Berriak Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza
Eu

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Lea estuarioan Baccharis halimifolia desagerrarazteko lanei ekin die

2012.eko apirilak 19

Landare exotiko inbaditzaile hori Ipar Amerikatik dator eta balio handiko paduretako habitatetan du eragina.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila laster Baccharis halimifolia landare exotiko inbaditzailea desagerrarazteko lanei ekingo die Leako estuarioko paduran, Mendexan eta Lekeition.  2010ean martxan jarri zen Euskal Autonomia Erkidegoko LIFE +estuarioak proiektura batutako ekintzetako bat da eta iaz hasi zen Urdaibain.  Estuario horretan lortutako emaitza onak ikusita beharrezkoa da landare horren ezabatze eta kontrol eremuak handitzen jarraitzea, landare hori mehatxu larria baita euskal kostako biodibertsitatearentzat.

Baccharis halimifolia Ipar Amerikako ekialdeko kostakoa da eta Europara XIX. mendean sartu zen apaingarri moduan.  Ordudanik Europako kosta atlantikoko estuarioak, padurak eta labarrak kolonizatu ditu apurka-apurka, gai baita ingurumen desberdinei egokitzeko eta gatz eta uholde maila aldakorrak jasateko.  Modu horretara, bertoko landareen ordez masa monoespezifikoak garatzen dira oso arin, eta biodibertsitatea gutxitzen da eta lurzoruaren ezaugarriak aldatzen ditu. 

Lea ibaiko estuarioan, 1914tik da ezaguna landare hori, baina azken urteetan hedapena izugarria izan da eta 2 hektarea baino gehiago okupatu du estuario txiki baina oso baliotsu batean.  Irlatxoetan eta ibaiko ertzetan daude, non leka eta ihi erkidegoak sortu dira eta bertan babestutako espezie batzuk daude ere.

Aurten hasitako eta udazkenera arte luzatuko diren lanekin hedapena kontrolatu nahi da, eta bertoko landareen berreskurapena sustatu.  Urdaibai eta Leako estuarioaz gain, proiektuak antzeko ekintzak biltzen ditu Txingudiko estuarioan.  Halaber, zabalkuntza eta sentsibilizazio kanpainak egiten dira, esku-orrien, erakusketen eta www.euskadi.net/life_estuarios webgunearen bidez, non proiektuaren eta ekintzen inguruko informazio guztia kontsulta daitekeen.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sail LIFE+ Euskal Autonomia Erkidegoko Estuarioak proiektuaren sustatzailea da ,onuradun koordinatzailea den heinean, eta LIFE+ programaren bidez finantzatzen da, hots, ingurumena finantzatzeko Europako Batzordearen tresna.  Hobek kudeaketan parte hartzen du onuradun elkartu gisa.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan