Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintza Lisboan izango da, Portugalgo poliziarekin segurtasuna koordinatzeko

2012.eko apirilak 18

Ia lau mila euskal zale joango dira norgehiagoka ikustera

Bilboko ertzain-etxeko zenbait agente Lisboan dira, Portugalgo poliziarekin batera Lisboako Sporting taldearen eta Athleticen arteko partiduaren inguruko segurtasun-lanak koordinatzeko. 3.800etik gora zale zurigorrien espedizioarekin batera joango dira euskal poliziak. Izan ere, aurrez ikusitakoaren arabera, zale kopuru hori joango da Portugalgo hiriburura, partidua ikustera.

Ertzaintza harremanetan dago Lisboako Jose Alvalade estadioan segurtasun-neurriez arduratzen diren polizia-arduradunekin, Europa League-eko finalerdietako biharko partiduari begira.   Lankidetza horretan, lau euskal agente joango dira hara, hain zuzen ere, Athleticen partiduetan segurtasunaz arduratu ohi den unitateko agenteak, Portugalgo poliziari laguntzeko.

Athleticeko zaleak, batez ere, agentziek antolatutako bidaietan iristen ari dira Lisboara, baina, oraingoan, geografikoki nahiko hurbil dagoenez, baita norberak antolatutako bidaietan ere, autobusez zein autoz, edota low cost hegaldien bidez.

Polizia arteko lankidetza

Lisboara joan diren ertzainek zenbait batzar egingo dituzte partiduaren aurretik, azken informazioak trukatzeko, bai Portugalgo poliziarekin, bai UEFAko segurtasun-arduradunekin. Ertzaintzak Portugalgo arduradunei eman dien informazioan, liskargileak izan daitezkeen zenbait euskal jarraitzailerekin lotutako informazioa dago, istilurik eragin ez dezaten edota hango beste talde erradikal batzuen kontrako liskarretan parte har ez dezaten. Ildo horretan, gizarte-sareetan agertutako ustezko informazio batzuen egiazkotasuna ikertzen dabil Ertzaintza. Informazio horietan, ustez, lusitaniar jarraitzaile horien aurka egiteko deia luzatzen da.

Portugalgo poliziarekiko lankidetza hori kanporaketa osoan mantenduko da, horrela, liskargileak izan daitezkeen eta bueltako partidurako Bilbora etor daitezkeen portugaldar zaleei buruzko beharrezko informazioa izateko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan