Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbidek 32,6 milioi euro erabiliko ditu euskadiko ezinduentzat 7.500 lanpostu sortzen laguntzeko (2012-04-17(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko apirilak 17

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Kontzeptua: gaitasunez urritutako gizabanakoak enplegu-zentro berezietan laneratzeko diru-laguntzak, 1998ko urriaren 16ko Aginduan aurreikusitakoak.

Jaurlaritzaren kontseiluak gaur onartu duenez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aurten 32.6 milioi euro erabiliko ditu hilean batez beste 7.500 lanpostu sortzeko, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat duten Euskadiko herritarrentzat. Diru kopuru hori aurreko legegintzaldiko azken urtean egondakoa baino % 23 handiagoa da, eta urte hartan 6.097 lanpostu finantzatu ziren, batez beste.

Babestutako 7.413 lanpostuetatik, % 50 inguru desgaitasun psikikoren bat duten Euskadiko langileentzat izango dira; % 44 desgaitasun fisikoa dutenentzat eta gainerako % 6a desgaitasun sentsoriala dutenentzat.

Giza talde horrek 92 enplegu-zentro berezitan lan egiten du; horietatik 25 Araban daude, 44 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan. "Enplegu-zentro bereziak zubi bat dira desgaitasunak dituzten pertsonak lan-merkatu aurrera sartzeko; horregatik, Estatuan ere jarraitzeko moduko eredua dira", esan du Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.

"Haien jarduera ekonomikoa antolatzeko duten moduari, erabiltzen dituzten tresnei eta erakundeen sostenguari esker Euskadiren ondare eztabaidaezina dira, eta eredu bikaina ekoizpen-ehun osoarentzat, hirugarren sektorearentzat eta Euskadiko erakundeentzat", azpimarratu du Zabaletak.

Lanbideren administrazio-kontseiluko presidenteak gaineratu duenez, "Enplegu-zentro bereziek erakutsi digute guztiz posible dela enpresa batek gizarte-eitea izatea, historian lan-merkatutik baztertuta egon diren giza taldeak beraien baitan hartu eta lanean jartzeko gauza direlako. Izan ere, lana egonkorra eta kalitatezkoa bada, pertsonei laguntzen die, eta are eta eragin handiagoa dauka familiengan eta lantoki horietako langileengan".

Joan den urtean Lanbidek 7.412 lanpostuetarako diru-laguntza eman zuen batez beste, desgaitasunen bat zuten Euskadiko langileentzat. Horietatik, % 58,9k zerbitzuen sektorean lan egin zuen, % 34,6k industrian eta gainerako % 6,5ek nekazaritzan edo eraikuntzan. 7.413 kontratuetatik, 4.250 finkoak ziren.

"Enplegu-zentro berezien eta enpresa arrunten arteko desberdintasun nagusia haien eginkizun soziala da, desgaitasunak dituzten langileen laneratzea eta gizarteratzea sustatzen baitute", azpimarratu du Zabaletak.

65 milioi baino gehiago

"Euskadin, enplegu babestuak, krisi ekonomikoari aurre egitea baino areago, langileen kopurua igo egin du, eta horrek agerian uzten du sektorearen indarra", goraipatu du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak. "Aspalditik partekatzen dugun lorpena da. Erakundeek enpresa horien administrazio-kontseiluetan duten zuzeneko parte hartzeaz gain, gogorarazi nahi nuke Lanbidek sortu bezain laster hartu zituen lehenengo erabakietako bat giza talde horrentzako laguntzen deialdia egitea izan zela".

2011ko urtarrilean abian jarri zenetik, Euskal Enplegu Zerbitzuak 65 milioi euro baino gehiago erabili ditu sektorean lanpostu gehiago sortzeko egitasmoak finantzatzeko eta enplegu-zentro berezietan lanpostuen iraupena bermatzeko diru-laguntzetarako. Horrez gain, Lanbidek beste bi milioi euro jarri ditu Jarduera Profesionalari laguntzeko Unitateei laguntzeko. Unitate horiek Enplegu-zentro berezietako diziplina anitzeko giza taldeak dira, eta laneratzeko zailtasun handienak dituzten langileei laguntza eta lanbide sustapena ematen diete. Halaber, bi milioi euro gehiago onartu zituen desgaitasuna duten pertsonek enplegu arruntean lan egonkorra izan dezaten sustatzeko eta babestutako enplegutik enplegu arruntera igarotzen laguntzeko.

4,5 milioi gehiago

Bestalde, Lanbidek 4,5 milioi gehiago erabiliko ditu Lan Jarduerari Laguntzeko Unitateentzat. Unitate horiek Enplegu-zentro berezietako diziplina anitzeko giza taldeak dira, eta % 65etik gorako adimen-desgaitasuna, buru-nahasmendua, desgaitasun fisiko edo sentsoriala direla-eta laneratzeko zailtasun handienak dituzten langileei laguntza eta lanbide sustapena ematen diete.


EBOLUZIOA AUTONOMIA ERKIDEGOAN

Urtea Babestutako lanpostuak
2005 6.259
2008 6.097
2009 6.634
2010 7.120
2011 7.413
2012 7.500

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan