qrcode

Nerbioi ibaiaren ahalmen hidraulikoaren handitzea amaitu da, Laudioko hirigunea ur-goraldietatik babesteko

2025-05-05
  • Ohantze harritsua zulatu eta ertzak Baias kalearen eta Bide Zaharren arteko 1338 metroko tartean luzetarako defentsekin egokitu ondoren, 100 urte arteko ur-goraldien emariak ibilguan sartuko dira 
  • Inbertsioa 4,2 milioi eurokoa izan da, eta 24 hilabeteko lanak behar izan dira
  • "Asmo handiko jarduera hau Eusko Jaurlaritzak Laudiorekin eta Aiaraldearekin duen konpromisoaren erakuslea da. Erdiguneko uholdeekiko zaurgarritasuna nabarmen murrizten dugu, herritarrak eta jarduera ekonomikoa babestuz", azpimarratu du Mikel Jauregi sailburuak.

 

URA-Uraren Euskal Agentziak Nerbioiko ahalmen hidraulikoa handitzeko lanak amaitu ditu, Laudioko hirigunea ur-goraldietatik babesteko. Ahalmen hori handitu ahal izateko, ohantze harritsua zulatu behar izan da, eta ertzak luzetarako defentsekin egokitu behar izan dira (harri-lubetak edo horma bertikalak, esaterako), Baias kalearen eta Bide Zaharren arteko 1338 metroko tartean. Jarduketa horri esker, 100 urtera arteko errepikatze-denborako ur-goraldien emariak ohiko ibilguan jasoko dira (438 m³/s).

Hala egiaztatu dute gaur Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, Josu BilbaoIngurumen sailburuordeak, Asier López Etxebarria Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak eta Ainize Gastaka Martínez alkateak, Elizalde kaleko zubiaren inguruan egin duten obraren bisitan.

Oro har, obrek ibaiaren sekzioa handitu dute, 1338 metroko tartean zehar,  ibaiaren hondoko kota, jaitsiz: metro batsakoneko inguruko indusketak eginez. Ondorioz, ibilguetan eta ertzetan egin diren indusketen bolumena 55.250 m³ ingurukoa izan da, obrako 5525 kamioiren baliokidea.

4,2 milioi euroko inbertsioa egin da eta 24 hilabeteko lanak behar izan dira. Proiektu honek Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF 2021-2027) finantzaketa du.

Mikel Jauregi sailburuak azpimarratu duenez, "gaur Laudio, herritarrak eta jarduera ekonomikoa uholdeetatik babesteko ekintza garrantzitsu bat amaitzen dugu. Gaurkoa Nerbioi ibaiaren ibilgua handitzea ekarri duen jarduketa integral baten azken urratsa da, baina baita Altzarrateko zubi zaharra ordezkatzea eta San Juan erreka berregokitzea ere. Guztira, 7,25 milioi euroko inbertsioaz ari gara, uholdeen aurkako erresistentzia nabarmen hobetzeko ".

"Asmo handiko jarduera hau Eusko Jaurlaritzak Laudiorekin eta Aiaraldearekin duen erakuslea da. Udalerriko erdiguneko uholdeen kalteberatasuna nabarmen murriztuko dugu, eta, horri esker, hiri-lurzorua erabat garatu ahal izango da eta etorkizunean garatu nahi diren hiri-berrikuntzako prozesuak erraztu ahal izango dira, etxebizitza, negozio eta aisialdirako espazio berriekin. Azken batean, posible egiten dugu Laudiok ibaiaren ibilgua arazo gisa ikusteari uztea eta hiria eraldatzeko aukera gisa ikusten hastea ", amaitu du Jauregik.

Ainize Gastaka alkateak azpimarratu egin duenez,  “Lan hauek, zalantzarik gabe, Laudiori etorkizun handia iragartzen diote, gure herria Nerbioi ibaiaren inguruan eraiki zelako, herrigunean natur txoko batez gozatzeko aukera emanez. Orain, gure aldetik, obra hauek HAPO zirriborro berrian arautzea dagokigu, Laudioko etorkizuna eta hazkundea bultzatzen jarraitzeko.

 

Uholde-arrisku potentzial nabarmeneko eremurik sentikorrenetako bat Araban 

Laudiok historikoki uholde-arazoei aurre egin behar izan die, bereziki 1983an Nerbioi ibaiaren ur-goraldietan, udalerrian kalte nabarmenak eragin baitzituzten. Uholde horiek arriskutsuak izan dira herritarrentzat eta tokiko azpiegiturentzat. Nerbioi ibaia herrigunetik igarotzen den tartearen bideratze-lanek jarraipena ematen die uholde-arrisku garrantzitsu hori arintzeko Laudion egin diren lanei:

Alde batetik, Altzarrateko zubia ordezkatu zen: hormigoi armatuzko arkuzko zubi zaharra eraitsi egin zen, eta euskarririk gabeko altzairuzko zubi bat eraiki zen ibilguan, 25 metroko argiarekin eta 18 metroko zabalerarekin. Obra horrek 1,8 milioi euroko inbertsioa behar izan zuen, eta uholdeetan gainezka egiteko arriskua murrizten lagundu zuen.

Bestetik, San Juan erreka egokitu zen, 1,25 milioi euroko inbertsioa egin ondoren: zegoen estaldura kendu zen eta Zumalakarregi etorbidearen eta Goikoplaza kalearen arteko ibilgua hobetu zen, ura husteko ahalmena handituz eta gainezka egiteko probabilitatea murriztuz. Gainera, ingurunea lehengoratu zen.

Jarduketa horiek Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planaren (UAKP) barruan daude. Plan horrek Euskal Autonomia Erkidegoko uholdeei lotutako arriskuak prebenitzeko eta murrizteko neurriak ezartzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Ainize Gastaka, Laudioko alkatea