
Saltokiei laguntzeko MEC programa 3 milioi euro baino gehiagotan handitu da azken urteotan
- Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko (MEC) programa da saltokietan eragin zuzenena duena, eta, horregatik, 2025ean, berriro ere, bere zenbatekoa igo du 4,6 milioi eurora arte.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean, Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko MEC programari buruzko balorazioa egiteko.
Saltokiek trantsizio hirukoitzari —ingurumenekoari, soziodemografikoari eta digitalari— egin behar diote aurre. Egoera horretan, Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko programak, lehenik eta behin, merkataritza-establezimenduaren, altzarien eta ekipamenduen irudia berritzen lagundu nahi du. Bigarrenik, ekipamendu eta aplikazio informatikoetan berrikuntzak egitea eta teknologia berriak sartzea bultzatzen du, enpresa-kudeaketa hobetzeko.
"Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko programak du eragin argiena saltokietan, eta harrera onena du bertako profesionalen artean. Hori dela eta, 2020ko 1,35 milioi eurotik 2025eko 4,6 milioi eurora handitu dugu haren zuzkidura. Saltokiak eta merkataritza-zerbitzuak modernizatzeko, digitalizatzeko eta berritzeko beharretara zuzenean bideratutako programa delako. Eta hori funtsezko puntua da bertan egin behar den eraldaketan".
2024ko deialdiko azken datuei dagokienez, Sailburuak azaldu du 4 milioi euroko aurrekontuarekin MEC programarako 1.508 eskaera aurkeztu zirela eta 980 eman zirela. 197 eskaera atzera bota ziren baldintzak betezen ez zituztelako edo, haiek hala eskatuta, baja eman zitzaielako; 331, berriz, ezin izan ziren onartu kreditua agortu zelako.
"Horregatik, 2025era begira aurrekontua 600.000 eurotan handituko dugu. Aste batzuk barru argitaratuko dugu MEC 2025 programaren agindua; bertan zuzkidura 2024ko 4 milioi eurotik 4,6 milioi eurora pasatuko da, saltokien beharrei erantzunez”.
Aurrekontua handitzeaz gain, deialdietan zehar, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak baldintzak hobetu ditu laguntzak optimizatzeko eta merkatarien beharretara egokitzeko. Hala, 2024an saltokiek inbertsioaren gaineko % 40rainoko dirulaguntza jaso ahal izan dute, aurreko urteko % 25en aldean. Era berean, 10.000 euro arte igo da gehieneko laguntza, enpresetan benetako efektu eraldatzailea bultzatzeko. Era horretan, azken deialdian saltoki bakoitzeko emandako batez besteko laguntza handienak lortu dira, batez beste 4.000 euro.
“Eta hori egiten jarraituko dugu, programak, laguntzak eta dirulaguntzak berregokituz eta optimizatuz, premia eta egoera berrietara egokitzeko. Hori guztia merkataritza sendo, lehiakor, berritzaile eta jasangarriaren aldeko Merkataritza 2030 Estrategiaren barruan” esanez amaitu du sailburuak.