
Amaia Barredo: “hausnarketa beharrezkoa da Jatorri Deiturek, bereziki Arabako Errioxak, aurre egin beharreko erronkei heltzeko”
- Noemi Manzanos Errioxako Nekazaritzako kontseilariarekin eta Fernando Ezquerro Errioxa JDKren Kontseilu Arauemailearen presidentearekin batera parte hartu du ARAEX taldeak eta Kalitatearen aldeko Upategien elkarteak antolatutako Errioxa JDKri buruzko hausnarketaren eta estrategiaren 1. jardunaldian
- “Gero eta lehiakorragoa den merkatu globalean gaude, eta kontsumo-ohiturak aldatzen ari dira”
Samaniego, Araba, 2025 05 05
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, “behar-beharrezkoa da une honetan hausnarketa egitea, gaur egun Jatorri Deiturek, eta bereziki Arabako Errioxak, aurre egin beharreko erronei heltzeko, bere lekua hartu nahi duten herrialde ekoizle berriak dituen eta gero eta lehiakorragoa den merkatu global batean, kontsumo-ohiturak aldatzen ari direnean, eta berezitasuna, jasangarritasuna, benetakotasuna eta trazabilitatea gero eta gehiago eskatzen direnean”.
Amaia Barredok Samaniegon hitz egin du gaur goizean, Noemi Manzanos Errioxako Nekazaritzako kontseilariarekin eta Fernando Ezquerro JDKren Kontseilu Arauemailearen presidentearekin batera, Errioxaren merkatu nagusietan sektoreak duen egoera eta “Errioxa” marka birkokatuko duten helburuak eta estrategiak definitzeko Hausnarketaren eta Estrategiaren Lehenengo Jardunaldiari amaiera emateko ekitaldian.
“Gauza jakina da ardoaren kontsumoa atzera egiten ari dela mundu osoan, eta horregatik ari gara, beraz, hemen jarduten. Estatuan, azken hamarkadan, barneko kontsumoan % 12az ari gara, eta mahastiek eta ekoizpen-sistemak kantitatearen aldeko apustua egin ordez kalitatearen aldekoa egiten duten, Arabako Errioxan mahastien % 35ek 45 urte baino gehiago dituzten, sektorean belaunaldi-erreleboa ustiategien % 8k bakarrik ziurtatuta duten eta munduko geopolitika ezegonkorraren, merkatuak aldatzen ari diren eta segurtasunik eza eta ziurgabetasuna etengabe eragiten ari diren merkataritza-gerren testuinguruan”, gehitu du Barredok.
Goizean zehar, José Luis Benítez aritu da moderatzaile-lanetan, eta hizlariak izan dira Pedro Martínez, Javier Ruiz de Galarreta, Luis Martínez Lacuesta, Joan Torrents, Honore Comfort, David Scharzwalder, Carlos Borboa, Enrique Porta, Pablo Franco eta Gabriela Lijo.
Araex Elkarteak antolatu du Baigorri Upategian egin den topaketa, ABC-Kalitatearen aldeko Upategien Elkartearekin elkarlanean, eta Euskadiko eta Errioxako gobernuetako nekazaritzako sailen eta Errioxa JDKren Kontseilu Arauemailearen laguntzaz.
Merkatuen azterketa
Amaia Barredoren ustez, “Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren etorkizunari buruz hausnartzea ez da ardoari buruz hitz egitea edo eztabaidatzea bakarrik, horrek merkatuak, balizko agertoki berriak eta gure posizionamendua aztertzea baitakar. Beharrezkoa da gure estrategiak beste ere batera konfiguratzea, ezarrita dugun norabidea egokia den pentsatzea, gure lurraldea, lidergoa eta tokiko, Estatuko eta nazioarteko merkatuetan dugun posizionamendua aztertzea. Beharrezkoa da Europar Batasunari eta munduari kalitate handiko lurralde ekoizle bat proiektatzea, halaxe baita Deitura hau”.
Barredo sailburuak “gure gobernantza, ematen digun garapena eta ekonomia, nortasuna, jasangarritasunaren aldeko apustua eta gazteak ezagutzan eta lan-jardueran ezinbestez murgiltzea” ere aztertzea proposatu du.
“Jatorri Deiturak ematen digun tradizioak –adierazi du Amaia Barredok bere esku-hartzean– merkatuan bereizteko oso balio garrantzitsuak eskaintzen dizkigu. Eboluzioa ezinbestekoa da maila guztietan, kontsumitzaileek eskakizun, gustu edo exijentzia berriak dituzte kalitatean eta produktuan eta gizarteek kudeaketa- eta gobernantza-formula berriak behar dituzte, gero eta inplikazio eta parte-hartze handiagoa eskatzen baitute”.
Barredok gaineratu duenez, “Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sail honek argi utzi du sektore honen aldeko apustua. Garrantzitsuena urratsak eman behar direla aitortzea, diagnostiko on bat egitea eta erabakiak hartzea da”.
“Eusko Jaurlaritzan badakigu beharrezkoa dela garai berri baten eta herriari bultzada berria ematearen alde apustu egitea eta etorkizunean ongizatean hazten eta behar berrietara egokitzen lagunduko diguten neurri eta lan-ildo berriak prestatzea” esan du.
Parte-hartzea
Amaia Barredoren ustez, “Arabako Errioxa ez da paisaia bat solik, ezta ekoizpen-industria soil bat ere: herri gisa dugun proiektu kolektiboaren, gure kulturaren eta tradizioaren funtsezko zati bat da. Horregatik, gaur mezu argi bat helarazten dut, Euskadiko administrazioek lehen sektorearekin duten konpromisoarekin bat datorrena eta gure lehendakariak esan duena: ez gara kanpoan geratuko, sektorea ez dugu bakarrik utziko, eta arazoak erantzunik gabe ez pilatzen saiatuko gara. Horrek lan-ibilbide berri bat markatu behar digu. Eta hor gaude, entzutetik eta parte-hartzetik sortu diren plan eta proiektuekin”.
Eusko Jaurlaritzatik hainbat neurri aktibatu dira dagoeneko premiazkoenak diren egoerei erantzunak emateko, hala nola industria-segurtasuneko planeko 2.000 milioi euroko neurri-sorta balizko muga-zergen gerra komertzialari erantzuteko, eta honako hauek barne hartzen ditu: 533 milioi industriari laguntzeko; 450 milioi Elkargiren abaletan likidezia finantzatzeko; 32 milioi nazioarteko merkatu berriak irekitzeko, bereziki Mercosurren, Asian eta Afrikan; 1,5 milioi ekonomia sozialerako ezohiko laguntzetan, kooperatibei zuzenduta; eta krisian dauden enpresen behatokia sortzea arriskuei aurrea hartzeko eta prebentziozko erantzunak aktibatzeko.
“Industriaren defentsarako plan horretatik, Eusko Jaurlaritzako gure Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak neurri espezifikoak jarriko ditu abian, hala nola: 50 milioi Nekafin programa berriz aktibatzeko, upategien sektoreari likidezia emateko; 4,2 milioi uzta berderako, eskaintza eta eskaria orekatzeko; eta 8 milioi euskal ardoa nazioartean sustatzeko”, zehaztu du Amaia Barredok.
Era berean, arazoa epe ertain eta luzera lantzeko eta jorratzeko, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak ABIAN proiektuko, edo Arabako Errioxako eskualdeari bultzada berria emateko planeko, prozesu parte-hartzailea hasi dute. Horren helburua da herritarrek, upategiek, enpresek eta elkarteek parte hartzea erronka sozialei, ekonomikoei eta demografikoei aurre egiteko eta bide-orri partekatu bat garatzeko.
Lehentasunak
Prozesu horrek lortu nahi du herritarrek, sektore ekonomikoek –batez ere mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreak– eta erakunde publikoek parte hartzea eta iritzi zuzena ematea datozen urteetarako politikak eta jarduerak bideratuko dituzten lehentasunak, beharrak eta aukerak identifikatzeko.
Prozesuaren lehen fasean online galdetegiak egingo zaizkie hiru kolektibo handiei, hau da, herritarrei, oro har, lurraldeko zerbitzuei, bizi-kalitateari eta etorkizunari buruz duten ikuspegia jasotzeko; enpresei eta erakunde sozioekonomikoei, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen beharrak, erronkak eta proposamenak jasotzeko, eta kasu honetan galdetegia espezifikoagoa eta zehatzagoa izango da, sektoreak Arabako Errioxan duen garrantzi berezia eta gaur egungo haren egoera kontuan hartuta; eta tokiko eta eskualdeko administrazio publikoei, euren ezagutza lurraldetik bertatik eman ahal izateko.
Barredok horri gehitzen dizkio “mobilizazioen ondoren euskal administrazioen eta lehen sektorearen artean onartutako dekalogoan jasotako konpromisoak, hala nola araudia malgutzea Europako arauak zentzuz aplikatu ahal izateko, burokrazia murriztea eta inportazioei hemengo estandar berberak eskatzea, laguntzen izapideak sinplifikatzea, aurrez aurreko arreta eta arreta digital eraginkorra izatea eta, ahal denean, ordainketak aurreratzea”.
“Elikagaien kate justua garatu nahi dugu, errentagarritasuna, kontratuak eta jardunbide egokiak gainbegiratuko dituen behatoki baten laguntzaz. Beharrezkoa da nekazaritza-lurra babestea, belaunaldi berriei lurra eskuratzen laguntzea eta espekulazioa saihestea. Nekazaritzak ingurumen-jasangarritasunean eta oreka ekologikoan duen funtsezko zeregina aitortu behar da. Belaunaldi-erreleborako programak indartu nahi ditugu, eta emakumeen lidergoa sustatu, sektoreka neurri espezifikoak diseinatu, berrikuntza teknologikoa bultzatu eta gobernantza parte-hartzailea ziurtatu”, gaineratu du Amaia Barredok.
Errioxa deituraren etorkizuna gure landa-ingurunearen, gure ekonomiaren eta gure nazioarteko proiekzioaren etorkizuna ere bada. Arabako Errioxak eta deitura osoak munduan erreferentea izaten jarraitzea nahi badugu, tradizioa eta berrikuntza, sustraiak eta etorkizuna, bertako nortasuna eta anbizioa uztartu behar ditugu. Eusko Jaurlaritza prest dago”, esan du amaitzeko Barredok.
-
2025-05-05
Comentario de X:
La consejera Amaia Barredo considera necesaria una reflexión para abordar retos a los que se deben enfrentar actualmente las Denominaciones de Origen y en especial #RiojaAlavesa, frente a un mercado global cada vez más competitivo. -
2025-05-05
Comentario de X:
Amaia Barredo sailburuak beharrezkoa ikusten du hausnarketa bat egitea gaur egun jatorri-izendapenak eta, bereziki, #ArabakoErrioxa-k dituzten erronkei aurre egiteko, gero eta lehiakorragoa den merkatu globalaren aurrean.