Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Iñaki Arriola Sailburuak baieztatu duenez, Abetxukoko Tranbiaren hedapena uztailetik aurrera hasiko da zerbitzua eskaintzen

2012.eko apirilak 18

Obra zibila amaitu eta gero, une honetan energia, komunikazio eta errepide eta trenbide seinaleztapen proiektuak ari dira burutzen

Obrak hobekuntzak ekarri dizkio auzoari, hirigintza, ingurumen eta irisgarritasun alorretan

Gasteizko Tranbia Abetxuko erdialdera zabaltzeko lanetara egindako bisita batean, Iñaki Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailburuak, adierazi duenez, EuskoTran datorren uztailetik aurrera hasiko da Arabako hiriburuko auzo jendetsu horretako pertsonei zerbitzua eskaintzen.

Une honetan, energia, errepideko eta tranbiako seinaleztapen eta komunikazio proiektuen burutzapenean ari dira lanak burutzen. Obra zibilari dagokionez, amaituta dago, erremate txiki batzuen faltan.

Gasteizko tranbiaren Abetxukoko Adarraren 2. faseak 750 metroko luzera du, horietatik 450 trenbide bakarrean. Bi geraleku berri ditu. Lehenengoa Kristo kalearen 2. zenbakiaren parean dago, nasa alboan dago, espaloian sartuta. Horrela, nasa eta oinezkoentzako espazio publikoa aldi berean erabili daitezke. Amaierako geralekuko nasa erdian dago, Maiatzaren 1eko plazan, elizaren, anbulatorioaren, kiroldegiaren eta auzoko ikastetxeen ondoan.  

Trazatuaren lehenbiziko 200 metroak, Zadorra ibaiaren parkea inguratzen duen Presa kalearen espaloiaren ondotik doaz. Ibaia zeharkatzen duen oinezkoentzako igarobidearen parean, 28ko erradioa duen ezkerretarako kurba hartzen du, Kristo kalerantz biratzeko. Kale horretatik, zenbaki bikoitien espaloiaren ondoan, paraleloan doa, trenbide bakarrean. Ahal izan den heinean kale horretako zuhaitzak errespetatu dira, Udalak emandako aginduei jarraituz.

Geralekuen izena

Abetxukoko adarraren luzapenaren ondorioz, une honetan Abetxuko izena duen linearen amaierako geralekuak Kañabenta izena hartuko du, euskarazko hitzak "Venta de la Caña" toponimikorako duen ahots bakarra erabiliz.

Toponimiko hori XIX. mendearen idazkietan agertzen da, eta ardiek, Arakako zelaietara bazkatzera joateko zeharkatzen zuten tokia definitzen du. Kanaberek Zadorra ibaiko landaredia izendatzen dute. Hurrengo geralekuak Kristo izena hartuko du. Gasteiztarrek, XIX. mendean, Trasponten dagoen Badaiako Santa Katalinako komentutik Abetxuko herriko San Migel elizara eramandako irudiari zioten begirunea adierazten du. Azken geralekuak, amaierakoak, Abetxuko izena izango du, jomugaren izenari eutsiz. Geralekuaren izenak Udalarekin, Euskaltzaindiarekin eta Gasteizko toponimiari buruzko zenbait azterlan egin dituen Elena Martinez de Madinarekin adostu dira.

Hobekuntzak Abetxukorako

Obren ondorioz zenbait zerbitzu berrezarri behar izan dira. Horri esker, 50 urte baino gehiago zituen Kristo kaleko saneamendu sare nagusia goitik behera berriztatu ahal izan da. Horrez gain, saneamenduaren bilketarako kolektorea instalatu da Presa kaleko aparkalekuen azpian. Horrela, ibaibidetik zihoazen etxebizitza bakoitzeko deribazioak zerbitzurik gabe utzi ahal izan dira. Iberdrolaren kanalizazioetako asko ere berriztatu ahal izan dira. Kanalizazio horietako hainbat fibro-zementuzkoak ziren.

Beste alde batetik, tranbia luzatzeko lanak, Euskaltelen hariteria auzo horretan hedatzeko egiten ari diren lanekin koordinatu dira, kaleak etorkizunean izango dituen eraginak ahalik eta gehien murrizteko eta inguruko biztanleek ahalik eta telekomunikazio sare hoberena izan dezaten. 

Obrak metroz metro zehaztu dira, eta horretarako oso lagungarria izan da Gasteizko Udaleko Bide publiko zerbitzuaren laguntza bikaina. Horri esker, tranbia gaineko bidegurutzeen hiri integrazioa hobetu ahal izan da, oinezkoentzako igarobidearen inguruan, Presa kaletik zein Kristo kaletik datozen oinezkoentzat igarotze azkarra egiteko aukera ematen duen galtza-sarbidea definituz, eta ibaiaren inguruan oso ibilaldi atsegina egiteko aukera ematen duen lorategi gunea eratuz.

Tranbiaren lanek, tranbiaren plataformaren hondeaketa lanen eragina jaso duten espazioak baino ez dituzte urbanizatuko. Hala ere, lan horiek eskaintzen duten aukeraz baliatuz, espaloietarako eta eraikinetarako irisgarritasuna hobetuko duten lan txikiak egin dira. Horrela, Caracol etxeko merkataritza lonja batera sartzeko eskaileraren zati bat eraitsi egin da, eta Kristo kaleko espaloiaren lorategiko zintarria atzeratu egin da, txorkoak zeuden gunean metro bakarreko igarobidea zegoen tokian, espaloi simetrikoaren antzeko dimentsioak dituen oinezkoentzako gunea sortuz.

Horrez gain, tranbiaren plataforma egungo espaloiaren kotan definitu da, zabaltasun sentsazioa emateko eta oinezkoen mailan dauden gurutzaketak sortzeko, automobilentzat areka txikiak sartuz.

Beste alde batetik, anbulatorio ondoko lorategiko zintarria ere pixka bat atzeratu da, eta eserleku bat jarri da autobusaren markesina zaharra zegoen tokian.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                               

Horrez gain, Maiatzaren 1eko plaza osoa asfaltatu egin da, eta beste 30 aparkaleku plaza sortu dira inguru horretan pintura erabiliz, bide homogeneoak definituz.                                                                                                                                                                                                                                                                                                                               

Azkenik, Abetxukoko ikastolara sartzeko arrapala bat eraiki da, orain arte zeuden hiru eskaileren ordez, ikasleak eta gurasoak errazago sartu ahal daitezen.

Hobekuntzak ingurumenaren alorrean

Atal honetan, lanek, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Bio-aniztasun Zerbitzuak, ibaiaren ingurua babesteko, eman dituen aginduak bete dituzte. Izan ere, inguru hori interes bereziko gunea da bisoi europarrarentzat eta igarabarentzat, eta espezie horiek Mehatxaturiko espezieen Euskal Katalogoaren arabera desagertzeko arriskuan dauden espezieak dira. Horrez gain, Erkidegoko Interes Gunea (EIG-LIC) ere bada. Hori dela eta, lanek bisoiaren ugalketa garaia (martxotik uztailera) errespetatu dute, eta ingurua aztertu egin da, igarabarik zegoen ala ez ikusteko.

Tranbia joango den gunea oso ingurune eraldatua eta antropizatua denez, ubidean haltzak, astigarrak eta lizarrak landatu dira, beste zuhaixka espezie autoktono batzuekin batera. Horiek guztiak hazten direnean, orain ez dagoen erriberako landare tanpoia eratuko dute. Horretarako, ingurua garbitu egin da, landare masa horren garapena ezinezko bilakatzen zuten eta Caracol etxeko biztanleei argia kentzen zioten espezieak (makalak) moztuz.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)