Trafiko Zuzendaritzak 2012ko lehenengo hiruhilekoaren balantze positiboa eskaini du
EAEn trafiko-istripuen ondorioz hildakoen kopuruak beherako joerari eusten dio
Euskal errepideetan hildakoen kopuruak txikitzen jarraitzen du.
Urte honetako lehenengo hiruhilekoan (martxoaren 31ra arteko datuak) 12 hildako egon dira EAEko errepideetan eta hiri-bideetan. Aurreko urteko aldi berean, 20 hildako izan ziren. Beheranzko joera hori mantendu egiten da, baita ere, apirileko datuak gehitzean; apirilaren 23ra arte 18 hildako izan dira, 2011ko data berdinean baino lau gutxiago.
Amparo López Trafiko zuzendariaren iritziz, hildakoen kopuruaren jaitsiera oso positiboa da: ?Heriotza-tasaren zifrak nahiko txikiak direla kontuan hartuta, hildakoen kopuruak txikitzen jarraitzea pozik egoteko arrazoia da. Hala ere, adi jarraitu behar dugu; hildako bakar batek ere kezkatu egiten gaitu. Beheranzko joera horrek erakusten du gure autonomia-erkidegoko gidariak bide-segurtasunean inplikatuta daudela, baina adi jarraitu behar dute eta gogoan izan behar dute abiadura-mugak errespetatu behar direla, bai eta gainerako trafiko-arauak ere, horrek biziak salba ditzakeelako".
Arau-hausteen bilakaerari dagokionez, urte honetako lehenengo hiruhilekoan, guztira, 37.832 salaketa egon dira. 2011ko aldi berean, 36.939 egon ziren, hau da, 893 gutxiago. Urteko lehenengo hiru hilabeteetan egindako salaketa guztien % 45 radar finkoaren bidez detektatutako gehiegizko abiaduragatiko salaketak dira. 2011ko hiruhileko berean, arrazoi hori dela-eta (radar finkoaren bidez detektatutako gehiegizko abiadura) egindako salaketak salaketa guztien % 39 izan ziren.
Radar finkoaren bidez detektatutako arau-hausteak. Lehenengo hiruhilekoaren arteko konparazioa 2011-2012 | ||
2011 | 2012 | |
Urtarrila-Martxoa | 14.598 | 16.965 |
2012ko lehenengo hiruhilekoaren azterketak adierazten du gehiegizko abiaduraren ondoriozkoak ez diren beste arau-hauste batzuengatik eginiko salaketek behera egin dutela. Horrela, egiaztatu da telefono mugikorretik hitz egiten gidatzeagatiko salaketak 686 izan direla; iazko aldi berean, aldiz, 907 izan ziren. Segurtasun-elementuak (kaskoa, uhala, haurrei eusteko gailuak) erabiltzeari buruzko araudia ez betetzeak 1.272 salaketa eragin ditu; 2011n, aldiz, 1.335 izan ziren.
Salaketa gutxiago alkoholagatik, eta positibo gutxiago alkoholemia-kontroletan
2012ko lehenengo hiruhilekoan, Ertzaintzak 772 salaketa egin zituen, baimendutakoa baino alkohol-tasa handiagoarekin gidatzeagatik, eta/edo psikotropikoak, estimulatzaileak edota antzeko beste substantzia batzuk hartu ostean gidatzeagatik. Aurreko urteko aldi berean, aldiz, 969 salaketa izan ziren. Egindako prebentzio-kontroletan emandako positiboen ehunekoa % 2,5ekoa izan zen EAEn. Aurreko urteko aldi berean, berriz, ehuneko hori % 2,8koa izan zen.
Gidariak istripua izan ostean egindako alkoholemia-kontroletan ere jaitsiera txiki hori nabari da. Horrela, 2012ko lehenengo hiruhilekoan, positiboen ehunekoa % 13,6koa izan zen. Aurreko urteko aldi berean, berriz, ehuneko hori % 13,9koa izan zen.