Berriak Lehendakaritza
Eu

Jiangsu probintziarekin lankidetza hitzarmen bat izenpetzea onartu da (2012-04-17(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2012.eko apirilak 17

Erabakia: zenbait arlotako elkar-trukea eta lankidetza garatzeko Jiangsu (Txina) probintziarekin adiskidetze-harreman baterako erabakia harpidetzeko baimena ematekoa

Jaurlaritzaren Kontseiluak oniritzia eman dio lankidetza hitzarmen bat izenpetzeari Euskadiren eta Jiangsu probintzia txinatarraren artean. Hitzarmen horren sorburua lehendakariak 2010ean egin zuen merkataritza eta erakunde misioan datza eta Patxi Lópezek eta Xu Ming Jiangsuko gobernadore ordeak izenpetuko dute, gobernadore ordeak hilabete honen bukaeran Euskadira egingo duen bidaian zehar.

Euskal ordezkaritzak Txinara erakunde bidaia egin zuenetik hona, Euskadik eta Jiangsuk lankidetza harreman ugari izan dituzte, Txinako probintzia horretan euskal enpresak kokatzea ekarri dutenak, izan ere, bi eskualdeek logistika eta teknologia azpiegitura oso garatuak dituzte, baita zenbait sektore estrategiko komun ere.

Hain zuzen, gaur onartutako hitzarmenak bost urteko iraupena izango du luzatzeko aukera ere badago eta lankidetza esparruak bilatzen ditu enpresa alorraz gain beste hainbat alorretan ere, hala nola, merkataritzan, zientzia eta teknologian, energian, nekazaritzan, kulturan, hezkuntzan, ingurumenean, enpleguan eta gizarte gaietan.

Hitzarmen testuak bi aldeen konpromisoa jasotzen du alor horietako bakoitzean esperientziak eta lankidetza trukatzeko, bi aldeen garapen joria bilatze aldera.

Beraz, plataformak ezartzea bultzatuko da, bi eskualdeak elkarri lagun diezaioten tokian tokiko zenbait merkataritza jardueretan hala nola, azoka, mintegi, aurkezpen eta negoziazioetan; aukera emango da emaitzak eta pertsonal zientifiko eta teknikoa trukatzeko I+G+b proiektuak garatzen dituzten enpresen artean; eta goi mailako hezkuntzako erakundeen arteko lankidetza bultzatuko da, baita ikasleak eta irakasleak trukatzea ere.

Bestalde, hitzarmenak aukera emango du turismo alorreko elkarteen eta enpresen artean lankidetzan aritzeko, merkatuak ustiatu eta turismo produktuak garatzeko, baita bi eskualdeok abangoardiako helmuga turistiko gisa sustatzeko ere. Ingurumenaren arloan, halaber, klima aldaketaren kontrako borrokan, uraren kudeaketan eta garapen jasangarrirako estrategia lantzean izandako esperientzien eta jardunbide onen berri emango diote elkarri.

Lankidetza hitzarmen honetan jasotako ekintza guztiak Jiangsuko Gobernuaren Kanpo Harremanetarako Bulegoak eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak antolatu eta koordinatuko dituzte.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan