Berriak Lehendakaritza
qrcode

Emakundek berdintasunaren aurrerapenerako tokiko aliantzetan oinarritutako euskal ekimenak aurkeztu ditu Nazio Batuetan

2025-03-14
  • Miren Elgarresta zuzendariak, tokiko erakundeekin berdintasuna bultzatzeko aliantzei buruzko saio batean parte hartu du
  • Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna, Berdinsarea euskal udalerrien sarea eta Basqueskola emakume politikarien sarea dira munduko foro honetan aurkeztu diren hiru estrategiak

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen (CSW69) bilkuretako batean parte hartu du gaur. Batzorde hori Nazio Batuek genero-berdintasunari eta emakumeen ahalduntzeari buruz urtero egiten duten bilerarik handiena da. Elgarresta tokiko eta eskualdeko gobernuei hitza eman zaien jardunaldian parte hartzeko hautatu dute. Jardunaldian, emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko erakunde sozial eta politikoen arteko tokiko aliantzen garrantzia aztertu da.

Bileran oso presente egon da edizio honetako lehentasunezko gaia, hau da, 30 urte bete dituen Beijingo Adierazpenaren eta Ekintza Plataformaren aplikazioaren ebaluazioa. Bere hitzaldian, Miren Elgarrestak Emakundek gidatutako hiru ekimen azaldu ditu, euskal berdintasun-politiken adibide gisa eta bereziki tokiko aliantzen adibide gisa.

Emakundeko zuzendariak Berdintasunaren eta Emakumeen aurkako Indarkeriarik Gabeko Bizitzen aldeko Herri Ituna izan du hizpide, Nazio Batuen Generation Equality ekimena erreferentziatzat hartuta. "Erakunde publikoak, pribatuak eta herritarrak mobilizatzen ari gara, berdintasunaren aldeko konpromiso zehatzak har ditzaten. Hori guztia, belaunaldi arteko, sektore arteko eta maila anitzeko eraldaketa-prozesuak sortzeko ", adierazi du.

Miren Elgarrestak tokiko aliantzekin lotutako beste bi esperientzia ere azaldu ditu. Alde batetik, Berdinsarea aurkeztu du, Berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea, 2006tik berdintasun-politikak garatzeko lanean ari dena. Eta berdintasunaren aldeko emakume politikarien sarea ere aipatu du, Basqueskola, Emakundek eta EUDELek 2012an sortua. "Lan honekin, Euskal Autonomia Erkidegoak aurrera egiten jarraitu nahi du, gizarte justuagoa, berdintasunezkoagoa eta iraunkorragoa lortzeko bidean. Iraganetik ikasiz eta etorkizunera begira, hurrengoa berdintasunaren belaunaldia izatea nahi dugulako ", gaineratu du Elgarrestak munduko foro honetan.

Euskal ordezkaritzaren bidaia gaur amaituko da New Yorken, hainbat bilera egin ondoren, besteak beste NBEko nazioarteko agentziekin, zehazki UNWomen (NBE Emakumeak) eta UNFPArekin (Nazio Batuen Biztanleria Funtsa), zeinekin lan-harreman egonkorra baitu aspaldidanik.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak