditugulako. Adineko pertsonengan jarritako begirada-estrategia partekatzen dugu eta arreta berezia jartzen dugu ahulenei edo gizarte-isolamendurako arriskuan daudenei ematen zaizkien laguntzetan. Adinekoek hiria eraldatzeko duten boterea azpimarratu nahi dugu" adierazi du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak.
Zapatilak programa
Zahartze aktiboa eta bizitza osasungarria sustatzeko udal-programa hori 100 pertsonak osatzen dute ( % 95 emakumeak), eta astean behin edo bitan taldean geratzen dira Barakaldoko hainbat lekutan paseoak egiteko. Zapatilak programak hiru urte daramatza martxan, eta 5 talde daude Gurutzetatik, Anaien Parketik eta Done Bikendi auzotik ateratzen direnak, beti ere Hezkuntza eta Kirol titulua duen eta zahartze aktiboan espezializatutako begirale batek koordinatuta.
"Sofak hil egiten du eta zapatilak etengabe jantzi behar ditugu. Garrantzitsua da sofak ez hiltzea eta adineko pertsona guztiak eskubide osoko subjektibo aktibotzat hartzea ekintza komunitarioan. Haiek egin zuten Barakaldoko eta Euskadi osoko industria-birmoldaketa, eta orain eurak kontuan hartu behar dira haien etorkizuna sendotzeko" adierazi du Melgosa sailburuak.
Bidebarri zentroa
Autonomia Pertsonala Sustatzeko Zentroa gune aktiboa da, sozializaziorakoa eta Barakaldoko adinekoei zuzendua, bakartuta edo autonomia galtzeko arriskuan daudenei bereziki. Bidebarri duela egun gutxi jarri zen martxan eta udalerrian erroldatuta dauden 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago. Programatutako jardueren ardatza arlo funtzionalak, kognitiboak eta emozionalak lantzea da.
"Bizitza ospatu behar da, eta erakundeek ahalik eta neurri gehien hartu behar ditugu ospakizun hori ahalik eta duintasun handienarekin egin dadin, batez ere babesen esparruan. Ongizateak eta komunitateak lotuta joan behar dute, ez badugu komunitatean inbertitzen jarraitzen ongizatea paperean geratuko den zerbait izango da" adierazi du Nerea Melgosa sailburuak.