Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

La Casillarako tranbia apirilaren 25ean jarriko da martxan, goizeko 6etatik aurerra

2012.eko apirilak 24

Bilboko tranbiaren Basurto-La Casilla tartea asteazkenean, apirilaren 25ean jarriko da martxan (lehenengo tranbia 6etan abiatuko da Atxuritik, eta 6:28an La Casillatik), Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari atxikitako EuskoTren sozietate publikoak, hilaren 11tik gaur arte (apirilak 24) egindako proba-fasea amaitu ondoren.

Obra Eusko Jaurlaritzak egin du, Red Ferroviaria Vasca - Euskal Trenbide Sarea (ETS) sozietate publikoaren bidez, Bilboko Udalarekin lankidetzan. Tarteak, guztira, 700 metroko luzera du, eta bi geraleku izango ditu. Tranbia La Casillaraino luzatzeko lanak bi erakundeen artean finantzatu dituzte; % 65 Eusko Jaurlaritzak jarri du, eta gainerako % 35, Bilboko Udalak.

Tartea martxan jarritakoan, Basurtuko Ospitalearen ondoan dagoen geralekuari izena aldatuko zaio, eta aurrerantzean OSPITALEA izango da geralekuaren izena. Geraleku berriek BASURTO eta LA CASILLA izenak hartuko dituzte.

Esan bezala, bi geraleku berri izango ditu, bata Autonomia hiribidearen sarreran (BASURTO) eta bestea, La Casilla plazaren parean (LA CASILLA). Tranbia galtzadaren erditik igaroko da Montevideo eta Autonomia hiribideetan barna, eta Bilbobus autobusen plataforma eta BASURTOko geralekua baliatuko ditu.

Bilboko tranbiaren zerbitzu erregularrak, bidaiari gehien izaten diren orduetan, 10 minututik behin eskainiko du zerbitzua Atxuri eta La Casilla artean, hau da, lanegunetako puntako orduetan eta jaiegun ez diren larunbatetako arratsaldeetan. Hortik kanpo, 15 minututik behin. Gainera,ohiko zerbitzua indartzeko zerbitzu bereziak jarriko dira, Athletic-ek San Mamesen partida duenean, Bilboko Aste Nagusian eta San Tomas egunekoan, hain zuzen ere, urtean zerbitzua gehien erabiltzen den egunetako bat.

Erabilpen-datuak

2002ko abenduaren 18tik 2012ko otsailaren 29ra bitartean (azken datu estatistikoak egun horretakoak baitira), Bilboko tranbia 24 milioi pertsonak baino gehiagok erabili dute. 2011n, Bilboko tranbiak, martxan daramatzan 10 urteetako eskari pilaturik altuena izan zuen, 2.998.843 bezerorekin, eta horrek, 2010eko datuekin alderatuta, % 5,24ko hazkundea esan nahi du. 2011n, Bilboko tranbiaren hileko batez besteko erabilpena, 249.903 pertsonaren ingurukoa izan da, hau da, egunean, batez beste, 8.216 pertsona.

SAN MAMES da bidaia gehien eragiten dituen geralekua, bidaiarien % 11,46 hartzen dituelarik. Bidaiariak honela banatuta dira geralekuka 2011n:

  • San Mames: % 11,46.
  • Uribitarte: % 10,61.
  • Ribera: % 10,24.
  • Abandoibarra: % 9,63.
  • Guggenheim: % 9,06.
  • Basurto: % 8,87.
  • Abandoibarra: % 8,45.
  • Arrieta % 8,43.
  • Atxuri % 6,39.
  • Pio Baroja: % 6,11.
  • Sabino arana: % 5,49.
  • Euskalduna: % 5,25.

Bestalde, CREDITRANS da gaur egun gehien erabiltzen den txartela, bidaien % 67,21etan. Erabilera mailari dagokionean, Gizatrans /tarifa murriztua du atzetik, bidaien % 10,47rekin, eta JOANEKOA txartel arrunta, % 8,60rekin.

Tranbia ezartzeak, bai Bilbon, bai Gasteizen, hiri-integraziorako ahalegin garrantzitsu bat izateaz aparte, benetako iraultza ekarri du bidaiarien eskariari dagokionean, irisgarritasunaren aldetik berme osoa duen hiri-garraioaren alternatiba bat eskaintzen duelarik. Tranbia lurrazaleko hiri-garraiobide modernoa, eraginkorra, edukiera handikoa eta guztiz irisgarria dugu; herritar guztiei maiztasun handiko mugikortasun jasangarrirako alternatiba bat eskaintzen diena, baita mugitzeko zailtasunak dituztenei ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan