qrcode

Eusko Jaurlaritzak Gardentasunaren Legearen proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean

2025-05-14
  • Lege-proiektuak Gobernu Irekiaren kultura modu integralean bultzatu nahi du, gardentasun, integritate, kontu-emate eta herritarren parte-hartzearen printzipioetan oinarrituta
  • 4 helburu ditu: administrazioaren gardentasunean sakontzea; lankidetzazko gobernantza eta parte-hartzea bultzatzea; informazioa eskuratzeko eta kontuak emateko eskubidea bermatzea; eta arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babestea
  • Sailburuaren hitzetan, “Legeak eskura ditugun tresnak hobetzeko aukera emango digu; tresna bat gehiago izango da gardentasunean aurrera egiten eta euskal erakundeak eta Euskadiko kalitate demokratikoa sendotzen jarraitzeko"

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenak Gardentasunaren Lege-proiektua aurkeztu du gaur Eusko Legebiltzarrean, XIII. legegintzaldirako Gobernu Programan hartutako konpromisoetakoetako bati jarraiki. Sailburuaren hitzetan, "lege-proiektu sendoa da, arau-testu ona, egungo egoerari erantzuten diona eta eskura ditugun tresnak hobetzeko aukera emango diguna, gardentasunean aurrera egiten eta euskal erakundeak eta Euskadiko kalitate demokratikoa sendotzen jarraitzeko".

Ubarretxenak nabarmendu duenez, demokrazia indartzea garai honi dagokion erronka handienetako bat da; "autoritarismo eta populismo joerak gailentzen ari dira mundu osoan zehar”. "Errealitate horren aurrean, -jarraitu du- Euskadik arau-esparru berri bat behar du, joera horiei, desinformazioari eta demagogiari aurre egiteko eta kalitate demokratikoa hobetu eta demokrazia sendotzeko; hori da Gardentasunaren Lege-proiektuaren espiritua; Legea tresna bat gehiago izango da gardentasunean sakontzeko, politika publikoen kudeaketa eraginkorragoa sustatzeko, erakunde irekiagoak, hurbilagoak eta gardenagoak bultzatzeko eta administrazioaren eta herritarren arteko harremana hobetu eta konfiantza-harremanak sortzeko”.

Gobernu Irekiaren kultura sustatzeko legea

Euskadi, ez da hutsetik abiatzen, urteak daramatza gardentasunaren, parte-hartzearen eta gobernu onaren arloan urratsak egiten, eta, horri esker, euskal gizarteak bere erakundeengan duen konfiantza-maila handia da; herritarren %70 inguruk dio Eusko Jaurlaritzarengan, bere Foru Aldundiarengan edo bere Udalarengan konfiantza duela, aurtengo otsaileko soziometroaren arabera.

Gaur egun, herritarrek 6 atari dituzte informazio publikoa eskuratzeko edota eskaerak egiteko: Gardena, Irekia, euskadi.eus, Legegunea, Open Data eta kontratazio publikoko plataforma. Halaber, erakunde independenteak ere sortu dira,   hala nola, Informazioaren Barne Sistema, BIS eta Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordea, herritarren informazio eskubideak bermatzeko.

Ildo horretan, lege-proiektuak beste urrats bat egin nahi du, gardentasunaren, integritatearen, kontu-ematearen eta herritarren parte-hartzearen printzipioak oinarri hartuta Gobernu Irekiaren kultura modu integralean bultzatuz. Hortaz, urteetan zehar garatutako hainbat ekimenen eskutik, gardentasunaren kontzeptua bere osotasunean garatzea du jomuga legeak.

Gardentasunaren lege-proiektua 5 ataletan eta 85 artikulutan banatuta dago, eta 4 helburu nagusi ditu:

  • administrazioaren gardentasunean sakontzea;
  • gobernantza kolaboratiboa eta herritarren parte-hartzea bultzatzea, deliberazio- eta partaidetza-guneen bidez;
  • informazio eskubidea eta sarbidea eta gobernu-programan jasotako ekintzen eta ekimenen kontu-emate eta jarraipena erraztea;
  • eta arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babestea

Lege-proiektuak dakartzan berrikuntzak

Lege-proiektuak hainbat berrikuntza barnebiltzen ditu. Esaterako, legearen aplikazio-eremua, sektore publikotik eta haren organismoetatik haratago baitoa. Gardentasunaren arloko helburu eta printzipio orokorrak Eusko Legebiltzarrari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Arartekoari ere aplikatzen zaizkie eta publizitate aktiboko betebeharren mende daude alderdi politikoak, sindikatuak, enpresa-erakundeak eta entitate pribatuak, (100.000 eurotik gorako dirulaguntzak jasotzen badituzte funts publikoetatik edo urteko diru-sarreren %40 gutxienez laguntzak badira).

Publizitate aktiboko betebehar handiagoak ezartzen dira, eta beraz, kontu-emate alorrean aurrerapauso garrantzitsua emango da. Informazioa (gobernu programa, dirulaguntzak, plan estrategikoak, funts publikoen erabilera, datu irekiak…) aurretik aipatutako Eusko Jaurlaritzaren atarietan egongo da eskuragarri.

Era berean, lege-proiektu honek, datuak publikoak ireki eta berrerabiltzeari dagokionean, pauso bat gehiago eman nahi du, gardentasuna hobetzeko, administrazioen arteko elkarreragingarritasuna sustatzeko eta gizartean balioa sortzeko. Gauzak horrela, Euskadiko sektore publikoa osatzen duten erakundeek beharrezko ekintzak sustatu beharko dituzte beren esku dauden datu publikoak modu berrerabilgarrian eskuragarri jartzeko, pribatutasun-, segurtasun- edo jabetza-kontuak erabat errespetatuz.

Informazio publikoa eskuratzeko eskubideak lotura zuzena du herritarrek gai publikoetan parte hartzeko duten eskubidearekin.  Arrazoi horregatik, legeak parte-hartzea sustatzeko neurriak jasotzen ditu eta prozedura, kanal, erakunde-organo eta herritarrak modu aktiboan entzuteko tresnak eta bitartekoak arautzen ditu.

Halaber, berritasun gisa, herritarren partaidetzarako eta lankidetzarako erregistro publiko bat sortzea eta Euskadiko Interes Taldeen Erregistroa sortzea aurreikusten da.

Erregistro horiek helburu dute politika publikoen diseinuan eta ebaluazioan herritarren lankidetza eta inplikazioa sustatzea eta iritzi publikoan zuzenean edo zeharka eragin dezaketen interes-taldeen identifikazio publikoa erraztea eta beren jardueraren gardentasuna bermatzea ere.

Beste berritasun nagusietako bat Gardena-Gardentasunaren Euskal Agintaritza eratzea, organo independente modura, Administrazio Publikoak publizitate aktiboaren eta informazioa eskuratzeko eskubidearen arloko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzeko. Honenbestez, informazioa eskuratzea ukatzen denean edo emandako informazioarekin herritarrak ados ez daudenean, Agintaritza horren aurrean erreklamatu ahal izango dute.

Gardena Gardentasunaren Euskal Agintaritza sortzeak aukera emango du, kanpo-kanala abiatzeko, arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteko helburuarekin. Eta hortaz, martxan egongo lirateke bi kanalak, barnekoa zein kanpokoa.

Amaitzeko, legea betearazteko, zehapen-araubide bat ere ezartzen da gardentasunaren arloko arau-hausteengatik. Legeak hiru zehapen mota ezartzen ditu: arinak, larriak eta oso larriak. Arau-hausteak goi-kargudunen jardunarekin lotura duenean, isunak 200 eta 12.000 euro bitartekoak izango dira eta informazioa ematera behartuta dauden erakunde pribatuei eta zuzenbide publikoko korporazioei dagokienean, isunak 200 eurotik 400.000 eurora bitartekoak izango dira, kasurik larrienetan.

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @gobernantzaEJGV
    2025-05-14

    Comentario de X:
    🏦 El Gobierno Vasco presenta en el Parlamento la Propuesta de Ley de Transparencia.

    https://t.co/8htxeRmSRz https://t.co/slgcSrHTxh

  • Argazkia SN Robot
    @gobernantzaEJGV
    2025-05-14

    Comentario de X:
    🏦 Eusko Jaurlaritzak Gardentasunaren Legearen proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean.

    https://t.co/11uipeD2qy https://t.co/SA85oIjDxZ

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak