
Azken bi urteotan % 17 igo da aste honetan HABEk euskara maila egiaztatzeko egin dituen azterketetan izena emandakoen kopurua (Gobernu Bilera 2025-05-13)
- Maiatzaren 8an, 9an eta 10ean 17.712 pertsona bildu dira Durangoko Landako Gunean, Irungo Ficoban eta Gasteizko Buesa Arenan eta EUNEIZen beren euskara maila egiaztatzeko (B1, B2, C1, C2)
- Eusko Jaurlaritzak azken 5 urteetan ikaskuntzan doakotasunerantz aurrera egiteko duen politikari esker, 42.300 pertsonak eskatu dute dirulaguntza, eta ikasturte honetan soilik % 20 igo da oinarrizko mailan matrikulatutako ikasleen kopurua (A1)
Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua komunikabideen aurrean agertu da Gobernu Kontseiluaren bileraren ostean. Prentsaurrekoan jakitera eman duenez, 17.712 pertsonak eman dute izena euskara-mailaren bat egiaztatzeko azterketetan, iaz baino % 6,14 gehiagok eta duela bi urte baino % 17,3 gehiagok.
Datu horiek, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako doakotasun politikak eragindako matrikulazioen hazkundeari gehituta ( % 20 ikasturte honetan, A1 mailan eta %73 azken 3 urtetan 16-18 urtekoen artean C1ean), "gizarteak euskaran duen interesa islatzen dute", adierazi du lehendakariordeak. “Bide honetatik jarraitu nahi dugu; euskara aukerak biderkatzeko gai den hizkuntza da. Pertsona berriekin, errealitate berriekin, kulturarekin eta lan-aukerekin konektatzeko aukerak. Hizkuntzaren ezagutza ezinbestekoa da hizkuntzaren erabilera sozialerako bilatzen dugun jauzi kualitatiboa emateko. Pausoz pauso, uste dugu hau dela bidea.”, esan du Bengoetxea Lehendakariordeak.
HABEKO AZTERKETAK: MAIATZAREN 8, 9 ETA 10EAN
Hilaren 8, 9 eta 10ean Durangoko Landako Gunean, Irungo Ficoban eta Gasteizko Buesa Arenan eta Euneizen euskara egiaztatzeko azterketak egin dira euskaltegietako ikasleentzat eta deialdi irekira aurkeztu direnentzat. Azterketa horietan 17.712 pertsonak eman dute izena, iaz baino % 6,14 gehiagok eta duela bi urte baino % 17,3 gehiagok.
Iazko datuekin alderatuta, gora egin du 1.000 lagun baino zertxobait gehiago. 500 lagun euskaltegietako ikasleen deialdian, eta 500 inguru deialdi irekian (ordenagailu bidezko HOBE deialdia kontuan izanda). Nabarmentzekoa da C1 mailan izan den igoera: %8,11 guztira. B2n ere igoera egon da (%6,69), batez ere Bizkaian: 100 bat lagun gehiagok eman dute izena deialdi bakoitzean. Eta maila gorenean (C2 mailan) izan den gorakada ere deigarria da. Euskaltegira joan direnen artean %21 egin du gora izen emateak, baina Bizkaian igoera hori %60koa izan da.
Deialdi horien ahozko adierazpenaren probak ekainaren azken astean eta uztailaren lehenengoan egingo dira, eta behin betiko emaitzak uztailaren 18an argitaratuko dira.
Azterketa-aldi honetako berrikuntzetako bat izan da aurreko urte osoan zehar (bi azterketa-aldi) probaren bat gainditu dutenen nota gorde duela HABEk. Lehen, azterketaldi bakarrean baino ez zen gordetzen nota.
DOAKOTASUN POLITIKA
Lehendakariordeak Eusko Jaurlaritzak euskara ikasteko bultzatutako laguntza-ildoei lotutako datu batzuen berri ere eman du. Lau laguntza-lerro daude "euskara ikasi nahi duenari bidea errazteko": "18,7 milioi euro bideratu ditugu azken bost urteetan euskararen doakotasunera, eta epe horretan 42.300 pertsonak eskatu dute hizkuntza ikasteko laguntza".
Ikasturte honetan arreta berezia jarri dugu A1 mailako ikasleengan, maila oinarrizkoenean (hizkuntzarekiko lehen harremana)", azaldu du Bengoetxea lehendakariordeak. "Euskaraz ez dakitenak erakarri nahi ditugu, eta Eusko Jaurlaritzaren apustu horri esker % 20 gehitu ditugu oinarrizko maila horretako matrikulazioak". Bestalde, aurreko ikasturtean 16-18 urteko ikasleen komunikagaitasunean jarri zen indarra C1 mailan: “Laguntza lerro hau jarri aurretik genituen datuekin alderatuta, %73ko ikasle kopuru igoera izan dugu”.
LAU LAGUNTZA LERRO
- LEHEN LERROA, maila egiaztatu edo gainditu ondoren ikasleei ematen zaien dirulaguntza da. Ikasleak hasieran matrikula osoa ordaintzen du, eta ikastaroa edo ikastaroak bukatuta, maila gainditu edo egiaztatu badu, ordaindutakoa bueltatzen zaio, baldintza batzuk betez gero. Dirulaguntza lerro honen bidez azken bost urtetan ia 28.300 ikasle diruz-lagundu dira.
- BIGARREN LAGUNTZA-LERROA: Ikastaroa hasi aurreko matrikularen doakotasuna sustatu nahi da. C1 ikastaroa egin nahi duten 16 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Gobernuaren lehentasunetako bat da ikasleek komunikazio-gaitasun ona lortzea unibertsitatera sartzerakoan edo goi-mailako zikloak egiten hasterakoan.
Kasu horretan, ikasleak gutxiago ordaintzen du ikasturtearen hasieran; zehazki, 0,20 euro irakastordu bakoitzeko. Adibidea: Matrikula arruntaren prezioa 310 euro ingurukoa bada (normalean 2,60 €/ irakastorduko), ikasleak % 8 baino gutxiago ordainduko du. Hau da, 24 euro. Aldea HABEk ordaintzen dio euskaltegiari, eta ikasleak zati hori ordaintzetik salbuetsita geratzen dira.
Oso harrera ona izan du programa honek. 2024-2025 ikasturtea bigarrena da martxan jarri zenetik, eta ikasleen kopurua igo da: 3.178tik 5.500era.
- HIRUGARREN DIRULAGUNTZA LERROA ikasturte berri honetan, 2024-2025ean, urrian, abian jarri da A1eko ikastaroetan. Honen helburua da A1 mailako ikasle guztiei doakotasuna eskaintzea. Adibidea: A1 mailan matrikula egin nahi duen ikasle batek 310 euro ordaindu izan du aurreko urteetan. Laguntza honi esker, matrikula egitera doanean, ikasle horrek 72 euro ordainduko ditu, hau da, matrikularen %20-25a, HABEk bere gain hartzen duelako gainontzeko kostua (matrikula horien % 75-80). Edonola ere, ordaindutakoa berreskura dezake urte amaieran.
2023/2024 ikasturtearen hasieran A1 ikasturtean 2.588 ikasle matrikulatu ziren, eta aurtengo ikasturtean 3.060 ikaslek jaso dute dirulaguntza hori. Beraz, %20ko igoera egon da.
- LAUGARREN LERROA: Atzerritik etorritakoei euskarara hurbiltzeko harrera-ikastaroak dira, AISA ikastaroak. 2023-24an, 3.407 atzerritarrek egin zuten euskara helduen euskalduntze-sisteman. Ikasturte berri honetan, ikasle kopurua % 10 igo da.