Berriak Herrizaingoa
Eu

Larunbateko manifestazioko argiketa fiskal nagusiari igortzeko agindu du Aresek, Ertzaintzaren aurkako irainak oihukatu baitziren

2012.eko apirilak 24

''Ez dut gure poliziaren aurkako irainik edota gezurrik onartuko, kidegoaren izen ona zikintzeko kanpaina onartezin bateko biktima baita Ertzaintza, liskartiei indarra ematen diena''

Joan den larunbatean Bilbon egin zen manifestazioko argiketa hari igortzeko erabaki duela jakinarazi dio Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek Juan Calparsoro EAEko fiskal nagusiari atzo, telefono bidez izan zuten hizketaldian, manifestazioan oihukatu zituzten Ertzaintzaren aurkako irainak delitu izan daitezkeelako. Herrizaingo Sailak erabaki du, halaber, Herritarren Babesari buruzko Legea agerraldiko deitzaileei aplikatzeko espedientea irekiko duela. ''Ez dut onartuko gure poliziari hiltzaile izatea leporatzea, gure agenteek esfortzu eta sakrifizio handiz egiten baitute lan euskal herritarren segurtasuna eta askatasunak bermatzeko'' azaldu du Aresek.

Rodolfo Aresek "haserrea" agertu du "batzuek Ertzaintzaren izen ona zikintzeko antolatutako kanpainagatik"; joan den larunbatean Bilbon egindako manifestazioan kanpaina hori agertzeko modua "erabat onartezina" izan zen sailburuaren iritziz, Ertzaintzaren aurkako irainak oihukatu baitzituzten.

"Ez dut onartuko inork Ertzaintzaren edota bertako profesionalen izen ona zalantzan jartzea. Ez dut onartuko gure poliziari hiltzaile izatea leporatzea, gure agenteek hogeita hamar urtez erakutsi baitute profesionalak direla, esfortzu eta sakrifizio handiz egin baitute lan euskal gizartearen segurtasuna eta askatasuna bermatzeko" azaldu du Aresek; sailburuak gaineratu duenez, "horrelako irainak bereziki laidogarriak dira terrorismoaren aurka lanean bizia galdu duten agenteentzat".

Iñigo Cabacasen heriotza deitoratu, eta gertatutakoa erabat argitzeko baliabide guztiak eskuragarri jartzeko hartutako konpromisoa berretsi du Aresek; bidenabar, sailburuak salatu du "gertatutako tragedia haien interesetarako baliatu dutela batzuek, Ertzaintza epaiketa publiko batean jartzeko, defendatzeko eskubiderik gabe, eta dagoeneko epaia eman dutela, argi dagoenez arrazoi politikoak tartean direla.  Delitugile ankerrenak ere errugabetasun presuntziorako eskubidea du, baina Ertzaintza ez existitzea gustatuko litzaieken horientzat, haien legea ezartzea debekatzeko, haientzat Ertzaintza beti erruduna da, egoera edozein dela ere".

Aresek ohartarazi du horrelako kanpaina antolatuek "bide ematen dietela ohiko elkarbizitza asaldatzeko edozein aitzakia erabili nahi duten liskartiei, ordena publikoan istiluak eta gorabeherak sortzeko". Horren haritik, sailburuak argi esan du "hain zuzen ere hamarkada luzeetan indarkeria terrorista babestu eta justifikatu dutenek orain, lotsagabeki, euskal gizartearen bake itxaropena zapuzteko polizia indarkeria planifikatua existitzen dela esatea ezin dela onartu".

Horri dagokionez, Aresek gehitu du "gizarteak une honetan itxaropena duela ez orain astakeriak esaten ari direnei esker; aitzitik, askoren lanari zor zaio, besteak beste Ertzaintzaren lanari, Ertzaintzak dedikazio eta sakrifizio handienarekin egin baitu lan helburu hori lortzeko, eta, zoritxarrez, bidean kide asko galdu ditu. Horregatik, ez dut onartuko inork Ertzaintzaren edo bertako profesionalen izen ona zalantzan jartzea" adierazi du Aresek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)