qrcode

Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak 88 etxebizitza babestu berri eraikitzea sustatuko du Derion, eta 107,75 milioi euro mobilizatuko ditu laguntza publikoetan (Gobernu Bilera 2025-03-18)

2025-03-18
  • Gobernu Kontseiluak 2025 kredituak argitaratzeko agindua baimendu du; horrek Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikaren barruan jarduketa-ildo nabarmenetara bideratutako laguntzak % 14,76 handitzea ekarriko du

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren eta Construcciones Sukia Eraikuntzak SL erakundearen arteko hitzarmena sinatzea onartu du, babes ofizialeko 88 etxebizitza sustatzeko. Proiektu hori alokairu eskuragarria sustatzeko estrategiaren barruan kokatzen da, eta horrek 3,96 milioi euroko inbertsioa ekarriko du zuzeneko laguntzetan. Derioko (Bizkaia) sustapen berriak indartu egiten du Eusko Jaurlaritzak etxebizitza babestua eskuratzeko eta alokairuko parke publiko eskuragarria handitzeko duen konpromisoa, eta egonkortasuneko eta segurtasun juridikoko esparru bat bermatzen du sustatzaileentzat zein etorkizuneko maizterrentzat.

Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok nabarmendu duenez, sustapen horrek "Euskal Autonomia Erkidegoan alokairu eskuragarriaren eskaintza zabaltzea ahalbidetzen du, diru-sarrera ertainak dituen biztanleriaren sektore zabal bati etxebizitza eskuratzea erraztuz eta Derioko udalerrian gizarte-kohesioa bultzatuz". Halaber, azpimarratu duenez, "lankidetza publiko-pribatuaren eredua funtsezkoa da denboran irauteko bokazioa duen etxebizitza babestuaren garapena bultzatzeko".

Alokairu-eredu eskuragarria, erakundeen laguntzarekin

88 etxebizitza horien sustapenak 2022ko urriaren 14ko Aginduan ezarritako zuzeneko laguntzak jasotzen ditu. Agindu horren arabera, 45.000 euroko dirulaguntza emango da etxebizitza bakoitzeko, errentamendu babestuaren araubidean gutxienez 50 urtez erabiliko direla bermatzen denean. Gainera, higiezinak 21.000 eta 39.000 euro bitarteko urteko diru-sarrera haztatuak dituzten pertsonentzat izango dira, metro koadroko 8 eurotik beherako alokairu-prezioak bermatuz.

Aldekone Goikoa sektoreko SZ-R6E eta SZ-R6F partzeletan garatuko diren etxebizitzek etxebizitza babesturako eskatutako kalitate-estandarrak izango dituzte, eta atxikita trastelekuak eta garaje-plazak. Sustapena, amaitutakoan, Q-Living Aldekone SL sozietateak kudeatu ahal izango du, eta Construcciones Sukia Eraikuntzak SLk bere gain hartutako konpromisoetan subrogatuko da.

Jarduketa horren bidez, Eusko Jaurlaritzak indartu egiten du Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza eskuratzeko duen politika, alokairu-eredu babestu bat sendotuz; horrek higiezinen merkatuaren presioa arintzen laguntzen du eta herritarrentzat eskuragarria den alternatiba bat errazten du.

"Horrelako ekimenek alokairuko etxebizitzen parke publiko bat garatzen jarraitzeko aukera ematen digute, prezio arautu eta eskuragarriekin, euskal familia askorentzat epe ertain eta luzerako egonkortasuna bermatuz", esan du amaitzeko Itxaso sailburuak.

107,75 milioi euroko gastua onartzea EAEko etxebizitza-politikaren jarduketa-ildo nabarmenetarako.

Martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuak, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoak, 45.4 artikuluan ezartzen duenez, urtero, ekitaldi bakoitzeko lehen hiru hilabeteen barruan eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren agindu bidez, dekretu horretan jasotako babes-jarduketei buruzko laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoa argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Esparru horretan, gaur Gobernu Kontseiluan jakinarazi den 2025 kredituen publizitateari buruzko Aginduak etxebizitza-arloko hainbat laguntza finantzatzeko dauden funtsak baimendu eta argitaratu ditu, 107,75 milioi euroko zenbatekoarekin. Laguntza horien artean daude:

  • Etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak (1. eta 2. lerroak), ordainketa- eta konpromiso-kredituekin, guztira 36 milioi euro.
  • Alokairua sustatzea, ordainketa- eta konpromiso-kredituekin, guztira 30 milioi euro.
  • 2025eko Finantza Hitzarmenaren interes-puntuen subsidiazioa, ordainketa- eta konpromiso-kredituekin, guztira 7,15 milioi euro.
  • Etxebizitzak energia-efizientziaz birgaitzeko dirulaguntza (3. lerroa), ordainketa- eta konpromiso-kredituekin, guztira, 9,2 milioi euro.
  • Gaztelagun programa, guztira 25 milioi euro.
  • Etxebizitza libre erabilia eskuratzeko laguntzak: 400.000 euro.

2025eko kredituen publizitateari buruzko Aginduak 13.856.793 euroko gehikuntza dakar 2024ko kredituen publizitateari buruzko Aginduarekin alderatuta, hau da, % 14,76ko igoera Eusko Jaurlaritzaren etxebizitza-politikaren barruko jarduketa-ildo horietarako laguntzetan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko