
Mikel Jauregi "eztabaida interesatu eta partzialen aurrean, Eusko Jaurlaritzaren apustua energia berriztagarriaren aldekoa da, planetarentzat ona da eta gure industria lehiakorragoa egingo du"
- Energiaren arloan, sailburuak adierazi duenez “Estatuko sistema elektrikoak ahuleziak zituen itzalaldiaren aurretik, eta premiazkoa da horiek hobetzea eta Europarekiko interkonexioak indartzea”
- Gerra komertzialaren arloan, “Euskadi nazio esportatzailea da, eta Trumpen administrazioaren muga-zergek min egin diezaiokete gure industriari; horregatik, 500 milioi euroko laguntzak aktibatu ditugu, Industriaren Defentsarako Taldea eratu dugu edo gaur aurkeztuko dugun Deskarbonizazio Plana jarriko dugu abian. Helburua da inbertsioak dinamizatzen jarraitzea eta lehiakorragoak izatea”
Gaur goizean, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua elkarrizketatu dute Onda Vascako mikrofonoetan, eta Euskadiko gaurkotasun ekonomikoa aztertu du.
Energia, berriztagarriak eta itzalaldia
“Itzalaldia kolpe latza izan da Euskal Autonomia Erkidegoko industriarentzat, pertsonengandik hasi eta ekoizpen-prozesuetaraino. Bi lan-txanda galtzeak galera ekonomikoak eta nolabaiteko kaosa eragin die enpresei. Industriaren arloko klusterren eta enpresen eskutik ari gara lanean, zulo ekonomiko hori kuantifikatu ahal izan dadin”.
“Berriztagarrien eta nuklearraren arteko eztabaida interesatua eta partziala da. Uste dugu interesatua dela eta ez dela serioa. Itzalaldiaren arrazoiak oraindik ezagutzen ez direnean, itzalaldiari buruzko iritzi bat ematea eztabaida oker hastea da. Herritar gehienak ados daude berriztagarrien aldeko apustuarekin, eta gure proposamena da gure oinarria mix energetikoa izatea. Gure helburua Euskadin berriztagarrien hedapena areagotzea da, planetarentzat ona baita eta gure enpresen lehiakortasunari lagunduko baitio. Gure ekoizpenaren % 7 soilik sortzen da berriztagarriekin; Europaren azken posizioetan gaude eta bizkortu behar dugu, itzalaldiarekin edo itzalaldirik gabe”.
“Estatuko sistema elektrikoak zenbait ahulezia zituen, uharte energetiko bat baita Europan. Europarekin soilik lau interkonexio ditugu, eta Gatikan egiten ari denarekin bost izango dira. Ahulezia horiek hor zeuden, eta zuzendu behar dira; helburuak arlo horretan Europar Batasunarekin bat egitea izan beharko luke”.
“Gure iritziz, teknikariei denbora eman behar zaie itzalaldiaren egunean konpainia elektrikoen, banatzaileen eta sarearen datuak aztertzeko. Puzzle konplexua da eta denbora beharko da analisi hori egiteko. Uste dugu sei hilabeteko epea zentzuzkoa izan daitekeela, betiere bidean datuak ezagutzen baditugu. Jakina, halako gertaera larri baten aurrean, ezin dugu sei hilabete berririk gabe itxaron, baina eztabaidak teknikoa izan behar du”.
“Estatuak energia berriztagarrien sortzaile izateko aukera du. Abantaila egoeran dago klimari esker, eguzkia eta haizea energia-iturri agortezinak baitira, eta hori aprobetxatu beharra dago geure burua berrindustrializa dezagun eta gure industria lehiakorragoa izan dadin, energia merkeago eskuratzeari esker. Frantzian inbertsio handiak egin dira arlo nuklearrean, eta oso energia merkea dute. Gasa oso garestia da, Ameriketako Estatu Batuetan baino ia hiru aldiz garestiagoa. Hemen, teorian elektrizitatearen prezioa askoz merkeagoa izan beharko luke, eta ikusten ari gara Frantzian edo Alemanian industriari dirulaguntzak ematen zaizkiola energiaren prezio merkatzeko; hartara, herri horietan ekoiztea Estatuan ekoiztea baino merkeagoa da. Kontuan izan behar da Euskadin ez dugula ikatza erretzen energia sortzeko”.
Gerra komertziala, muga-zergak eta nazioarteko egoera
“Ameriketako Estatu Batuek abiarazitako gerra komertzialaren inguruan, Europar Batasunak egiten duen negoziazioaren zain egon behar dugu. Euskadi nazio esportatzailea da, eta muga-zergek eragin negatiboa dute gure industrian. Funtsezkoa da esportatzaile izaten jarraitzea, baina munduak jada ez du merkataritza librearen alde egiten, eta haien baitan ixten diren bloke komertzialetarako bidean gaude. Europa gehiago egitea dagokigu, eta ixten zaizkigun merkatuen aurrean, beste merkatu alternatibo batzuk bilatzea”.
“Industriaren Defentsarako Taldea otsailean sortu zen, Trumpen Administrazioak muga-zergak onar zitzakeen lehen alertekin. Industria-sektoreari entzuteko prozesua izan da, inpakturik handiena izan dezaketen sektoreak zein diren jakite aldera eta nola lagundu planteatze aldera. Industriari laguntzeko eta haren inbertsioak dinamizatzeko 500 milioi euroko plan bat aurkezten dugu, baita Emisio Txikiagoko Ibilgailuen programa bat —automobilen industria suspertu dadin— eta gaur aurkeztuko dugun Deskarbonizazio Plan garrantzitsua. Zenbait sektorerekin lanean ari gara, laguntza berriak eta laguntza-jarduerak plantea daitezen”.
“Euskal Autonomia Erkidegoko industriak defentsan inbertitu beharko luke? Euskadik ahalmen industriala eta teknologikoa ditu, Estatuaren proiekturako ez ezik, Europar Batasunaren proiekturako ere bai. Segurtasun estrategikoko proiektu batez ari gara. Errusiak Ukrainari eraso egin diola ikusi dugu, eta, itxuraz, Ameriketako Estatu Batuak ez daude Ukraina defendatzeko prest. Ezin gara hirugarrenen mende egon Europako segurtasuna bermatzeko garaian, eta Euskadik bere industria-ahalmenarekin lagun dezake horretan; zibersegurtasunaren arloan, adibidez, punta-puntakoak gara. Europako nazio bat gara eta gure apustua Europa gisa babesteko gai izatea da”.
Guardian eta Bridgestone
“Laudioko Guardian enpresarekin diskrezioz lan egiten jarraitzen dugu, inbertitzaile berriak erakartzera begira.Lantegian industria-jarduera egon dadin lortu nahi dugu, eta proiektu osagarriak lantzen ari gara. Dagoeneko bi inbertsio-proiektu ditugu, eta hirugarren bat ixten saiatzen ari gara. Industria-jarduera nahi dugu; lanpostuak sortuko dituzten etorkizuneko industria-proiektuak. Ezaugarri horiek biltzen direnean, Eusko Jaurlaritza proiektu horietan sartzeko eta horiei laguntzeko prest dago”.
“Bridgestone Basauriko enpresa-batzordea, une honetan, enplegu-erregulazioko espedientearen xehetasunak negoziatzen ari da zuzendaritzarekin. Une zail honetan, gure elkartasuna adierazi nahi diegu langile horiei eta haien familiei. Bridgestoneren etorkizuneko industria-proiektua zein izan daitekeen aztertzen ari gara, eta horretarako zenbait eragilerekin eta enpresarekin berarekin hitz egiten ari gara”.
-
2025-05-08
Esan beharra dago, halaber, zenbat ordaintzen den egunero hondakin nuklearrak kudeatzeagatik. Nire ustez, mugetatik kanpo, ahalmen nazionalik ezean, hondakinak abantaila ekonomikoak ditu. Gero, energia batek zein besteak alde onak eta txarrak dituzte, eta hondamendiren bat gertatuz gero hartu beharreko arriskua balioestekoa da, eta mantentze-lanek ere kostu bat dute.
-
2025-05-08
Hay que decir también cuánto se paga diariamente por gestionar los desechos nucleares, entiendo fuera de las fronteras a falta de capacidad nacional poder sacar ventaja economía del desecho. Luego tanto una como otra energía tienen sus pros y sus contras y es de valorar el riesgo a asumir en caso de desastre y su mantenimiento también tiene un coste.