
Lehendakariak elkarrizketarako eta erantzunkidetasunerako deia egin du, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguaren eta industriaren erronkei aurre egiteko
- Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren eta enpresaren arteko lankidetzak duen garrantzia azpimarratu du, eta ‘Euskadiko Industria Plana’ abian jarriko dela aurreratu du, egungo eta etorkizuneko industria-sarea indartzeko.
- “Jaurlaritzaren lana horixe da, hain zuzen ere: gaurko erronkei erantzutea eta etorkizunean iritsi daitekeenetara Herria prestatzea”, azpimarratu du Imanol Pradalesek
Lehendakariak gaur eguerdian itxi du Bizkaiko Enpresarien Konfederazioak (CEBEK) antolatutako jardunaldia. Bertan, lehendakari eta zuzendaritza-batzorde berriak hautatu dira, Carolina Pérez Toledo buru zuen aurreko zuzendaritza ordezteko. Imanol Pradalesek Guillermo Buces —Biolid Industrias Gráficas enpresako CEOa eta Bizkaiko Arte Grafikoen Elkarteko presidentea— zoriondu du, CEBEKeko lehendakari berri aukeratu dutelako.
Bere hitzaldian, Lehendakariak lan-harremanen esparruan elkarrizketarako eta akordiorako deia egin du. "Arazoak eta erronkak elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioen bidez baino ez dira gainditzen, proiektu komun baten esparruan. Guztiaz eta guztiekin hitz egiteko gai izan behar dugu. Lan-baldintzei, kontziliazioari edo lan-osasunari buruz hitz egiteaz ari naiz, baita gure gazteen soldatei eta karrera profesionalari buruz ere. Gure gizartearen orainaren eta etorkizunaren inguruan arduratzen gaituen gai bati buruz hitz egin behar dugu: Nola zaintzen ari gara gure harrobia?", azpimarratu du Imanol Pradalesek.
“Halaber, hainbat gai konplexuri buruz mugarik gabe hitz egiteari eta haiek aztertzeari buruz ari naiz, hala nola produktibitatea eta lehiakortasuna hobetzea, lanaldia, LGS edo absentismoa murriztea, negoziazio kolektiboaren eta elkarrizketa sozialaren mahaietan. "Izan ere, zein mezu igortzen diote gizarteari gai konplexuen aldebakartasunaren eta sinplifikazio populistaren alde egiten dutenek?, edo mahaian negoziatzeko lehen urrats gisa greba eta konfrontazioa sustatzen dutenek?", galdetu du Lehendakariak. Hala, beste batzuetan bezala, orain ere berretsi du beharrezkoa dela "guztiok sofak ematen duen erosotasunetik altxatzea eta pauso bat aurrera ematea", hainbat eztabaidari erantzuteko, hala nola "lan-merkatuan genero-berdintasunaren ikuspegitik gertatzen diren arrakalei eta dualtasunei buruz hitz egitea, eremu publikoaren eta pribatuaren artean, edo hitzarmen kolektibo baten babesa dutenen edo ez dutenen artean".
Garai berri bat
Imanol Pradalesek egungo testuinguru geopolitikoaren konplexutasuna azpimarratu du —"garai berri baten sorrera", esan du—, eta Eusko Jaurlaritzak enpresa-sarearekin duen konpromisoa berretsi du: "CEBEKek beti izango du Eusko Jaurlaritza bidelagun. Hori delako defendatzen dugun bidea: lankidetza. Talde-lana ezinbestekoa da arrakasta lortzeko. Herri gisa eta ongizatearen arloan hazteko".
Testuinguru horretan, Lehendakariak iragarri du "Euskadiko Industria Plana" jarriko dela martxan, eta datozen asteetan aurkeztuko dela. Egungo industria-sarea indartzeko eta etorriko denari aurrea hartzeko bidea markatuko duen ibilbide-orria. “Jaurlaritzaren lana horixe da, hain zuzen ere: gaurko erronkei erantzutea eta etorkizunean iritsi daitekeenetara Herria prestatzea”, adierazi du. Plan honek bat egiten du 2025ean Eusko Jaurlaritzak industriari laguntzeko bultzatutako lankidetza publiko-pribatuko beste tresna batzuekin, hala nola Defentsa Industrialeko Taldearekin eta Euskal Finantza Aliantzarekin.
Pradalesek erronka globalen aurrean erantzukizun partekatua izatea eskatu du: "Erronka izugarriei aurre egin behar diegu, eta tranpa egingo genuke erantzukizuna ondokoak bakarrik duela pentsatzen badugu". Horren ildotik, "aukera bakarra geratzen zaigu: ekaitz global honetan norabide zuzena hartuz eta egonkortasunez nabigatzen asmatzea", eta nazioarteko agertoki berrian Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasuna funtsezkoa izango dela azpimarratu du.
Hitzaldian, halaber, Pradalesek zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-ekosistema garatzeak duen garrantzia aipatu du, baita talentua erakartzeko politikak sustatzearen, etxebizitza bat eskuratzea erraztearen eta gazteek beren bizi-proiektua Euskal Autonomia Erkidegoan garatu ahal izateko aukerak sortzearen garrantzia ere.
Horregatik guztiagatik, Lehendakariak konpromiso aktibo eta kolektiboa izateko deia egin dio gizarte osoari: "Arazoak eta erronkak elkarrizketaren, negoziazioaren eta akordioen bidez baino ez dira gainditzen, proiektu komun baten esparruan. Guztiaz eta guztiekin hitz egiteko gai izan behar dugu: lan-baldintzak, talentua, lan-osasuna eta gure gazteen soldatak".