
Euskal Lanbide Heziketak 65.710 plaza eskainiko ditu 2025-2026 ikasturtean, 160 titulazio 184 ikastetxetan
Aurrematrikula maiatzaren 5etik 23ra egongo da zabalik, eta datorren ikasturtean Lanbide Heziketako eredu berria indartuko da: prestakuntza dual gehiagorekin, modulu berriekin, graduen araberako egitura eta enplegagarritasunerako orientazio handiagoarekin.
Lanbide Heziketa gero eta erakargarriagoa da Euskadiko ikasleentzat. Laneratze tasa handiak, aldaketa teknologikoetara eta sozialetara egokitzeko gaitasunak eta produkzio-sarearekin duen zuzeneko loturak egungo eta etorkizuneko prestakuntza-bide bihurtzen dute.
Gaur egun, 50.000 pertsonak baino gehiago ari dira ikasten Euskal Lanbide Heziketaren sarean. Zifra horrek erakusten du azken urteotan hazkunde iraunkorra izan dela, lurralde-hedapen esanguratsua izan dela eta emaitzak etengabe hobetu direla. Azken hamarkadan bakarrik, Hasierako Lanbide Heziketako matrikulak % 41,5 egin du gora. Eskaera gero eta handiagoari erantzuteko eta sarbide zabalagoa eta malguagoa izateko, 2025-2026 ikasturterako eskaintza 65.710 plazaraino zabaldu da.
Euskadiko Lanbide Heziketak 160 titulazio baino gehiago eskaintzen ditu. Ikasturte berrian 2.920 plaza gehiago izango dira, lanbide-arlo hauek izango dute plaza kopuru hazkunderik handiena:
Informatika eta komunikazioak: +490
Elektrizitatea eta elektronika: +335
Osasungintza: +275
Fabrikazio mekanikoa: +230
Administrazioa eta kudeaketa: +210
Instalatze- eta mantentze-lanak: +175
Kimika: +175
Merkataritza eta marketina: +160
Gizarte- eta kultura-zerbitzuak: +155
Garraioa eta ibilgailuen mantentze-lanak: +155
Sortutako plaza berrietatik, 2.015 ikastetxe publikoei dagozkie eta 905 itunpeko ikastetxeei. Lanbide Heziketan matrikulatuta daudenen % 57,8 sare publikoan ari dira.
Prestakuntza-mailaren arabera, eskaintzen diren plazak horrela banatuko dira:
Ziurtagiri profesionalak (C graduak): 1.650 plaza
Oinarrizko Mailako zikloak: 6.660 plaza
Erdi-mailako zikloak: 23.350 plaza
Goi-mailako zikloak: 32.550 plaza
Espezializazio-ikastaroak (E graduak): 1.500 plaza
Ikasten jarraitzeko aukera gehiago eta lan arloan hazi
2025-2026 ikasturtean C Graduak (ziurtagiri profesionalak) eta ibilbide integratuak (Oinarrizko eta Erdi Mailako Gradua zentro berean) egiteko aukera irekiko da berriro. C graduak lanean edo langabezian dauden langileei eskaintzen zaizkien ikasketak dira. Lanbide Heziketako Eskaintza Modular Malguaren parte izanik, C graduen ezaugarria da ikasleak titulu bateko moduluetako batzuetan soilik matrikulatzen direla (ez titulu bateko modulu guztietan), eta amaitzean, ziurtagiri profesional bat lortzen dute. Ikasle horiek Eskaintza Modular Malguaren bidez egiten eta gainditzen duten guztia metatu egin daiteke, titulu bat lortu arte (titulua osatzen duten modulu guztiak osatzen dituztenean), azken helburua hori badute.
Bestalde, ibilbide integratuen helburua da Lanbide Heziketako oinarrizko maila hasten duen pertsona batek erdi-mailako ikasketak egiten jarraitu ahal izatea (oinarrizko maila amaitzean) ikastetxe berean. Horregatik, lau ikasturteko ibilbidea da (2 oinarrizko mailakoak eta 2 erdi-mailakoak).
Enplegagarritasun handia
Lanbide Heziketako ikasleen % 90ak lana lortzen du, ikasleen konpetentziek sare industrial eta ekonomikoaren beharrei erantzuten dieten seinale. “Energia eta ura” eta “Instalatze- eta mantentze-lanak” arloak dira nabarmentzekoak, ia % 100eko enplegagarritasuna baitute, % 98,08 eta % 95,01, hurrenez hurren. Jarraian daude “Jarduera fisikoak eta kirola” (% 92,42) “Fabrikazio mekanikoa” (% 91,89).
Aurrematrikula maiatzaren 5etik 23ra
Euskadin Lanbide Heziketako ikasketak egiteko aurrematrikula prozesua maiatzaren 5etik 23ra egongo da zabalik. Interesa duten ikasleek online aurkeztu ahal izango dute eskabidea, Hezkuntza Sailaren webgunean (https://ikasgunea.euskadi.eus); LHko ikastetxeetan bertan; edo ZUZENEANen bidez.
tLH (Ikaskuntza Birtualak eta Digitalizatuak) zentroaren bidez urrutitik egin daitezkeen heziketa-zikloei ere aplikatzen zaie epe hori, eta datorren ikasturterako eskaintza 12 ziklotik 15era luzatzen du.
Prestakuntza-eskaintza indartzeaz gain, eskaria handitzeaz gain, Lanbide Heziketak Euskadin talentua, berrikuntza eta gizarte-kohesioa sustatzeko duen zeregina sendotzen du. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azpimarratu duenez, "euskal Lanbide Heziketa urrats sendoak emanez doa aurrera, egungo erronkei erantzun eta etorkizun justuagoa, iraunkorragoa eta herrialdearen errealitatearekin lotuagoa eraikitzeko".