Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Erakunde guztien familia politika koordinatuko duen organoa sortu da (2012-04-17(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko apirilak 17

Dekretua, Familiaren Euskal Kontseilua.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Familiaren Euskal Kontseiluaren egitekoak, osaera eta oinarrizko funtzionamendu-jarraibideak arautuko dituen dekretua onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak. Erakunde hori arduratuko da familia-politikaren arloan administrazioen arteko lankidetza egituratzeaz, Euskadiko erakunde publikoen arteko koordinazioa bermatuz Familiei Laguntzeko Legearen eta Familiei Laguntzeko Erakunde arteko Planaren aplikaziotik eratortzen diren jardueretan.

Haren egiteko nagusien artean dago lege-aurreproiektuei, dekretu-proiektuei eta familia-arloko araubideei buruzko txostenak egitea. Horrez gain, irizpenak emango ditu familiei laguntzeko erakunde-arteko planen betetze-graduari buruz, eta Eusko Jaurlaritzari eta Euskadiko beste erakunde publikoei aholkularitza, proposamenak, ekimenak eta gomendioak eskainiko dizkie familia-politikaren inguruko gaietan.

Kontseilua kide anitzeko 4 organok osatuko dute: Osoko Bilkura, Sail arteko Batzordea, Erakunde arteko Batzordea eta Batzorde Iraunkorra. Osoko bilkura 32 kidek osatuko dute; horien erdiak herri administrazioetakoak (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak) eta beste erdiak familien interesak babesten dituzten erakundeetakoak, enpresaburuen elkarteetakoak, sindikatuetakoak, kooperatibetakoak eta gizarte-zerbitzuen alorrean lan egiten duten lanbide-erakundeetakoak.

Osoko Bilkura urtean bi aldiz bilduko da ohiko gisa, eta ezohiko bilera egingo du presidenteak bere ekimenez erabakitzen badu edo kideen gutxienez heren batek eskatzen badu. Bestalde, batzordeek ohiko bilera egingo dute urtean bitan, eta, salbuespen gisa, presidenteak bere ekimenez egiten badu deialdia, edo kideen gutxienez heren batek eskatzen badu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan