Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Baja eragiten duten lan-istripuen kopurua ia % 20 murriztu da 2009an

2010.eko otsailak 01

Osalanek eraikuntza eta industria sektoreak "ikuskatuko ditu bereziki"

2009an, baja eraiten duten istripuen kopurua % 19,54 jaitsi zen Euskadin, erregistroen arabera. Guztira, 95.177 istripu erregistratu ziren, 62 hildakorekin, hots, aurreko urtean baino 15 gutxiago. Osalaneko Zuzendari Pilar Collantesek azaldu duenez, horren arrazoia da enpresariak prebentzioa "barneratzen ari direla"; halaber, beste arrazoi bat krisi ekonomikoak sortutako egoera da, zeren eta, enplegua duten pertsonak gutxiago direnez, gutxiago baitira istripuak pairatzeko arriskupean dauden langileak.

Euskadik 95.177 istripu erregistratu zituen 2009an; horietatik, 39.208k baja sortu zuten, lanaldian gertatutako lan-istripuaren eraginez. Horrek esan nahi du kopurua % 19,54 jaitsi dela. Osalaneko Zuzendari Pilar Collantesek azaldu duenez, jaitsiera horren arrazoi nagusia da enpresak eta langileak prebentzioa "barneratzen ari direla"; horrez gain, beste arrazoi bat da 2009an enplegatu gutxiago egon direla, krisi ekonomikoaren eraginez, eta horren ondorioz langile gutxiagok izan dutela lan-istripuak pairatzeko "arriskua".
Datu horiek gaur goizean jakinarazi dira, Bilboko Itsas Museoan egindako prentsaurreko batean. Osalaneko Zuzendari Pilar Collantesekin batera, prentsaurrekoan Lan Sailburuordea eta Jose Ignacio Mingolarra izan dira; Mingolarra eraikuntzaren alorreko lan-arriskuei buruzko segurtasun eta prebentzio araudi guztiak biltzen dituen argitalpen baten egilea da.

Istripu arin bezala sailkatutako istripuak 38.890 izan ziren, eta, hortaz, kopuru hori % 19,58 jaitsi da. Istripu larriak, berriz, 277 izan ziren, aurreko urtean baino % 9,48 gutxiago. 2009ko balantzearen arabera, 62 langile hil ziren beren lanpostuan, 2008an baino 15 gutxiago. Baja eragiten duten lan-istripuen osoko kopurutik, 4.008 in itinere gertatutako istripuak dira.

Prebentzio praktika egokien Batzar Nazionala

Lan Sailburuorde Carlos Zapaterok adierazi duenez, Osalanek aurten izango dituen helburuen artean eraikuntza eta industria "bereziki ikuskatzeko" helburua egongo da, horiexek baitira istripu gehien biltzen dituzten sektoreak, eta baita istripu larrienak biltzen dituztenak ere. Ildo horretatik, otsailaren 17an, eraikuntza sektoreko prebentzio praktika egokien Batzar Nazionala egingo da Donostiako Kursaal Jauregian.

Prentsaurrekoan, "Eraikuntza sektorearen segurtasun praktikoa" izeneko argitalpenaren berri eman da. Jose Antonio Mingolarrak idatzita, argitalpen horrek laburbiltzen ditu eraikuntza sektoreko lan-arriskuei buruzko segurtasun eta prebentzio araudi guztiak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Osalaneko Zuzendaria