qrcode

Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideetarako laguntzen 2025eko deialdiak 880.225 euro izango ditu (Gobernu Bilera 2025-03-18)

2025-03-18
  • Kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzen duten nekazariei eta informazio- eta sustapen-jarduerak egiten dituzten ekoizle-taldeei zuzenduta
  • Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari, nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate-araubideetarako laguntzen 2025eko ekitaldirako oinarriak onartzeko denari.  Kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzen duten nekazariei eta informazio- eta sustapen-jarduerak egiten dituzten ekoizle-taldeei zuzenduta daude. Ekimenak guztira 880.250.88 euro izango ditu.

Amaia Barredo´ren arabera, "Euskadiko kalitate-araubideetarako laguntzek funtsezko onurak dakarzkie ekoizleei, kontsumitzaileei eta, oro har, nekazaritzako elikagaien sektoreari. Lehiakortasunari bultzada ematen diogu, ekoizleei kalitatezko zigilu aintzatetsien atxikimendu berriei lagunduz, hala nola Jatorri Deitura Babestuei (BJD), Adierazpen Geografiko Babestuei (AGB) eta Ekoizpen Ekologikoari, eta haien produktuen ospea indartzen dugu eta merkatuan gehiago baloratzea ahalbidetzen du".

"Laguntza horiei esker, kalitate-erregimen horietan sartzeko kostua murriztu ahal izango degu, ekoizle txikiei balio handiko merkatuetan lehiatzea erraztuz. Gainera, balio erantsi handiagoa sortzen, landa-ekonomia indartzen eta despopulazioa saihesten laguntzen dute. Gizarte-mailan, ondorio positiboak dituzte, tokiko produktuen eta produktu iraunkorren kontsumoa sustatzen baita, elikadura-segurtasunari, trazabilitateari eta iraunkortasunari buruzko estandar zorrotzagoak betez" nabarmendu du Sailburuak.

Laguntza horiek bat datoz 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoarekin. Gainera, diruz lagundu daitezkeen kalitate-araubideetan 2021ean eta 2022n izena eman eta 2 urteko onargarritasuna agortu ez zuten pertsonei zuzendutako lerro bat ere barne hartzen dute.

Bai pertsona juridikoek bai fisikoek bide elektronikotik aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Euskadiko Administrazioaren egoitza elektronikoan sartuta. Aurreko ekitaldietan deitutako laguntzen onuradun izan direnek, eta aldaketarik izan ez bada, ez dute aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko, eta pertsona juridikoen, sozietate zibilen eta ondasun-erkidegoen kasuan berariazko erabakia aurkeztu beharko dute.

Gainera, laguntza eskatzen dutenek, dokumentazio orokorraz gainera, honako hauek ere aurkeztu beharko dituzte: memoria, ustiategiaren identifikazioa, kokapena, titulartasuna eta ekoizpen-mota jasotzen dituena; bere titulartasunekoa den eta egoera aktiboan dagoen nekazaritza-ustiategia Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria; kalitate-araubideetakoren batean inskribatuta dagoela egiaztatzen duen agiria, bai eta erregistratuta dituen hektareak, abelburuak, erlauntzak eta esne-litroak, laguntzaren zenbatekoa kalkulatu ahal izateko. Kalitate-araubide horretako inskripzio-data ere adieraziko da, eta ekoizpen ekologikoaren kasuan, baita sartu zeneko data ere.  

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita. Erabakia emateko epea sei hilabetekoa da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita.

Finantzaketa

Laguntza-programa 2025eko ekitaldian Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzaren eta LGENF funtsaren aurrekontu-kredituen kargura finantzatuko da.

Nekazariek kalitate-araubideetan parte hartzeko 7131 esku-hartzean aurreikusitako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kreditua Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzaren eta LGENFen artean finantzatuko da, 100.000 euroko zenbatekoan, eta horietatik 57.000 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira (% 57) eta 43.000 euro LGENF funtsaren kargura (% 43), Euskal Autonomia Erkidegoko NPBren Plan Estrategikoaren babesean. Eta zati ez-kofinantzatu bat, Estatuko finantzaketa osagarri gisa aurreikusita dagoena, 25.774,91 eurokoa, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzaren kargura finantzatuko da. Horiek guztiak 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

Kalitate-araubideetan sartuta dauden produktuen informazio- eta sustapen-jardueretarako 7132 esku-hartzean aurreikusitako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-kreditua Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzaren eta LGENFen artean finantzatuko da, 202.903,03 euroko zenbatekoan, eta horietatik 115.658,15 euro Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko dira (% 57) eta 87.250,88 euro LGENF funtsaren kargura (% 43), Euskal Autonomia Erkidegoko NPBren Plan Estrategikoaren babesean. Eta zati ez-kofinantzatu bat, Estatuko finantzaketa osagarri gisa aurreikusita dagoena, 450.382,64 eurokoa, Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzaren kargura finantzatuko da. Horiek guztiak 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio.

2015-2022 aldiko Landa Garapeneko Programaren barruan (LGP, 3.1 neurria) nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntzak finantzatzera bideratutako aurrekontu-kreditu osoa Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da. Kopurua 101.184 eurokoa da.  Horiek guztiak 2025eko ekitaldiko ordainketa-kredituari dagozkio. Kopuru osoa, beraz, 880.250,88 eurokoa da 2025eko deialdirako.

Laguntza-motak

Laguntzak hiru motatakoak dira:

a) 7131 Esku-hartzea: Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza. Urteko ordainsari bat emango da ustiategiko; ordainsari horren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira zenbaterainokoak diren eskatzaileari kalitate-araubideetako partaidetzak eragiten dizkion kostu finkoak, onuraduna inskribatzen denetik 5 urtera gehienez.

b) 7132 esku-hartzea: Informazio- eta sustapen-jardueretarako laguntza, ekoizle-taldeek Erkidegoko merkaturako egindako jardueretarako, kalitate araubideren batek estalitako produktuei begira. Dirulaguntza zuzen baten bidez lagunduko da informazio- eta sustapen-ekintzetan diruz lagundu daitezkeen kostuen ehuneko baten gainean.

c) 3.1 neurria, 2015-2022 aldiko Landa Garapeneko Programakoa, nekazariek kalitate-araubideetan lehenengo aldiz parte hartzeko laguntzak. Urteko ordainsari bat emango da ustiategiko; ordainsari horren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko dira zenbaterainokoak diren eskatzaileari kalitate-araubideetako partaidetzak eragiten dizkion kostu finkoak, onuraduna inskribatzen denetik 5 urtera gehienez. Diruz lagundu daitezkeen kalitate-araubideetan 2021ean eta/edo 2022an izena eman eta laguntza jasotzeko eskubidea aitortua izan zuten pertsonen eskaerak bakarrik onartuko dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko