Azaroak 25 kanpaina
Berriak Osasuna
qrcode

Euskadiko Osasun Itunak aurrera egiten jarraitzen du gaur adituen taldeek adostutako beste 6 ildo estrategiko aurkeztuta, aurreko bilkuran aurkeztutako 8 ildoei gehitzen zaizkienak

2025-05-14
  • Alberto Martínez Osasun sailburuak Osasunaren Mundu Eguna iragarri du Euskal Itunaren jarraipena egiteko data gisa, laugarren fasea
  • Alberto Martínez Osasun sailburua foroaren zortzigarren bileraren buru izan da gaur goizean, eta bertan onartu dira profesionalek eta pazienteek adostutako dokumentu estrategikoak, Lehen Mailako Arreta eta Arreta Komunitarioa, Osasun Mentala, Onkologia, Gaixotasun Kardiobaskularrak, Denbora-mendeko Patologiak eta Bizitzaren Amaierako Zaintza indartzeari buruzkoak
  • Lehentasunezko osasun-arloen eremua seitik bigarrena da ildo estrategiko guztiak osatzeko, Osasuneko profesionalen garapenaren eremuarekin batera
  • Ekainean aurreikusitako 24 ildo estrategikoak osatzea aurreikusten da, 6 eremutan multzokatuta: osasunaren prebentzioa eta sustapena; gaixotasunaren arreta; lehentasunezko osasun-arloak; kalitatea, berrikuntza eta jasangarritasuna; profesionalen garapena; eta gardentasuna eta herritarren parte-hartzea

Euskadiko Osasun Itunaren Osoko Mahaiak beste sei ildo estrategiko aurkeztu ditu gaur, kide guztiek izendatutako adituen lantaldeek prestatutakoak, Euskadin etorkizuneko osasunerantz aurrera egiteko. Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua Itunaren Mahaiaren zortzigarren bileraren buru izan da gaur Gasteizko Europa Jauregian, bertan, Osasunaren Mundu Eguna (apirilaren 7a) iragarri du Euskadiko Osasun Itunaren jarraipena egiteko data gisa. "Laugarren fasea, Itunaren jarraipena, Osasunaren Mundu Egunean, 2026ko apirilaren 7an hastea proposatzen dugu", adierazi du.

Gaurko bileran, sei dokumentu berri horiek aurkeztu dira. Dokumentu horiek aurreko bilkurako zortziei gehitu zaizkie, eta, orduan bezala, talde bakoitzeko dinamizatzaileek azaldu dituzte. Hona hemen sei ildo estrategiko berriak:

