
Dekretu proiektua, Ikus-entzunezko komunikazioari buruzkoa. Aurretiazko kontsulta publikoa. Ondorioak
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskerrak eman nahi dizkie aurretiazko kontsulta publikoaren fasean parte hartu duten pertsona eta elkarteei.
Dekretuaren xedea da:
- Ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak emateko araubide juridikoa eguneratzea, Euskadiren eskumen-esparruaren barruan.
- Araudia Euskadiko ikus-entzunezko komunikazioaren sektoreak dituen behar espezifikoetara egokitzea.
- Euskadiko ikus-entzunezko sektorearen berezitasunetara egokitutako arau-esparru osoa eskaintzea, alderdi juridikoak, administratiboak eta kontrolekoak barnean hartuta.
- Euskadiko kultura babestea, ikus-entzunezko zerbitzuek kultura- eta hizkuntza-aniztasuna babesten eta berdintasunezko eta diskriminaziorik gabeko irudia sustatzen lagunduko dutela bermatzeko.
- Euskadiko Ikus-entzunezkoen Agintaritzaren eskumen-eremua mugatzea.
- Erabiltzaileen eskubideak bermatzeko mekanismoak sartzea, adingabeen eta publiko orokorraren babesa barne.
- Euskal ikus-entzunezkoen sektorean autoerregulazio- eta koerregulazio-mekanismoak ezartzea.
Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legearen 8. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, jendaurreko informazioaren izapidea egin da, Administrazioaren web-atarien bidez, Eusko Jaurlaritzaren euskadi.eus egoitza elektronikoan eta Irekian. Izapide horretan, onartuko den dekretuak eragina izan dezakeen subjektuen eta antolakunderik ordezkagarrienen iritziak jaso dira.
Jasotako alegazioak eta iruzkinak aztertu ondoren, behin betiko testua egingo da, eta Gobernu Kontseilura bidaltzeko eta hark onartzeko izapideak egingo dira.


