qrcode

Galdakaok datozen 3 urteetan 200 etxebizitza berri eraikiko ditu bizitegi-merkatuaren tentsioa arintzeko

2025-04-29
  • Bizkaiko udalerriko ekintza-planak, halaber, gazteenen emantzipazioari, adinekoen bizi-kalitatea eta irisgarritasuna hobetzeari eta, oro har, etxebizitza ordaintzeko zailtasun handienak dituztenei etxebizitza eskuratzen laguntzeko neurriak jasotzen ditu
  • Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosek nabarmendu duenez, “gure helburua maizterrak babestea da eskaintza handitzen dugun bitartean, etxebizitzaren arazoak konponbidea duelako”
  • Herriko alkate Iñigo Hernandok adierazi duenez, “erroldatuta inor ere ez dagoen 961 etxebizitza ditugu herrian eta hainbat galdakaotar etxebizitzarik gabe, Etxebiden eskatzaile direnak; ez da zentzuzkoa”

Eusko Jaurlaritzak, Galdakaoko Udalarekin koordinatuta, udalerriko etxebizitzen merkatuaren tentsioa arintzeko neurri sorta handi bat iragarri du gaur. Horrela, Bizkaiko udalerria lurraldeko bigarrena eta Euskadiko seigarrena da izendapen hori jasotzen, Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Barakaldo eta Irunen ondoren, eta horien espedienteak laster argitaratuko dira BOEn. Galdakaoren kasuan, ekintza-planaren ardatz nagusia hiru urteko epean 200 etxebizitza berri sustatzea da; horietatik 104 babestuak izango dira, 40 Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak bultzatutako txandakako zuzkidura-bizitokiak, eta gainerakoak, 54, libreak.

“Etxebizitza eskuratzea zeharkako kezka bihurtu da, eta ez ditu profil sozialak bereizten”, adierazi du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosek gaur goizean egindako prentsaurrekoan. Izan ere, une honetan, Etxebizitza Planean jasotako datuen arabera, Galdakaoko 2. barrutian —tentsionatutzat jo den Aperribaiko eremua—familien % 30ek diru-sarreren % 30 baino gehiago erabiltzen dute alokairua ordaintzeko. “Badakigu arazo horrek klase ertainei ere eragiten diela, eta, horregatik, errenta-atalase guztietarako irtenbideak eskaintzen ditugu”, gaineratu du. Horregatik, nabarmendu duenez, “gure helburua maizterrak babestea da eskaintza handitzen dugun bitartean”, etxebizitzaren arazoak, berretsi duenez, “konponbidea duelako”.

Bestalde, herriko alkate Iñigo Hernando Arriandiagak adierazi du eremu tentsionatuaren izendapenak neurri sendoak hartzeko beharra egiaztatzen duela. Eta ez bakarrik Aperribain, “udalerri osoan baizik, egoera askoz globalago bati irtenbidea eman nahi zaiolako”, adierazi du. “Lehentasuna da Udalarentzat eta, beraz, hainbat neurri hartu ditugu dagoeneko”, adierazi du.

Hernandok adibide gisa jarri ditu aurreko legegintzaldian gazteentzako eta guraso bakarreko familientzako eraikitako eta alokairuan emandako 60 zuzkidura-bizitokiak, hilean 150 eta 360 euro bitarteko prezioan, edo Etxebizitza Arloa sortu izana, horri esker Galdakaon etxebizitza bat izateko eskubidea bermatzera bideratutako politikak abian jartzen ari baitira.

Era berean, alkateak bide horretatik jarraitzearen aldeko apustua azpimarratu du, eta ohartarazi duenez, udalaz gaindiko erronka denez, “ezinbestekoa izango da elkarrekin lan egitea, erakundeen artean, eta Galdakaok hori bultzatzen jarraituko du”. Hala, Galdakaok Eusko Jaurlaritzak zuzkidura-etxebizitzak eraiki ditzan egingo duen lur-lagapena azaldu du. Hain zuzen ere, horixe izan da De los Toyosek eta Hernandok prentsaurrekoaren aurretik egindako lan-bileran jorratu duten gai nagusietako bat.

Eskaintza publikoaren eta etxebizitza babestuaren aldeko apustu irmoa

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak eta Galdakaoko Udalak onartutako hiru urteko jarduketa-planaren esparruan, 104 etxebizitza babestu, Eusko Jaurlaritzak zuzenean sustatutako txandakako 40 zuzkidura-bizitoki (5 urtean behin) eta 54 etxebizitza libre eraikitzea aurreikusten da.

Eusko Jaurlaritzak aztertu du Galdakaoko Udalarekin lankidetza-hitzarmenak ezartzeko aukera, lurzoruaren doako lagapena arintzeko eta sustapenen garapena erraztuko duten hobari fiskalak aplikatzeko. “Udalerriekin batera lan egin nahi dugu, ekimen horiek bideragarriak, jasangarriak eta azkarrak izan daitezen”, azaldu du De los Toyosek.

Lurzoruen mobilizazioa eta etxebizitza hutsa: erantzun estrukturala

Eraikuntza berriaz harago, garatu gabe jarraitzen duen etxebizitza babestu –publiko eta pribatu– gisa kalifikatutako lurzoru guztia aktibatzea aurreikusten du planak. “Euskadin 75.000 etxebizitza babestu hartzeko gai diren lurzoruak ditugu. Ezin diogu potentzial inaktibo horri eutsi”, ziurtatu du sailburuordeak. Zentzu horretan, De los Toyosek aitortu duenez, “Galdakaon lurzati bakoitzaren azterketa xehatua egingo dugu, lurzoru hori desblokeatzeko eta herritarren zerbitzura jartzeko”, azpimarratu du.

Era berean, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko estrategia indartuko da. 2. barrutian bakarrik, 75 etxebizitza zenbatu dira inor erroldatu gabe, eremuko parkearen % 9,4, udalerriko batez bestekoa baino zifra handiagoa (% 8,8). Egoera horri buelta emateko, Bizigune programa bultzatuko da, beren etxebizitzak alokairu babestuari lagatzen dizkiotenentzat pizgarri fiskal erakargarriekin, bai eta OHZren hobariak ere, % 75erainokoak. Gaur egun 124 etxebizitza Bizigune programaren barruan daude, eta 1 ASAP programaren barruan dago Galdakaon. Programa horrek OHZren % 50eko errekargua aplikatzen die hutsik dauden etxebizitzei.

Ildo horretan, eta bere udalerriari begira, Galdakaoko alkateak aitortu du galdakaotarrek beren bizi-proiektua herrian garatzeko aukera izatea nahi bada, hutsik dagoen etxebizitzari irteera eman beharko zaiola. “Herrian 961 etxebizitzatan ez dago inor erroldatuta eta hainbat galdakaotar dago etxebizitzarik gabe, eskatzaileak Etxebiden; ez da zentzuzkoa”. Horregatik, Hernandok gogorarazi du Udalak hainbat laguntza-lerro sortu dituela hutsik dauden etxeen alokairua sustatzeko, eta abian jarriko dituela bankuen, putre-funtsen edo edukitzaile handien etxebizitzei kanonak aplikatzeko prozedurak. Gainera, eskumena duten administrazioei dei egin die eremu tentsionatuak izendatzeko baldintzak malgutu ditzaten, horrela etxebizitzaren prezioari muga jarri ahal izateko, modu homogeneo eta orokortuagoan.

Planaren beste zutabeetako bat egungo hiri-sarea optimizatzea da. Eusko Jaurlaritzak Galdakaoko Udalarekin lankidetzan jardungo du udal-ordenantzak eguneratzen, besteak beste, neurri hauek ahalbidetzeko: tamaina handiko etxebizitzak zatitzea, merkataritza-lokalak etxebizitza bihurtzea eta behe-solairuetan lanbide-jarduerak birkokatzea. “Kontua ez da eraikitzea bakarrik, daukaguna hobeto aprobetxatzea baizik”, zehaztu du De los Toyosek.

Dagoeneko funtzionatzen ari diren eta eskalatu behar diren politika aktiboak

Gaur egun, Galdakaon erroldatutako 53 pertsonak aitortua dute Etxebizitzarako Eskubide Subjektiboa (DSV). Gainera, Eusko Jaurlaritzak 14 pertsonari ematen die laguntza Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoaren bidez (EPE), eta 92ri Gaztelagun programaren bidez. Programa horrek, aldi berean, 78 espediente gehiago ditu azterketa-fasean. Udalak, berriz, 2023an 600.000 euro inguru bideratu zituen etxebizitzarekin lotutako larrialdi-laguntzetara, eta 184 bizikidetza-unitateri egin zien mesede.

“Sistema existitzen da, eta funtzionatzen du. Baina indartu eta zabaldu egin behar dugu, pertsona gehiagorengana irits dadin”, adierazi du De los Toyosek. Sailburuordeak gogorarazi du, halaber, Etxebideren erregistroan 1.474 pertsona daudela izena emanda Galdakaon, eta horietatik 1.103k (% 75ek) alokairuko etxebizitza eskatzen dutela. “Datu adierazgarria da, eta ausardiaz eta irmotasunez eskatzen digu eskura ditugun tresna guztiekin jarduteko”, esanez amaitu du.

Ibilbide-orri horrekin, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du hiri-garapen jasangarri, inklusibo eta bidezkoaren aldeko apustua, etxebizitza-eskubidea lehentasunen erdigunean jartzen duena. Aurreikusitako epeak betetzen badira, eta agindua EHAAn argitaratu ondoren, Galdakaoko adierazpen ofiziala BOEn agertuko da, eta Ministerioak uztailean eguneratuko du. Txosten horretan, gutxienez, Donostia ere agertuko da, eta horrek esan nahi du udan EAEko biztanleriaren % 20 baino gehiago eremu tentsionatuetan bizi dela.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñigo Hernando (Galdakaoko alkatea)