Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

“Administrazioak gizarte eragileen parte-hartzea behar du politika eraginkorragoa izan dadin”

2012.eko apirilak 19

 

  • Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak adierazi duenez, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak oso garrantzitsuak dira gai politikoen diseinuan eta kudeaketan

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Gemma Zabaletak adierazi duenez, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluek zeregin oso garrantzitsua betetzen dute gai politikoen diseinuan eta kudeaketan. Ekonomia eta Gizarte Kontseilu Autonomikoetako presidenteen eta idazkarien arteko topaketa izan da Bilbon eta Zabaletak topaketa horretan parte hartu duenean erakunde horien egitekoa nabarmendu nahi izan du. "Gizarte-eragileekin akordioak eginez gero, politikaren erabakietan helburuak eraginkortasunez eta modu efizientean beteko direla bermatzen da".

Sailburuaren esanetan, elkarrizketa eta parte-hartzea ez dira mesede bat, premia bat baizik. "Euskadin, politika publikoak negoziatu eta partekatu egiten dira, edo bestela ez dira publikoak", adierazi du. Hori dela-eta, administrazioak bere ingurune sozio-ekonomikoarekin erlazionatzeko eta elkar ulertzeko modua berritu behar izaten du. "Gobernantza berriaren arabera, erakundeak eta inplikatutako agenteak maila berean daude. Gizarte helduetan, pentsaezina da alor publikoa Erakundean hasi eta erakundean bukatuko denik. Mahai batean eseri eta azaldu, hitz egin, negoziatu eta erabakiak hartu behar dira. Ezein gizartek ezin ditu bere burua, bere elkarteak, bere kolektiboak alde batera utzi".

Horregatik, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak elkarrizketari eman dio garrantzia, formalago eta egonkorrago bihurtuta hiru alderdietan: elkarrizketa soziala, instituzionala eta zibila.

Gaur egun, Euskadin, Lanbideren barruan sindikatuek (UGT eta CCOO) eta patronalak modu aktiboan parte hartzen dute. Bestalde, Sailak Elkarrizketa Zibilerako Mahaia sortu eta formalizatu zuen; Mahai horretan hirugarren sektoreko ordezkaritza-erakundeak eta kolektibo sozialak biltzen dira eta erabaki zehatzak hartzen dituzte elkarrekin.

Elkarrizketa kudeatzeko hiru eremu horien (soziala, instituzionala eta zibila) kudeaketarekin batera, goian aipatu ditugun agente horietako asko biltzen dituzten kontsulta-organoen egitekoa ere aipatu behar da. Erakunde horien eginkizuna hobetzea izan da Jaurlaritza honen lehentasunetako bat; horretarako, Lan Harremanen Kontseiluaren Legea eraldatu dute berriki eta laster Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren Legea ere aldatuko dute.

Hartara, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua biziagoa eta erabakitzaileagoa izango da, eskumenak hobeto zehaztuta izango ditu, euskal gizartearen errealitatearekin bat datorren osaera izango du eta, batez ere, Kontseiluan inork ez du izango blokeorik eta beto paralizatzailerik ezartzeko aukera.

Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak 12 irizpen sinatu zituen 2008an eta lau 2009an, baina iaz 24ra iritsi zen. Horrek esan nahi du 2011. urtean emandako irizpenak 2006., 2007. eta 2008. urteetan guztira emandakoak adina izan direla.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)