Berriak Kultura

Blanca Urgell: "Euskaltegiek protagonismo handiagoa izango dute etorkizunean"

2012-04-19

Besteak beste, egoera ekonomikoaren berri eman dute gaur Blanca Urgell Kultura sailburuak gidatutako HABEren zuzendaritza bileran: 41.000.000 euro bideratuko ditu orotara Eusko Jaurlaritzak HABEra, eta hala, 2011ko aurrekontuei ia bere horretan eustea lortu da

HABEren zuzendaritza bilera izan da gaur 10:00etan erakundearen Donostiako egoitzan. Bertan parte hartu dute Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Lurdes Auzmendi Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Iñaki Uribe HABEren zuzendariak. 2011-09-19ko zuzendaritza bilerako akta onartzeaz gain, Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumaren araberako mailak egiaztatzeko deialdia berria azaldu dute. Gainera, maila gainditzen duten ikasleen diru-laguntzak, 2012ko aurrekontuak eta kudeaketa-plan izan dituzte hizpide.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek partaide guztiak agurtu ostean, V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak aipatu ditu. Inkestaren emaitzen arabera,  ikusten da eskola dela euskaldunen sortzaile nagusia. Baina, eskolarekin batera, euskaltegiak dira helduen artean euskalduntzearen eta alfabetatzearen funtsezko zutabea, "euskaldun berriak giltzarri baitira euskararen berreskurapen eta normalizazioan". HABEren Plan Estrategikoa ere gogoan izan du Kultura sailburuak eta argi azaldu du haren xedeetako bat ikasleak euskalduntze sistemaren erdigunean jartzea eta euskaltegiei protagonismo handiagoa ematea dela: "Arrazoi batzuengatik, aldaketa dezente aurreikusten ditugu euskaltegietan. Goizegi da datuak emateko uda honetako barnetegiez, ikastaro trinkoez edo datorren ikasturteaz, baina, datorrena datorrela, prozesu berriari zurruntasunik gabe eta itxaropenez aurre egin behar diogu. Ez dugu dudarik egiten aldaketak onerako izango direla eta ikasleek eskertuko dizkigutela".

Urgellen mintzaldiaren ostean, 2011ko irailaren 19an HABEren Plan Estrategikoa aurkezteko egindako zuzendaritza-bilerako akta onartu dute eta Iñaki Uribe HABEko zuzendariak hartu du hitza  Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculumaren araberako mailak egiaztatzeko deialdi berria azaltzeko. Horren ostean, maila gainditzen duten ikasleen diru-laguntzen inguruan hitz egiten du. Zuzendariaren esanetan, 2012 urtearen barruan diru-laguntzarik ez egotearen arrazoia aipatu du eta azaldu du 2013an diru-laguntza horiek berreskuratzeko aukera egon litekeela azpimarratu du.

Jarraian, Lurdes Auzmendik 2012ko aurrekontuak aurkeztu ditu: 41.000.000 euro bideratuko ditu orotara Eusko Jaurlaritzak HABEra. Iaz 42.600.000 euro bideratu zituen, beraz, % 3,76ko beheraka egongo da. Sailburuordearen esanetan, koiuntura ekonomikoa eta Eusko Jaurlaritzak beste alor batzuetan egin behar izan dituen murrizketak kontuan izanda, esan daiteke, "nolabait" iazko aurrekontuei eustea lortu dela: "Ez dugu ahaztu behar gainera, aurtengo ikasturtean (datu osoak 2012ko irailera arte ez dira izango) nahiz datorrenean eskola ordu gutxiago aurreikusten dela, ikastaroen trinkotasuna jaitsi egin delako ikasleek hala esakatuta". Diru horretatik 10.911.000 euro bideratuko dira Euskaltegi Publikoetara, iaz baino 1.039.000 euro gutxiago. Euskaltegi pribatuen aurrekontuetan berriz, gorakada izan da: 20.730.000 euro jasoko dituzte, iaz baino 1.515.000 euro gehiago. Euskal Etxeek aurrekontua azkenik, mantentu egin da.

Amaitzeko, Urgellek hitz eman du Eusko Jaurlaritzak 2012rako euskaltegiekin izaniko konpromisoari eusteko ahaleginak egiten jarraituko duela: "Egunero entzuten ditugu krisi ekonomikoari buruzko albisteak. Zoritxarreko krisi horrek aurrekontuak murriztera behartu gaitu. Baina, zuen aurrean adierazi nahi dut Eusko Jaurlaritzak 2012rako euskaltegiekin izaniko konpromisoari eusteko ahaleginak egiten jarraituko duela. Euskaltegiak egiten ari diren lan ederra aintzat hartu eta baloratzen dugulako".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)