Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak bere ikuspegia eman du Bruselan Europako Urte Anitzeko Finantza Esparru berri handiago, inklusiboago eta XXI. mendeko erronketara egokitutako baten alde

2025-05-09

Eusko Jaurlaritzak Europako Batzordeari bidali dio, Europar Batasunerako Ordezkaritzaren bidez, bere ekarpena 2028–2034 Urte Anitzeko Finantza Esparruari buruzko kontsulta publikoari. Proposamena Ogasun eta Finantza Sailak, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak prestatu dute, Euskadik Europar Batasunean duen Ordezkaritzaren bidez, eta Europako aurrekontu handiagoa, malguagoa eta inklusiboagoa aldarrikatzen du, Europak aurre egin beharreko trantsizio ekonomiko, digital, ekologiko eta sozial handiei erantzuteko gai izango dena.

Gero eta ziurgabetasun handiagoko testuinguru geopolitikoan, Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du beharrezkoa dela Europar Batasunaren autonomia estrategikoa, industria-lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa indartzea. Horretarako, elkartasunaren, iraunkortasunaren eta berrikuntzaren balioekin bat datorren aurrekontu-politika proposatzen du.

Hauek dira Eusko Jaurlaritzaren proposamen nagusiak:

Europar Batasuneko aurrekontua handitzea EBko PNB-ren % 2ra arte, egungo eta etorkizuneko erronkei eraginkortasunez aurre egin ahal izateko.
Estatu bakoitzak funtsen plangintzan eta betearazpenean zentralizatutako plan bakarra baztertzea, eskualdeen funtsezko zeregina aitortzen duen arkitektura benetan inklusiboa proposatuz.
Europako Lurralde Lankidetza indartua bultzatzea, finantzaketa handiagoarekin, eta makroeskualde berriak sendotzea, hala nola Atlantikokoa.
Kohesio-politika berri eta deszentralizatua defendatzea, Europako funtsen kudeaketan eskualdeek duten esperientzia eta eraginkortasuna balioetsiko dituen maila anitzeko gobernantza batekin.
Euskadi bezalako eskualde industrializatuek trantsizio berde eta digitaletan duten zeregina aldarrikatzea, eta industriari eta berrikuntzari laguntzeko europar mailako tresnak aldarrikatzea.

  • Lehiakortasunerako Europako Funtsa adostea, baina Horizon Europe programaren funtsezko zutabeak ez ahultzeko eskatuz, hala nola II. zutabea, ezagutza enpresetara transferitzeko giltzarria dena.
    Funtsen kudeaketan sinplifikazio eta malgutasun handiagoa eskatzea, administrazio-karga murriztuz, batez ere ETEentzat eta mikroETE-entzat.
    Legegintza-eskumenak dituzten eskualdeek EBko gobernantza ekonomikoaren esparru berrian duten zeregina aldarrikatzea, eta Europako seihilekoaren prozesuan erabateko inplikazioa izatea beren eskumeneko gaietan.

    Eusko Jaurlaritzak Europako proiektuarekiko konpromiso sendoa berretsi du, ez bakarrik funtsen kudeatzaile eraginkor gisa, baita Europa erresilienteagoa, kohesionatuagoa eta berritzaileagoa gidatzeko bazkide estrategiko gisa ere. Europak bultzada politiko eta aurrekontu-bultzada berri bat behar du, eta Euskadi prest dago lidergo kolektibo horretan aktiboki parte hartzeko.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak