Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

2012ko lehen hiruhilekoa bigarren onena izan da euskal turismoarentzat, joan den urteko errekorraren ondoren

2012.eko apirilak 20

2012ko urtarriletik martxora bitarte, 422.000 turistak baino gehiagok eman dute izena euskal hoteletan, hau da, joan den urtean baino % 1,3 gutxiago, baina aurreko urteetan baino askoz gehiago (2009an baino 60.000 turista gehiago iritsi dira Euskadira).

Lurraldea kontuan hartuta, Araba izan da turista gehiago izan dituen bakarra (% 4,2). Bizkaiak % 0,9 gutxiago izan du, eta Gipuzkoak, berriz, % 4,3 gutxiago.

 

Lehen hiruhilekoan, guztira 422.926 pertsonak hartu dute ostatu Euskadiko hoteletan. 5.641 turista gutxiago izan badira ere (% 1,3 gutxiago), 2012. urtearen hasiera euskal turismoaren historiako bigarren onena izan da.

Aurten jaso ditugun bisitarien kopurua duela hiru urte jasotakoarekin alderatuta, Euskadik lehen hiruhilekoan 2009an baino 60.000 turista gehiago izan dituela ikus daiteke.

Gaur bertan, Euskal Estatistika Erakundearen (Eustat) martxoko datuen berri izan dugu. Euskadiko turismoak bere historiako bigarren martxorik onena izan du aurten (170.166 sarrera). Izan ere, joan den urtean baino ez zen hobea izan datu hori (175.000 sarrera baino gehiago).

Lehen hiruhilekoko balantzea egitean, lurraldeek bilakaera desberdina izan dutela ikus daiteke. Urtarriletik martxora bitarte bisitari gehiago izan dituen lurralde bakarra Araba izan da. Zehazki, 2.814 turista gehiago izan ditu (% 4,2), eta, beraz, historiako lehen hiruhilekorik onena izan da. Turista nazionalen portaera bat dator joera horrekin. Izan ere, Espainiako 2.188 turista gehiago izan ditu Arabak (% 3,9 gehiago). Atzerriko turistei dagokienez, joan den urtean baino 626 gehiago izan ditu.

Gipuzkoa, berriz, lehen hiruhilekoan turista gehien galdu dituen lurraldea izan da: guztira, 2011n baino 6.479 gutxiago izan ditu (% 4,3 gutxiago). Atzerriko turisten kasuan, joan den urtean baino 1.654 gutxiago izan dira. Espainiako turistei dagokienez, berriz, % 4,5eko jaitsiera izan da (4.825 gutxiago, guztira). Nolanahi ere, 2012. urtearen hasiera Gipuzkoako turismoaren laugarren hasierarik onena izan da.

Bizkaian, % 0,9ko jaitsiera izan da lehen hiruhilekoan (1.976 turista gutxiago). Horrela, beraz, aurtengo zifrak 2011. urtean baino ez ziren gainditu. Turismo nazionalak % 1,7ko jaitsiera izan du (2.799 bisitari gutxiago), baina atzerriko 823 turista gehiago iritsi dira.

Ostatu-gauei dagokienez, lehen hiruhilekoan 752.346 izan dira guztira Euskadin, hau da, joan den urtean baino 18.921 gutxiago.

Nekazaritza-turismoko establezimenduetan, 18.843 sarrera izan dira lehen hiruhilekoan. Horrek esan nahi du % 2ko jaitsiera izan dela joan den urteko aldi berarekin alderatuta.

 

Balantzea

Joan den urtearekin alderatuta jaitsiera txiki bat izan bada ere, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak positibotzat hartu du urteko lehen hiruhilekoaren balantzea. Turismoaren arloko arduradunek berretsi egin dute turismoa euskal ekonomiaren sektore estrategiko gisa bultzatzeko konpromisoa.

Ildo horretan, sektorearen kalitatea eta lehiakortasuna sustatzeko ahaleginari eutsiko zaio. Izan ere, Exceltur eta Deloitte enpresek egindako MoniTur azterlaneko sailkapenaren arabera, Euskadi bigarren tokian dago Estatuan, alderdi horri dagokionez. Era berean, bigarren tokira igo da turismo-kalitateko Q kopururik handiena duten erkidegoen artean, termino absolutu zein erlatibotan.

Eusko Jaurlaritzak gainerako erakundeekin lankidetzan jardutea espero du, Euskal Turismoaren Lehiakortasun eta Berrikuntza Planaren eta Marketin Planaren inguruan politika batzuk garatzeko. Izan ere, Euskadiko turismo-politika ezartzen duten ekintzak antolatzen dituzte bi tresna horiek. Eusko Jaurlaritzak, gainera, lehiakortasunarekiko eta kalitatearekiko konpromisoa erakusten jarraitzera animatzen du euskal turismo-sektorea.

 

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 20a

Iruzkin bat
  • @alexbondie
    2012.eko apirilak 22

    Comentario de Twitter:
    El primer trimestre de 2012 ha sido el segundo mejor para el turismo vasco, tras el record del ano pasado http://t.co/DjoEsTPq

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan