Azaroak 25 kanpaina
qrcode

Eusko Jaurlaritzak proiektuaren benetako beharretara egokitu ditu Uretamendi berroneratzerako dirulaguntzak

2025-04-29
  • Birprogramazioari esker laguntzen justifikazioa 2026ra arte luzatu ahal izango da, hasierako dirulaguntza handitu gabe
  • “Badakigu horrelako prozesuak ez direla errazak, baina, hain zuzen ere, horregatik bultzatzen ditugu hurbileko bulego teknikoak, zalantzak argitzeko, eragileen artean bitartekari lanak egiteko eta proiektuak berme guztiekin aurrera aterako direla ziurtatzeko”, nabarmendu du Ana Telleriak, Auzoak Biziberritzeko eta Hiri Agendako zuzendariak

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 2022ko abenduaren 27an Bilboko Udalari Uretamendi auzoaren hiri-berroneratze integralerako zuzeneko dirulaguntza emateko hartutako erabakia aldatzea. Egokitzapenak udalak berak egindako eskaerari erantzuten dio, laguntzak gauzatzeko eta justifikatzeko epeak berriro programatzea eskatu baitu.

Birprogramazio horrek ez dakar dirulaguntzaren zenbateko osoa handitzea —455.507,60 euro— eta jarduerak justifikatzeko epea 2026ko abenduaren 31ra arte luzatzea aurreikusten du. Era berean, aurreikusitako urtekoak birbanatu dira, hasieran 2025erako esleitutako funtsak doituta (227.753,80 euro) eta horietako batzuk 2026ra eramanda.

Auzoak Biziberritzeko eta Hiri Agendako zuzendari Ana Telleriak azaldu duenez, “aldaketa hau Udalekiko etengabeko lankidetzaren emaitza da, proiektuen garapenean aurkitzen dituzten zailtasun praktikoen berri ematen baitigute”. Telleriaren hitzetan, “uste dugu jabeen erkidegoetako erabaki-prozesuak, obren kontratazioa eta proiektuen gauzatzea hasieran aurreikusitakoa baino gehiago moteldu direla, eta, beraz, beharrezkotzat jo dugu epeak malgutzea, jarduerak arriskuan ez jartzeko”.

Bilboko Udalak, zehazki, jardueren esparruan sartu diren bi laguntza-ildo berri kudeatu ahal izateko epeak luzatzeko beharra argudiatu du: bata, bizitegi-eraikinetan birgaitze energetikoa eta irisgarritasuna sustatzeko, eta, bestea, degradatutako espazio pribatuak birnaturalizatzeko. Bi deialdiak 2026ra arte kudeatuko dira.

“Hiri-berroneratze integralak denbora, hurbiltasuna eta egokitzeko gaitasuna eskatzen ditu”, nabarmendu du zuzendariak. “Eusko Jaurlaritzan, biziberritze fisikoa ez ezik, soziala eta komunitarioa ere egiten dugu, eta, horregatik, udalei eta bizilagunei laguntzen diegu prozesu osoan, haien benetako beharretara egokituta”.

Birprogramazioaren eskaera eragin duten faktoreen artean, komunitateen barne-dinamiketara egokitzeaz gain, obrak egitean sortutako zailtasunak ere daude: Ukrainako gerraren ondoriozko materialen garestitzea eta eskasia, eta jabeen erkidegoen eta enpresa esleipendunen artean sortutako gatazkak, kasu batzuetan, kontratu eta prozedura judizialak deuseztatzea ekarri dutenak.

“Badakigu horrelako prozesuak ez direla errazak”, azpimarratu du Telleriak, “baina, hain zuzen ere, horregatik bultzatzen ditugu hurbileko bulego teknikoak, tartean Uretamendikoa, auzoan bertan baitaude, zalantzak argitzen, eragileen arteko bitartekotza egiten eta proiektuak berme guztiekin aurrera aterako direla ziurtatzen”.

Aldaketa horrekin, Uretamendin aurreikusitako jardueren jarraipena bermatzen da, eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak euskal auzoak espazio jasangarriago, inklusiboago eta erresilienteago bihurtzeko duen konpromisoa indartzen da.

 

 

2 iruzkin
  • Argazkia Xaver
    2025-04-30

    Adineko pertsonen irisgarritasuna bermatuz, gas kontzentratuak isurtzen dituzten aparkaleku estuak ere arriskutsuak izan daitezke, eta, beraz, ondo legoke kutsadura-maila kontrolatzea. Errekuntzaz gain, hidrogeno-pilak instalatzean, baita nafta-pilak instalatzean ere, merkea bada, arrisku handiagoa sortzen da ihesa gertatuz gero.

  • Argazkia Xaver
    2025-04-30

    Garantizando accesibilidad personas mayores, también entrecalles estrechas aparcamientos con emisión de gases concentrados puede ser un riesgo luego estaría bien controlar nivel contaminación. Ya no sólo por combustión sino en instalación futura pilas de hidrógeno incluso de nafta si resultara barata, generen más riesgo en caso de fuga.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak