Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Etxebizitza Saila, Nazio Batuek zerbitzu publikoari ematen dioten UNPSA sarietako finalean

2012.eko apirilak 18

"Etxebizitza gaietan, zure iritzia kontuan" partaidetzako proiektuak gainditu du azken galbahea

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren "Etxebizitza gaietan, zure iritzia kontuan" partaidetzako proiektua Nazio Batuek zerbitzu publikoari ematen dioten UNPSA sarietako finalera iritsi da, zerbitzu publikoan bikaintasuna aitortzeko nazioarteko sari garrantzitsuenetariko finalera, alegia.

Eusko Jaurlaritzaren proiektuak otsailean gainditu zuen lehen galbahea eta lehiaketaren bigarren itzulira iritsi zen. Oraingoan, beste hautaketa-prozesu bat gainditu eta lehiaketako finalera iritsi da Europa eta Ipar Amerikako eskualdearen barruan, Erabaki publikoen prozesuetan herritarren partaidetza hobetzen mekanismo berritzaileen bidez izeneko kategorian, hain zuzen.

Nazio Batuetako aztertzaileek, esperientzia ezberdinak bertatik bertara egiaztatu ondoren, maiatzean hartuko dute behin betiko erabakia.  

Finalera iristeak Europaren onespena ekarriko dio Jaurlaritzari, etxebizitzaren alorrean herritarren partaidetza eta politika egiteko modu berri baten alde egin duen apustuan. Prozesu honetan, Etxebizitza Sailak esperientzia berriak pilatu ditu, batez ere gizarte berrikuntza, transferigarritasuna, iraunkortasuna eta demokrazia gardentasunari dagokienez, baita entzute aktiboari eta konpromiso partekatuari buruz ere. Gainera, prozesuan parte hartu duten milaka herritarrek oso ondo baloratu duten prozesua izan da.

Etxebizitza Sailak aurkeztutako proiektu horrek etxebizitzako politika publikoak diseinatzean garatu diren partaidetzako hiru proiektuetan herritarren partaidetzaren aldeko apustu berritzailea biltzen du. 

  • 1. Hasteko, erakundeekin, gizarte eragileekin eta gizarte sareekin batera partaidetza prozesua abiatu zen, etxebizitza politikaren epe luzeko estrategia ildoei buruzko adostasuna lortzeko; emaitzak Etxebizitzaren Itun Soziala 2010-2025 lanean islatu zituzten, eta agiria ia 80 erakundek eta gizarte eragilek sinatu zuten.

 

  • 2. Programaren estaldura orokorra adostu ondoren, Eusko Jaurlaritzarako etxebizitza planerako jarraibideak osatzen laguntzeko eskatu zitzaien herritarrei, hau da, legegintzaldiko 4 urteetarako Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren jokabide ildoak zehazten laguntzeko, 2010-2013 aldirako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea; fase horretan 16.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte, eta planteatu zituzten ekimenen ia %70 bildu ziren.

 

  • 3. Diseinatutako etxebizitza politika arauz estaltzeko, Sailak herritarren partaidetzarako beste proiektu bat abiatu zuen Etxebizitza Legearen Aurreproiekturako; honako honetan, aldiz, 17.000 pertsona baino gehiagoren iritziak batu ziren, eta hobetzeko ia 200 proposamen egin zituzten; gaur egun, dagokion izapide-bidean jarraitzen du.

2011n 57 herrialdetako proiektuak aurkeztu ziren, eta Espainiak 2010, 2008, 2005 eta 2003. urteetako edizioetan zenbait sari lortu zituen, lehiaketak dituen kategoria desberdinetan.

UNPSA sariak

UNPSA sariak Nazio Batuen Gai Ekonomiko eta Sozialetarako Sailaren Administrazio Publikoaren eta Garapenaren Kudeaketaren Atalak kudeatzen ditu.

Munduko herrialde guztietan administrazio publiko eraginkorragoa eta ahalik eta erantzun-gaitasun handiena duena garatzeko erakunde publikoen lorpenak eta haien sormenezko ekarpenak aitortzea da sari horien helburua. Administrazio publikoaren eginkizuna, bere profesionaltasuna eta ikusgarritasuna sustatzen duen urteroko lehiaketaren bitartez, gobernantzarako berritasunak bilatu nahi dira,  berrikuntza sustatzeko funtzionario publikoak motibatu, zerbitzu publikoaren irudia goretsi, gobernuarekiko konfiantza areagotu eta arrakasta izan duten praktikak bildu eta zabaldu, herrialdeetan bertan eta beste herrialde batzuetan gauzatzeko.

Informazio gehiagorako: 

http://www.unpan.org/unpsa

http://www.euskadi.net/viviendaeuskadi

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan