Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadi bigarren eskualdea da Europako 30 eskualde puntakoenen artean

2012.eko apirilak 23

Bernabé Unda izan da lehen Lehiakortasun Foroaren buru, euskal ekonomiaren lehen mailako ehun ordezkari inguruk 2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko Planaren lehen ebaluazio-txostena eztabaidatu eta kontrastatu duten foroaren buru, hain zuzen ere.

Esportazioak, turismoa eta I+Gko inbertsioa sendotu ditu Planak, enpleguaren zifra txarrak gorabehera

Lehen aldiz, Lehiakortasun Plan bat ebaluatu eta kontrastatu ahal izan da Jaurlaritzaren jardunak zuzendu eta hobetzeko.

Gure enpresen esportazio-maila, I+Gko inbertsioa eta Euskadiko turismoaren errekor historikoak dira indize positiboenak.

Lehiakortasun Planeko helburuen betetze-maila % 91 da, ebaluaturiko adierazleak aztertutakoan.

Arlo ekonomikoko eta gizarte- eta ingurumen-arloko adierazleei dagokienez lider diren Europako erreferentziazko 30 eskualdeen artean bigarrena da Euskadi. Alderdi ekonomikoan, Euskadi lehenengoa da 30 eskualdeen artean, eta zortzigarrena Europako 206 eskualdeak hartuta. Hainbat datu -hala nola BPG per capita edo errenta pertsonal erabilgarria- biltzen ditu, eta gizarte- eta ingurumen-alderdietan, aldiz, tarteko postua du gure erkidegoak sailkapenean: 15. postua erreferentziazko 30 eskualdeen artean eta 127. postua Europako eskualde guztiak hartuta. Azken jarduneko adierazleak, bi kontzeptuak biltzen dituenak, adierazten duenez, Euskadi bigarrena da erreferentziazko 30 eskualdeen artean, Ipar Westfaliak (Alemania) bakarrik gainditzen duelarik, eta hamalaugarrena, aldiz, Europako 206 eskualdeak hartuta.

Erreferentziazko eskualdeen artean honako hauek ditugu, besteak beste: Katalunia eta Nafarroa (Espainia), Piamonte eta Emilia Romana (Italia), Baden Wurttenberg (Alemania), West Midlands (Britainia Handia), Rhone-Alpes (Frantzia), edo Salzburgo (Austria). Hainbat aldagai hartzen dira kontuan azterlanerako, hala nola espezializazio industrial eta teknologikoa, baita eskualdearen ekonomiaren sektore-egitura edo tamaina, demografia eta lokalizazioa ere.

Gaur jakinarazi dituzte datu horiek Arabako Teknologi Parkean izandako Lehiakortasun Foroan. Lehen aldiz izan da bilera hori eta lehen aldiz izan dute aukera, halaber, Euskadiko enpresa-agente nagusiek Enpresa Lehiakortasuneko Plan bat kontrastatzeko, ebaluatzeko eta hari buruzko iritzia emateko.

Euskal enpresen esportazio-maila, I+Gko inbertsioa eta Euskadiko turismoaren errekor historikoak dira 2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasuneko Planaren lehen ebaluazioan azpimarratzen diren indize positiboak, gaur agerian jarritakoak. Alderdi negatiboan, enplegua nabarmentzen da, 2008. urtean hasitako krisialdi ekonomikoak bultzatuta.

Duela ia bi urte onarturiko Enpresa Lehiakortasuneko Plana Jaurlaritzaren apustu ekonomiko handia da, hamar sailetik bederatzi tartean sartuta baitaude zuzenean, 2013. urtera bitarte 11.800 milioi eurotik gora mugituko ditu, eta zenbateko horretatik % 60 enpresetatik aterako da. Euskal enpresen nazioartekotzea, berrikuntza eta iraunkortasuna indartu nahi ditu, azken faktore hori benetako negozio-aukera gisa.

Anbizio handiko proiektu horrek ez du produkzio-sarea aldatu nahi, 80ko hamarkadan industria-birmoldaketarekin gertatu bezala, baizik eta egungo enpresetan aldaketak ezarri. Horregatik, konpainiak dira protagonistak eta espiritu ekintzailea, lankidetza, kalitatea eta atzerrirako irekitzea bultzatu nahi dira.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Undak gaur Arabako Teknologi Parkean adierazi duenez, nazioarteko finantza-krisialdia gorabehera, Euskadi eusten ari da, bai lan-indizean, bai berrikuntzako inbertsio-indizean.

"Gaur Espainiako langabezia-indize txikiena duen erkidegoa da Euskadi, soldata batez besteko handiena izanda ere. Gure gaur egungo langabezia-tasa 80ko eta 90eko hamarkadetako aurreko krisialdietan izan genuenen erdia da. Zertan ari garen eta zer egin behar dugun aztertu behar dugu gaur egun. Ez dugu konformatu behar. Ekarpenak egin behar ditugu, ebaluatu eta beharrezkoa izanez gero, zuzendu eta aldatu", Bernabé Undak adierazi duenez.

Lehiakortasun Foroa martxan jarri den ekitaldian, euskal ekonomiaren lehen mailako ehun ordezkari inguruk 2010-2013 aldiko Enpresa Lehiakortasun Planaren lehen ebaluazio-txostena eztabaidatu eta kontrastatu dute, kontuan izanda horietako askok planaren elaborazio-prozesuan parte hartu zutela lehiakortasun-agente guztien ordezkari gisa.

Lehen aldiz, Lehiakortasun Plan bat ebaluatu eta kontrastatu ahal izan da Jaurlaritzaren jardunak zuzendu eta hobetzeko, eta orain arte Euskadi inoiz bultzatu ez den ekimena da hori.

Enpresa Lehiakortasuneko Planean markaturiko helburuen betetze-maila, datuak dagozkien adierazleekin aztertutakoan, % 91n dago.

Lehiakortasun Forora bertaraturiko ehun lagun inguru horiek zenbait mahaitan parte hartu dute, Lehiakortasun Planaren lehentasuneko ardatzekin loturiko lau gaitan banaturiko zenbait mahaitan: ekonomia irekia, ekonomia berritzailea, teknologikoki aurreratua eta ekintzailea, ekonomia iraunkorra eta finantzaketarekin eta lankidetzarekin loturiko ardatz horizontal bat.

Adierazle nagusiak

- Ekonomia Irekia: Euskadiren posizioa ona da ekonomia irekian, adierazle guztiak helburuaren gainetik baitaude, bat izan ezik. Esportazioetan, gehienekora iritsi gara 2011n, 21.000 milioi euroko muga gaindituta, hau da, 2008an lorturiko balioen gainetik. Gainera, esportaziorako propentsioa (esportazioak/BPG) % 30etik gorako mailetara iritsi da. Turisten sarrerei dagokienez ere errekor guztiak hautsi dira, eta turista atzerritarren hazkundea da bereziki azpimarratzekoa.

EKONOMIA IREKIA

2009. maila

 

2010. maila

 

Aldakuntza, 2009/2010 (%)

 

2010. helburua

 

Betetze-maila (%)

 

Irekitze-maila (X+M)/BPG (%)

42,19

49,82

18,08

41,61

119,72

Esportazioak/BPG (%)

23,15

26,65

15,12

23,4

113,87

Biztanleria atzerritarra guztizkoaren gain (%)

6,12

6,40

4,58

6,80

94,12

BRIC esportazioak/BPG (%)

1,21

1,77

45,95

1,67

105,82

Turista atzerritarren kopurua urteko

805.000

906.000

12,55

619.998

146,13

Atzerriko inbertsioa Euskadin BPGaren gain, %

1,18

0,40

-66,40

0,64

61,99

Euskadiren inbertsioa atzerrian BPGaren gain, %

2,16

2,99

38,43

1,9

157,11

 

Ekonomia Irekiko Mahaiaren bileran, lehen mailako 25 lagun inguruk parte hartu dute etorkizunaren inguruko hainbat gairi buruz -hala nola nazioartekotzea edo turismoa- hitz egiteko.

Adostasuna agertu dute ETEei nazioartekotzeko laguntza gehiago eman beharraz eta epe luzerako eredu global bat garatzea planteatu da, langileen (propioak zein atzerritik datozenak) prestakuntza funtsezkoa izango den eperako, hain zuzen ere. Gainera, ezartzen diren atzerriko enpresetako langileentzako izapide burokratikoak errazteko premia azpimarratu da.

- Ekonomia berritzailea, ekintzailea eta teknologikoki aurreratua: Euskadik apustu irmoa egiten jarraitzen du berrikuntzaren eta garapen teknologikoaren alde lehiakortasun-iturri gisa, hainbat aldagaietako (hala nola enplegua, enplegu-sorkuntza edo BPGaren hazkundea) azken emaitzak gaur egungo egoera ekonomikoak ezkutatzen baditu ere. % 6,12 egin du gora I+Gko gastuak BPGan. Enpresetako I+Gko gastua % 3,9 gehitu da eta goi-mailako hezkuntza duen biztanleriaren pisua % 28,5 hazi da.

Ekonomia berritzaile, ekintzaile eta teknologikoki aurreratuaren ardatza landu dute parte-hartzaileek, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren lana eta apustua onesteaz gain, eta aho batez nabarmendu dute ardatz horren garrantzia, krisialditik irteteko baliagarrienetako bat baita.

Euskadi berritzaile, teknologiko eta ekintzailego bat eta etorkizunari begiratuko dion bat lortzeko, zenbait alderdi intentsitate handiagoz balioesteko eskatu da. Lehenik, enpresen tamaina haien berrikuntza-proiektuei laguntzeko. Bigarrenik, sektorea sakonago artatzeko premia, teknologia oso identifikatuta baitago sektore jakin batzuekin, eta beste batzuek, aldiz, ahalegin handia egiten ari dira. Eta azkenik, berrikuntza beste alderdi batzuetara zabaltzeko eskatu dute, hala nola zerbitzu eta prozesuetara eta kudeaketara, marketina eta salmentak barne, hori baita enpresaren benetako funtzionamendu osoaren erakusgarria, produktuan soilik kontzentratzea saihestuta. Ados agertu dira, halaber, berrikuntza-ildo horiei esker lehiakortasuna hazi egiten dela adierazteko. Zenbait eskari, hala nola sektore guztientzako arreta, bilduta daude jada 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean.

Bestalde, prestakuntzaren eta prestatzen ditugun talentuen aldeko apustu bat erreklamatu dute, enpresetan doktoreak sartzea bultzatuz, gure produkzio-sarearen kalitateari eta lehiakortasunari balio erantsia ematen baitiote. Ekintzailetzari eta barne-ekintzailetzari dagokionez, hasierako faseetan orientazio gehiago eta gainerako erakundeekin koordinatuagoa erreklamatu da, eta Euskal Ekintzailetza Zerbitzuaren bidez ari dira lan hori martxan jartzen.

- Ekonomia iraunkorra: Iraunkortasun ekonomikoko hiru adierazleak -BPG per capita (% 97,2), landuneko BPG (% 95,39) eta EB27rako landuneko produktibitatea 100eko oinarriaren gain (% 98,20)- zertxobait jaitsi dira 2010eko benetako datuetan ekitaldi horretarako Planak onarturiko helburuekin alderatuta. Gizarte-iraunkortasuneko bi adierazleek -giza garapeneko indizea (% 100) eta jaiotzerako bizi-itxaropena (% 100)- onarturiko helburua lortzen dute doi-doi. Eta ingurumen iraunkortasuneko bi adierazleek -berotegi-efektuko gasek (-) eta energia-intentsitateak (% 97,14)- denboraldi luzeagoak behar dituzte baliozko edozein ondorio ateratzeko.

Ekonomia iraunkorrari buruzko mahai-inguruak Ongizate Estatuaren oinarrizko alderdiak (enplegua, sektore pobretuak, eta abar) atxikitzen dituzten politikak garatzearen aldeko iritziak bildu dituzte, eta lan-absentismoaren aurkako borroka ere aipatu da.

Era berean, eta Euskadi ari da izaten koiuntura horren adibide, beharrezko iritzi zaio BPGko industria-produkzioko pisua atxikitzeari hazkunde ekonomikoa izan dadin, zerbitzuen, prestakuntzaren, ETEentzako beharrezko laguntzaren eta ikerketa teknologikoaren pisua ahaztu gabe. Berrikuntza da oraindik ere oinarrizko kontzeptua lehiakortasunerako.

Bestalde, energia-iraunkortasunari dagokionez, 3E2020 Euskadiko Energia Estrategiaren ondorioa balioetsi da, hau da, 40 urtean petrolioarekiko mendetasuna zerora gutxitzea, eta ekonomia berdeen garrantzia eta CO2ko emisioen murrizketa azpimarratu da lehiakortasuna bultzatuko duen faktore gisa.

- Ardatz horizontala: Euskadik Estatuko merkatuarekiko mendetasun handia du kanpo-ahalegina gorabehera, Espainiako beste eskualdeek ez bezalako bilakaera izan dugula egia bada ere. Atzerrirantz bideratu dugu ekonomia, eta inguruko beste ekonomiek baino hobeto eustea ahalbidetu digu horrek. Bestalde, I+G+B+Nko inbertsoak gora egin du eta I+Gko gastua % 2,08ra iristen da.

Ardatz honi dagokionez, hainbat puntu azpimarratu dituzte mahai-inguruan parte hartu duten lagunek, hala nola finantzaketa. Ildo horretan, Gobernuak finantza-erakundeekin abiarazitako ezohiko neurriak babestu dituzte, eta euskal ETEek ere ekimen hori zehatz-mehatz ezagutu dezatela eskatu dute.

Euskalitek enpresa txiki eta ertainen bikaintasun-prozesuei laguntza eskaini diezaiela ere eskatu dute, baita jabetza intelektualerako babes irmoa ere, batez ere patenteekin loturiko guztian.

Euskadik marketin-kulturan hobetzearen garrantzia ere azpimarratu da, bere produktuen aurkezpena hobetzeko, baita atzerriratuentzako laguntza, I+Grako eta finantzaketarako laguntzarekin jarraitzearen premia eta lankidetza publiko-pribatuaren alderdi guztiek duten garrantzia ere.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 23a

6 iruzkin
  • @TCI_2012
    2012.eko apirilak 26

    Comentario de Twitter:
    The #BasqueCountry, host region of #TCI2012, 2nd place in the ranking of the 30 most cutting-edge regions in Europe http://t.co/3yuqVwfc

  • @ccgonella
    2012.eko apirilak 24

    Comentario de Twitter:
    Euskadi ocupa el 2do lugar entre las 30 regiones + punteras de Europa http://t.co/UT3NyGns salir de la crisis, leer y ver indicadores

  • @turutas
    2012.eko apirilak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Euskadi ocupa el segundo lugar entre las 30 regiones más punteras de Europa. http://t.co/yndzEzD3

  • @Garcia_E
    2012.eko apirilak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Euskadi ocupa el segundo lugar entre las 30 regiones más punteras de Europa. http://t.co/yndzEzD3

  • @ibartolome
    2012.eko apirilak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Euskadi ocupa el segundo lugar entre las 30 regiones más punteras de Europa. http://t.co/yndzEzD3

  • @Gorka_Uri
    2012.eko apirilak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia: Euskadi ocupa el segundo lugar entre las 30 regiones más punteras de Europa. http://t.co/yndzEzD3

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)