Berriak Hezkuntza
qrcode

Hezkuntza Sailak atzerriko hizkuntzetan ahozkotasuna indartuko du ikastetxe publikoetan, elkarrizketa-laguntzaileen bidez (Gobernu Bilera 2025-03-18)

2025-03-18
  • Hezkuntza Sailak ingelesezko, frantsesezko eta alemanezko 171 elkarrizketa-laguntzaileren egonaldia finantzatuko du datorren 2025-2026 ikasturterako

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, baimena eman du, Hezkuntzako sailburuak proposatuta, Hezkuntza Sailaren eta Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Kirol Ministerioaren arteko lankidetzarako oinarriak izenpetzeko, 2025-2026 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoak elkarrizketa-laguntzailez hornitzeko.

Hitzarmen horren bidez, Hezkuntza Sailak aurreikusten du bere ikastetxe publikoetan aritzeko 171 elkarrizketa-laguntzaile finantzatzea datorren ikasturtean, batez ere Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako ikastetxeetan, ikastetxe horietan atzerriko hizkuntzen ikaskuntza bultzatzeko eta sustatzeko helburuarekin. Hezkuntza Sailak finantzatuko dituen 171 laguntzaileetatik 157 ingeleseko elkarrizketa-laguntzaileak izango dira, bederatzi frantsesekoak eta bost alemanekoak.

Hezkuntza Sailak 1.094.400 euro bideratuko ditu langile horien egonaldiak finantzatzeko; horri esker, ikasleek atzerriko hizkuntza horietan duten ahozkotasun-maila indartuko dute.

Irakasle titularrei laguntza ematea ahozkotasuna indartzeko

Elkarrizketa-laguntzailea duela gutxi graduatutako pertsona bat da, edo azken mailako unibertsitate-ikaslea bere jatorrizko herrialdean; laguntzaile horri ez zaizkio irakasle titularraren berezko erantzukizunak egotziko, eta, beraz, ez du berak bakarrik irakatsiko. Horrela, bada, irakasle titularrei atzerriko hizkuntzako eskoletan laguntzea da haien zeregina, eta beren funtzio espezifikoak ikasleen ahozko trebetasunak indartzera bideratuta daude funtsean. Astean 12 orduz ematen dituzte eskolak, irakasle titularrak lagunduta.

Irakasleak koordinatuta eta gainbegiratuta, laguntzaileari zeregin hauek esleitu ahal izango zaizkio, besteak beste: elkarrizketa-praktika espezifikoak, irakasleen prestakuntza, hizkuntza eta kultura ikasteko materialak prestatzea, edo norberaren herrialdeko kulturara hurbiltzea.

Bakioko Urkitza HLHI handitzeko beste urrats bat

Bakioko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxea handitzeko lanak egiteko 5.000.000 eurotik gorako gastua kontratatzeko baimena gaur onartu du Gobernu Kontseiluak.

Egungo jantokia eraitsiko dute, eta horren ordez hiru solairu izango dituen eraikin berria egingo dute. Eraikin berri horretan ikasgela berriak, gimnasioa eta jangela berria ezarriko dira. 6,7 milioi euroko inbertsioa eskatuko duen proiektua esleitu ondoren, 2027ra arte luzatuko diren lanak hasiko dira.

Helburu nagusia da egungo beharrei erantzungo dien ikastetxe bat eskaintzea udalerriari, ikasteko instalazio eta espazio malguak izango dituena, eta gainera, energetikoki irisgarriak, jasangarriak eta eraginkorrak izango direnak.

Hezkuntza Eraiki 2030

Jarduketa hau Imanol Pradales lehendakariak atzo bertan aurkeztutako Hezkuntza Azpiegituren Planaren barruan kokatzen da. Plan hau apustu estrategikoa da ikaskuntza eraldatzeko, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko eta ekitatea bermatzeko.

750 milioi euroko inbertsioarekin, bermatu nahi du Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztiek espazio modernoak, irisgarriak, jasangarriak eta metodologia pedagogiko aurreratuenekin bat datozenak izatea. Planak 250 esku-hartze baino gehiago aurreikusten ditu Euskal Autonomia Erkidego osoan, hala nola hezkuntza-azpiegiturak berritzea eta modernizatzea eskola-komunitatearen beharrei erantzuteko, azken belaunaldiko ekipamendu inklusibo eta teknologikoz hornitzea, jasangarritasuna bultzatzea edo sukalde integralen eta jangela osasungarrien proiektuak garatzea.

Iruzkin bat
  • Argazkia Joana
    2025-03-19

    Berri hau irakurrita, pozgarria da jakitea Eusko Jaurlaritzak 750 millones de euros bideratuko dituela hezkuntza azpiegiturak hobetzeko. Baina, berriro ere, argi geratzen da ez direla guztiak kontuan hartzen. CPI Sansomendi IPI (Gasteizen) eskolako komunitateok ondo dakigu gure ikastetxea ez dela lehentasunen artean sartzen, eta horrek kezkatzen gaitu.

    Gure eskolan ez dago igogailurik, ez aldaparik, eta komunak ez daude egokituta.Aniztasuna eta inklusioa bultzatzen dituen komunitate bat gara, baina instalazioek ez diote erantzuten behar horiei. Patioaren egoera txarra da, leihoetatik hotza sartzen da, teilatuan ur filtrazioak ditugu, eta lehenengo solairura arte heltzen da ura. Ondorioz, ikasleek eta irakasleek berokiarekin lan egin behar dute neguan, eta hori ez da hezkuntza-baldintza egokia.

    Diru-banaketa egitean, ezin da ahaztu egungo eraikinek premiazko berrikuntzak behar dituztela. CPI Sansomendiko komunitatea prest dago parte hartzeko eta irtenbideak proposatzeko, baina behar dugu Hezkuntza Sailak gure egoera kontuan hartu eta erantzun bat eman dezan.

    Hezkuntza Eraiki 2030 planak eskolen modernizazioa bermatu nahi badu, zergatik ez da IPI Sansomendi horren parte?
    Inklusioa benetan bultzatu nahi bada, nola justifika daiteke gure eraikina oinarrizko irisgarritasun baldintzak bete gabe egotea?
    Zergatik bideratzen dira inbertsioak beste leku batzuetara, baina guk Jaurlaritzaren diruarekin mantentze-lan hutsak besterik ezin ditugu egin?

    Ezinbestekoa da ikasleen ongizatea eta hezkuntza kalitatea erdigunean jartzea . IPI Sansomendin ere merezi dugu ikaskuntza-giro seguru, eroso eta egokitua.

    Eskatzen dugu gure eskolaren beharrak Hezkuntza Azpiegituren Planaren barruan sartzea eta benetako konponbideak bilatzea!

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko