Euskaraldia
qrcode

Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasunezkoa da kanpotik datozen pertsonak euskarara hurbiltzeko zubiak eraikitzea

2025-04-09
  • Euskaltegietako ikasleen %10 inguru atzerriko etorkinak dira eta %12 beste autonomia erkidego batzuetakoak.
  • Ikasturte berri honetan A1 mailan ezarritako doakotasunaren bidea sustatzeko politikari esker, ikasle kopuruak %20 egin du gora eta ikasturtea oraindik ez da bukatu.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako sailburuordea, Aitor Aldasoro, eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) zuzendaria, Jokin Azkue, Legebiltzarrean izan dira 2022 urtean HABEk egindako Atzerritik etorritako kolektibo zaurgarriei euskalduntzea eragozten dieten oztopoen diagnostikoa txostenaren emaitzen inguruan azalpenak emateko. Esan dutenaren arabera, “Jaurlaritzarentzat lehentasunezkoa da kanpotik datozen pertsonak euskarara hurbiltzeko zubiak eraikitzea, erronka demografikoaren aurrean, etorkinek berebiziko garrantzia izango dutelako gure herriko etorkizunean eta honen ongizatean”.

Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordeak azaldu duenez, “euskara ez da erronka demografikoari erantzuteko elementu bakarra, baina euskara bada erronka demografiko horretan komunitate sentipena eta gizarte kohesioa lortzeko aukera ezin hobea”.

Zentzu horretan, Aldasorok azpimarratu du etorkinak euskarara hurbiltzeko erraztasunak eta erakartze politikak sustatu behar direla eta bide horri eutsiko diotela: “Gure helburua da doakotasunaren bidetik jarraitzea eta euskararen ezagutza ahalik eta gehien zabaltzea.”

Zentzu honetan bi neurri nagusi aipatu ditu Aldasorok: (1) Ikasturte berri honetan A1 mailan ezarritako doakotasunaren bidea sustatzeko politikari (ikasle kopuruak %20 egin du gora); eta (2) euskarazko harrera ikastaroak (ikasturte berri honetan, ikasle kopurua %10 igo da).

Ostean, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen (HABE) zuzendariak, Jokin Azkuek, azalpen zehatzagoak eman ditu.

AISA ikastaroak

Azkuek azaldu duenez, atzerritik etorritakoei euskarara hurbiltzeko harrera-ikastaroak dira AISA ikastaroak, eta programa honetako etorkinek euskara ikasteko zailtasunei eta oztopoei buruz zuten iritzia biltzea izan zuen helburu txostenak eta, horrela, euskalduntzean dituzten oztopoen oinarrizko argazki bat ateratzea.

Txostenaren arabera, euskalduntzeko zailtasun nagusiak lana eta familia euskara-klaseekin uztartzea eta dirua aurreratu behar izatea dira; eta, era berean, euskalduntzearen arrazoi nagusiak seme-alabak laguntzea eta herrian hobeto integratzea direla.

Zailtasunei aurre egiteko martxan diren neurrien berri eman du HABEko zuzendariak: “AISA programa garatzeko lankidetza-hitzarmena sinatua du HABEk Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Migrazio eta Erronka Demografikoko sailarekin, eta lankidetza horri esker ikastaro hori finantzatzen da eta guztiz doakoa da ikasleentzat. Hala, dirua aurreratzearen lehen oztopoa gainditzen dugu”.

Ikastaro hauen erakargarritasuna azpimarratu du HABEko zuzendariak etorkinak euskararen mundura hurbiltzeko. Izan ere, ikastaro hauetan euskara ikasteaz gain kultura eta eremu hurbileko osagaiak lantzen direlako

  • 2023-2024 ikasturtean 3.407 etorkin aritu ziren euskara ikasten helduak euskalduntzeko sisteman eta, horietatik, 686 matrikulatu ziren antolatutako 73 AISA taldeetan.
  • 2024-2025 ikasturte berri honetan, ikasle kopurua %10 igo da, iazkoarekin alderatuta, AISA ikastaroetan.

Euskara ikasteko doakotasunera bidea

Horri lotuta, Azkuek gaineratu duenez, ikasturte berri honetan jarri den A1eko ikastaroen matrikularen doakotasunerako bideak emaitza oso onak izan ditu: “Jaurlaritzak martxan jarritako neurri honi esker, ikasle kopuruak ia %20 gora egin du A1 mailan. Gainera, matrikulatu dira ohikoa den baino ikastaro trinkoagoan, ordu gehiagoko ikastaroetan. Zalantzarik gabe, berri oso ona da”. Aurreko ikasturtean ikasleak 2.588 ziren eta oraingoan 3.060 ikaslek jaso dute dirulaguntza hau.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak