
Mugikortasun Jasangarriaren Saila aurrera doa Usurbilen geltoki berria eraikitzeko eta hiru trenbide-pasagune kentzeko lanetan
- Proiektu horri esker, hirigunearen eta trenbide-instalazioen arteko lotura hobetuko da, bai eta industrialdearekiko iragazkortasuna ere.
- ETSk “Aginagako Mozketa” egiteko lanak hasi ditu, egungo ibilbidea laburtzeko eta Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak bikoizteko
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak, Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren bitartez, urte honen amaieratik datorren urtearen hasierara bitartean jarriko du martxan Usurbilgo geltoki berria, Susana García Chueca sailburuak terminal berriaren eraikuntza obretara egindako bisitan ziurtatu duenez.
Proiektuak 9,3 milioi euroko aurrekontua du obra zibilerako, eta hiru trenbide-pasagune kentzea (horietako bi nasen artean) eta N-634 errepidearen gaineko pasabide berri bat instalatzea aurreikusten du, hirigunearen eta trenbide-instalazioen arteko lotura eta Ingemar industrialdearekiko iragazkortasuna hobetzeko.
García Chuecak, Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak eta Rafael Marcano ETSko Eraikuntza zuzendariak lagunduta, asmo handiko jarduketa dela adierazi du: “Usurbili eskaintzen diogun zerbitzua hobetuko dugu, geltoki modernoagoarekin. Segurtasuna hobetuko dugu hiru trenbide-pasagune kenduz. Geltokiaren barneko eta kanpoko irisgarritasuna hobetuko ditugu. Hirigunearen eta geltokiaren arteko lotura hobetuko dugu, eta hasi berri ditugun Aginagako mozketako lanak amaitzen ditugunean maiztasunak eta bidaia-denborak hobetuko ditugu”, esan du Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak.
Obra erritmo onean doa aurrera, aurreikusi bezala urte honen amaierarako edo datorren urtearen hasierarako zerbitzuan jartzeko asmoz. Ekainaren aurreneko egunetarako N-634 errepidearen gaineko pasabide berriaren instalazioa dago aurreikusita; uztailaren azken partean, berriz, Bilborako nasa jarriko da martxan, dagoeneko martxan dagoenaz gain.
Geltoki berria, sarbide berriak
Proiektuak, irizpide eta behar berrietara egokitutako eta hasierako egoerarekin alderatuz ekialderantz 100 metro aldatuko den “kabalgabia” erako eraikin bat planteatzen du.
Oinplano angeluzuzeneko bolumen bakarra eta 231 m2-ko azalera eraikia dituen eraikina da. Sarbide nagusia ekialdeko fatxadan dago, Usurbilgo hirigunearekin zuzenean lotzen den oinezkoen pasabidearen maila berean. Izan ere, bertatik sartzen da erabiltzaile gehien. Pasabide horrek N-634 errepideak zeharkatzen zuena ordezkatuko du, eta ia 20 metroko luzera eta 3 metroko pasagune librea izango ditu.
634 errepide nazionalean dagoen autobus-geltokiarekin lotzen diren eskaileren eta igogailuaren bidez ere iritsiko da bertara. Geltokiaren eraikinetik aurrera, oinezkoentzako pasabidea % 3,3ko malda duen arrapala izango da, eta bertan igogailua eta eskailerak egongo dira, Ingemar industrialdearen beste aldera jaisteko.
Atari nagusian txartelak saltzeko makinak eta geltoki buruaren gela egongo dira. Baliogabetzeko lerroa igarota bigarren mailako ataria egongo da, eta handik alboko bi nasetara sartu ahal izango da, bi eskailera finkoren eta bi igogailuren bidez, hurrenez hurren. Nasak 20 metro luze izango diren markesina zentralez estalita egongo dira.
Kanpoko egiturari dagokionez, bolumen trinkoa aukeratu da, atariari argi naturala emango dioten eta material erresistente, funtzional, antibandaliko eta mantentze errazez estalita egongo diren leiho handiz zulatua.
Lanak amaitzean, geltokia zuzeneko bi trenbidek eta amaieran topea duen bazterbide batek osatuko dute. Gainera, bi nasa egongo dira alboetan zirkulazioko trenbide nagusi bakoitzerako.
Aginaga
ETSk joan den astean hasi zituen Usurbilgo udalerrian “Aginagako Mozketa” izeneko proiektuaren eraikuntza-lanak. Funtsean, egungo ibilbidea laburtuko duen eta Zarautz eta Donostia arteko maiztasunak bikoiztea ahalbidetuko duen 1.329 metroko tunela egingo da trenbide bikoitzean.
Dagoeneko, Donostia aldeko tunelaren ahokaduraren sarrerako bideetako eta ahokadurako bertako zuhaitzen mozketa eta belar-sastraken garbiketa lanak datozen egunetan hasiko dira. Maiatzean, Txokoaldeko zubiko habe aurrefabrikatuak plantan fabrikatzeko prozesua hastea aurreikusita dago. Ildo horretan, ekainaren 2tik aurrera, astelehena, zubi horretako trafikoa moztu egingo da, eragindako zerbitzuak desbideratzeko eta taula eraisteko lanekin hasteko.
Trenbidearen trazadura berriak 1.500 metro inguru murriztuko du ibilbidea, eta 2 minutu murriztuko du Aia-Orioko eta Usurbilgo geltokien arteko bidaia denbora. Tunel osoan trenbidea bikoiztuta, gainera, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatu ahal izango dira. Baldintza horiekin trenbidearen zerbitzu-ahalmena handituko da, eta, beraz, gaur egun 30 minututik behin diren zirkulazioak 15 minututik behin izango dira.