Berriak
Eu

Zadorrako urtegien egoeraren gaineko prentsa-oharra

2010.eko otsailak 01

Zadorrako urtegien gaineko Erakunde arteko Mahaia gaur goizean bildu da, Arabako SOS Deiaken egoitzan, ohikoa den gisan, prezipitazio-aldiaren bilakaera ebaluatzeko.

URA Uraren Euskal Agentziak koordinatu duen bileran, honako erakunde hauen ordezkariak egon dira: Gasteizko Udala, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzaren Meteorologia eta Larrialdiei Aurre egiteko atalak, Iberdrola eta URA bera.

Ur handien aldia, hasieratik, normaltasun osoz joan da, eta ez da egon inongo arriskurik. Jarduteko protokoloetan aldez aurretik programatutako hustuketak egin dira, eta ez da egon neurri osagarriak ezarri beharra eragin duen gertakaririk.

CHE Ebroko Konfederazio Hidrografikoarekin koordinatuta, urtarrilaren 30eko goizean hasi ziren Uribarriko urtegia Zadorra ibaira husten. Hasierako emaria segundoko 10 metro kubikokoa izan zen, eta 30eraino joan zen igotzen. Emari hori mantendu da gaur goizera arte, eta gaur 23ra murriztu da, urtegiaren bilakaera ona ikusita.

Ur-geruzaren gehienezko goraldia, Uribarrin, 31 zentimetrokoa izan da soilik.

Hurrengo egunetarako iragarpenen arabera, mendietan pilatutako elurra pitinka-pitinka urtuko da, neurrizko kopuruan, eta ez da arazorik sortuko.

Erakunde arteko mahaiak azpimarratu egin nahi du urtegien hustuketa gehien-gehienak egoera zeharo arruntetan egiten direla, ekintza programatuak izaten direla eta euriteetarako aurreikusten direla, eta ez direla ezohikoak edo larrialdiak izaten. Metereologiako iragarpen larrien kasuetan bakarrik proposa dezake mahaiak kasuan kasuko neurri osagarriak hartzea. Horrelako egoeretan, herritarrak garaiz jartzen dira jakinaren gainean, inoiz gertatu den bezala. Gertakarien segimendua zorrotza eta etengabea da.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • URA - Agencia Vasca del Agua