  • Lehen mailako arreta eta arreta komunitarioa indartzea: Arreta-eredu integral, irisgarri, proaktibo eta luzetarako bat garatzea, gobernantza parte-hartzailetik abiatuta. Hori lortzeko, honako ekintza hauek aurreikusten dira: egitura berrantolatzea, profil profesional berriak sartzea, profesionalen ratioak definitzea, osasun-zentroetako eta EAGko taldeak dimentsionatzea eta koordinatzea, profesionalen iraupena sustatzea, esku-hartze komunitarioan parte hartzea sustatzea, gaitasun diagnostiko/terapeutikoa hobetzea, administrazio-lanak erraztea eta etengabeko prestakuntza, besteak beste.
  • Osasun mentala: Asistentzia-eredua sustatzea, prebentzioa eta optimizazioa. Komunitatearen osasun integrala sustatzeko ekimenekin, politika guztietan determinatzaile sozialak eta osasuna kontuan hartuta; biztanleen bizi-ohitura osasungarriak monitorizatzea; Lehen Mailako Arretan psikologia klinikoko eta sanitarioko profesionalak sartzea, besteak beste; osasun mentaleko baliabideak optimizatzea; erabakiak hartzerakoan pazienteak, familiak eta profesionalak barne hartuko dituen gobernantza baterantz aurrera egitea; prozesu ez-patologikoaren eta Nahasmendu Mental Arruntaren prebentzioa eta arreta komunitateari hurbiltzea; eta Nahasmendu Mental Larriaren arreta dispositibo espezializatuetan, besteak beste. Baita nahasmendu mentala duten pertsonen autonomia bermatzeko, diskriminazioa eta estigma desagerrarazteko Erakunde arteko Mahaiaren bultzadarekin, edo familientzako irisgarritasuna eta laguntza errazteko ere.
  • Onkologia: Minbiziaren lanketa integrala, prebentziotik arreta eta errehabilitazioraino. Honako jarduera hauen bidez: politika publiko gardenak inplementatzea eta herritarrei osasun-emaitzei buruz kontu ematea; tratamenduak pertsonalizatzea eta optimizatzea ahalbidetuko duen emaitza terapeutikoen ebaluazio jarraitua eta diziplina anitzekoa ezartzea; azterketa klinikoen plataforma irisgarri eta zentralizatua sortzea; eta pazienteentzako Arreta Plan Indibidualizatua (API) garatzea eta eguneratzea.
  • Gaixotasun kardiobaskularrak: Gaixotasunaren karga murriztea, prebentzioa eta tratamendua hobetuta. Osasunaren sustapena eta prebentzio primarioa zein sekundarioa (bihotz-errehabilitazioa) bultzatzeko proposamenekin, bihotz-biriketako geldialdiaren arretan, iktusaren arretan, shock kardiogenikoan, bihotz-gutxiegitasunean edo balbulopatietan emaitzak hobetzea.
  • Denbora-mendeko patologiak: Asistentzia-erantzunaren optimizazioa, denborak biziraupenarekin eta desgaitasunarekin lotura zuzena duen egoeretan. Honako neurri hauen bidez: ekitatea bermatuko duen laguntza-sare bat diseinatzea, protokolo homogeneoak ezartzea, lehentasunezko patologien definizio adostua, diziplina anitzeko lantaldeak, etengabeko prestakuntza, sareko lana, emaitzen ebaluazioa eta gardentasuna, prebentzioaren, sustapenaren eta hezkuntza sanitarioaren arloko beste batzuez gain.
  • Bizitzaren amaierako zaintza: Arreta duina eta pertsona ardatz duena. Proposamenen artean, honako hauek nabarmentzen dira: bizitzako fase horretan kalitatea ebaluatzeko sistema bat baliozkotzea; diziplinarteko koordinazio-ibilbideak ezartzea, halakorik ez dagoen lekuetan, eta dauden lekuetan sustatzea; herritarrek parte hartuko duten sare komunitario bat ezartzea; inplikatutako profesionalak prestatzea; laguntzeko profil profesionalen eskuragarritasuna bermatzea; eta arlo horretan ikerketa eta berrikuntza sustatzea.

EKAINEAN AMAITZEA AURREIKUSTEN DEN PROZESUA

Diagnostikoaren eta printzipio eta balioen inguruan kide guztien artean lortutako adostasunaren ondoren, Euskadiko Osasun Itunak hirugarren faseari heldu zion otsailaren 26an, Barakaldoko BECen egindako bileran. Bilera horretan 24 lantalde espezifiko jarri ziren abian, eta 400 aditu, profesional eta paziente inguruk parte hartzen dute, Mahaiko kideek aukeratuta. Beste behin ere, Osasuneko sailburuak Itunean dauden eragileen inplikazioa eta funtsezko zeregina goraipatu ditu, bai pazienteen elkarteetako ordezkariena, bai osasun-arloko adituena: Medikuen, Erizaintzaren, Farmazeutikoen, Psikologiaren, Odontologoen, Optikoen eta Optometristen, Gizarte Langileen, Fisioterapeuten, Biologoen eta Albaitarien, Medikuen Sindikatuaren, SATSEren eta SAEren elkargo ofizialak; baita alderdi politikoak, sindikatuak, Confebask eta unibertsitateak ere (UPV/EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatea).

Azken bi hilabeteetan, talde guztiek aldi berean garatu dituzte foro horretako kide guztiek adostutako ildo estrategikoak. Foro hori iazko irailean eratu zen, Imanol Pradales lehendakariak aginduta, euskal osasuna hobetzeko, euskal osasun-zerbitzu publikoa indartzeko, ongizatean hazteko eta etorkizuna prestatzeko. Maiatzeko bi bileren ondoren (hilaren 7an eta 14an), prozesuak hilabete honetan eta ekainaren zati batean jarraituko du, eta aldi horretan gainerako ildoak osatzea aurreikusita dago, 6 epigrafe handitan bilduta, zerrenda honetan jasotzen den bezala, non urdinez azpimarratzen diren orain arte adituen taldeek adostutako ildoak.

I. OSASUNAREN PREBENTZIOA ETA SUSTAPENA

1.- One Health ikuspegia, osasuna eta klima-aldaketa: Gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna integratzea osasun-plangintzan.

2.- Osasunaren prebentzioa eta zaintza: Detekzio goiztiarra eta osasun-mehatxuei emandako erantzuna indartzea.

3.- Osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa: Osasun-arloko ekitaterik ezak murriztea, gizarte-baldintzatzaileetan oinarrituta, eta arreta berezia jarrita haurrei, nerabeei, ugalketa-osasunari, emakumeei eta kolektibo kalteberei.

4.-Lehen mailako eta komunitateko arreta indartzea: Arreta-eredu integral, irisgarri, proaktibo eta luzetarako bat garatzea, sistemaren gobernantzaren ikuspegitik.

II. GAIXOTASUNAREN ARRETA

5.-Denbora-mendeko patologiak: Asistentzia-erantzunaren optimizazioa, denborak biziraupenarekin eta desgaitasunarekin lotura zuzena duen egoeretan.

6.-Kronikotasuna: Gaixotasun kronikoen eta bizi-kalitatearen kudeaketa hobetzea.

7.-Arreta soziosanitarioa: Osasun-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioa, arreta integratua emateko.

8.-Bizitzaren amaierako zaintza: Arreta duina eta pertsona ardatz duena.

III. LEHENTASUNEZKO OSASUN-ARLOAK

9.-Onkologia: Minbiziaren lanketa integrala, prebentziotik arreta eta errehabilitazioraino.

10.-Gaixotasun kardiobaskularrak: Gaixotasunaren karga murriztea, prebentzioa eta tratamendua hobetuta.

11.-Osasun mentala: Asistentzia-eredua sustatzea, prebentzioa eta optimizazioa.

12.-Gaixotasun neurodegeneratiboak: Arreta indartzea, detekzio goiztiarra eta paziente eta familientzako laguntza.

13.-Gaixotasun arraroak eta diagnostiko genetikoa: Diagnostikoa hobetzea eta tratamendu pertsonalizatuak eskuratzea.

IV. KALITATEA, BERRIKUNTZA ETA JASANGARRITASUNA

14.-Balioa eta emaitzak osasunean: Sistema bideratzea osasun-emaitza hobeak lortzera, eraginkortasunaren eta ekitatearen ikuspegiarekin.

15.-Berrikuntza antolaketan eta asistentzia-ereduetan: Eskura dauden baliabide guztien eraginkortasuna areagotzeko gai den laguntza integrala eta integratua sustatzea.

16.-Zerbitzuen zorroa.

17.-Osasun-arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B): Besteak beste, medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak bultzatzea.

18.-Digitalizazioa Osasunean: Teknologiaren erabilera, laguntza, plangintza, kudeaketa eta ikerketa hobetzeko.

19.-Egiturak eta lankidetza-eredua.

V. OSASUN-ARLOKO PROFESIONALEN GARAPENA

20.-Osasun-arloko prestakuntza eta irakaskuntza: Ezagutza zabaltzea eta profesionalen etengabeko gaikuntza sustatzea.

21.-Pertsonen politika: Atxikipena, fidelizazioa, parte-hartzea eta lidergo profesionala osasun-sisteman.

VI. GOBERNANTZA

22.-Deliberazioa eta erabaki partekatuak hartzea: Herritarren parte-hartzea eta gardentasuna bultzatzea osasun-sistemaren kudeaketan.

23.-Lankidetza publiko/pribatua eta hitzarmen-araubidea.

24.-Pazienteen eta profesionalen hizkuntza-eskubideak.

Iruzkin bat
  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2025-05-14

    Comentario de X:
    ➡Euskadiko Osasun Itunak aurrera egiten jarraitzen du gaur adituen taldeek adostutako beste 6 ildo estrategiko aurkeztuta, aurreko bilkuran aurkeztutako 8 ildoei gehitzen zaizkienak

    📌https://t.co/Ys5KBSOgHl https://t.co/UbGgVJpCxa

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak