Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Europaren eta Latinoamerikaren arteko I. KOPRODUKZIO FOROA irailaren 27an eta 28an izango da, Donostia Zinemaldiaren 60. Edizioaren barruan

2012.eko apirilak 23

  

Donostia Zinemaldiak Europaren eta Latinoamerikaren arteko I. Koprodukzio Foroa jarriko du martxan; horri esker, bi zinematografien arteko erreferentziazko plataforma eta lotura gisa sendotuko da. Foroak ikus-entzunezko proiektu garrantzitsuenak bultzatzeko aukera emango du, eta Europako eta Latinoamerikako industriak indartzekoa, profesionalen arteko lankidetza sustatuz eta nazioarteko merkatu berrietara zabalduz.

 

Honako hauek ahalbidetu dute ekimena: Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila, FAPAE (Espainiako Ikus-entzunezkoen Ekoizleen Elkarteen Federazioa), IBAIA (Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Ekoizle Burujabeen Elkartea), EPE-APV (Euskal Produktoreen Elkartea), Etxepare Euskal Institutua, Eiken (Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterra), Media Antena Euskal Herria, Zineuskadi eta Ibermedia Programa. 

Foroa garapen-proiektuetara bideratuta dago, eta Zinemaldian Latinoamerikarekiko harremanak estutzeko dauden ekimenen osagarri izango da. Esan beharra dago fase guztietan jasoko dutela bultzada halako egitasmoek: proiektu-fasean (Koprodukzio Foroa), postprodukzio-fasean (Zinema Eraikitzen) eta aurkezpen-fasean (Horizontes Latinos).

Koprodukzio-foroan, Europako zein Latinoamerikako fikziozko zinema-proiektuek hartu ahalko dute parte, gutxienez 60 minutuko iraupena badute eta finantzaketaren % 20 bederen bermatuta badute. Europako proiektuek lotura izan beharko dute Latinoamerikarekin. Aurkeztutako guztien artean, Zinemaldiak hogei aukeratuko ditu gehienez ere, nazioarteko hiru adituren txostenetan oinarrituta.

Proiektuen arduradunak mundu osoko partner estrategikoekin, industrialekin eta finantzarioekin elkartu ahal izango dira, proiektuen finantzaketa osatzeko. Foroak euren arteko bilera informalak sustatuko ditu, elkar ezagutu dezaten, esperientziak parteka ditzaten, eta etorkizuneko proiektuetan elkarlanean ari daitezen. Horretarako, matchmakers zerbitzua izango da Zinemaldian.

 

Foroak iraungo duen bi egunotan, hainbat jarduera paralelo izango dira, hala nola mahai-inguruak, lan-tailerrak eta aurkezpenak. Horiek guztiek ezagutza zabaltzeko parada eskainiko diete parte-hartzaileei, edukiaren eta teknologiaren aldetik berritzaileak diren joerak identifikatzeko, eta merkatuaren etengabeko aldaketetara egokitzeko formulak zehazteko, negozio-aukera berriak sortzearren.

Proiektuak inskribatzeko azken eguna: 2012ko ekainaren 30a.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan