
eLankidetzak 59 milioi euro bideratuko ditu nazioarteko lankidetza eta elkartasun ekimenetara
- eLankidetzak giza garapena sustatzen duten programekin jarraituko du, euskal zein pobretutako herrialdeetako eragileen arteko elkarlanaren bidez
eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziaren Kontseilu Errektorea izan da, gaur. Bertan, bi urterako plangintza eta ildo nagusiak onartu dira, aurrekontua 2,5 milioi euro igo ondoren. Aurten, eLankidetzak 59 milioi euro bideratuko ditu gatazkak edo bestelako indarkeria egoerengatik krisi humanitarioetan dauden biztanleei laguntzeko ekimenetara, Hegoko erakunde feministetara, emakumeak ahalduntzeko prozesuetara, gisa eskubideen defendatzaileak babestera edo Euskadin sentsibilizazio ekintzak egiten dituzten erakundeetara, besteak beste.
eLankidetzaren lanaren zati handi bat da GGKEei zuzendutako deialdia; garapenerako lankidetzako proiektuak, garapen produktiborako, prestakuntzarako eta laguntza teknologikorako eta gizarte-eraldaketarako hezkuntzako proiektuetan diharduten erakundeetara zuzendua, hain zuzen. Deialdi horrek 40 milioi euro izango ditu.
Dekretu berri bat argitaratu ondoren, 2024an, eLankidetzak garapenerako lankidetzako programetarako laguntzen deialdia egingo du. Iparra eta Hegoaren arteko kolaborazioa sustatuko duten ekimenak dira, tokiko eta mundu mailako ikuspegiarekin. Dirulaguntzak bi deialdi izango ditu: bata, identifikazio faserako, 150.000 eurokoa, eta, bestea, gauzatze-faserako, 4 milioi eurokoa.
Gatazken eta bestelako indarkeria-egoeren ondorioz krisietan dauden biztanleei arreta emateko, Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak ekintza humanitarioko bi deialdi egingo ditu, eta, guztira, 8,6 milioi euro izango dira.
Bestalde, lankidetza gaietan profesionalak espezializatzeko lau beketarako deialdia egingo da; Gasteizko egoitzan bertan egiteko. Gainera, Euskadiko GGKEetan genero- ekitatearen aldeko prozesuetarako deialdi bat egongo da, eta Ignacio Ellacuria sarirako hautagaiak aurkezteko beste bat.
Lankidetzarako eta Elkartasunerako politiken koherentzia
2024ko mugarrietako bat izan zen Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Legearen onarpena. Lege berriak Euskadiren lankidetza-politika zabaltzea eta erakunde arteko lana indartzea du helburutariko bat, egungo testuinguru globalak planteatzen dituen erronkak gero eta konplexuagoak baitira.
Zentzu horretan, eLankidetzak baterako ekimenak bultzatzen jarraituko ditu; horietako batzuk, Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Soziala eta 2030 Agendako zuzendaritzarekin batera. Hala, eLankidetzak sustatuko du Eusko Jaurlaritzako sailak eta beste eragile batzuk lankidetza teknikoko eta esperientziak trukatzeko lankidetza ekintzetan parte har dezaten. Ekimenetako bat da Guinea Bissau- Euskadi Osasun Globaleko lankidetza programa. Bertan, besteak beste, euskal osasun arloko profesionalak Simão Mendes Ospitaleko langileekin batera aritzen dira formazioetan.
Lankidetza horretara gehitu behar zaio UNRWA-k Jordanian duen Lanbide Heziketako programa eraldatzen laguntzeko ekimena, non hezkuntza sailak eta eLankidetzak parte hartzen duten.
Bestalde, Akual programa sustatzen jarraituko du, non lankidetza eragileek eta El Salvador, Costa Rica eta Euskadiko ur-operadoretako teknikariek parte hartzen duten.
Gizarte-eraldaketarako hezkuntzaren arloan, eLankidetzak (H)ABIAN 2030 euskal estrategian parte hartuko du, eta EITBrekin sustatzen duen elkarlanarekin segituko du. Gainera, hainbat jardunaldi antolatuko ditu; tartean, maiatzean egingo diren Afrikako giza eskubideen defendatzaileen babesaren ingurukoak edo Heziketa Topaketak, zeinek dekolonialitatearen gaia jorratuko du.
Elkartasun-ekimenak 2024an
Iaz 56,7 milioi euro eman ziren 42 herrialdetan 176 elkartasun-ekimenak finantzatzeko. Gehienak Erdialdeko Amerikan, Hego Amerikan, Saharaz hegoko Afrikan, Ekialde Ertainean eta Euskadin garatzen ari dira.
eLankidetzaren lehentasunei jarraituz, funtsen % 17,14 inguru emakumeak ahalduntzeko ekimenetara bideratu ziren, eta % 15,92 hegoko erakunde feministek egindako proiektuetara. Gatazketan eta bestelako indarkeria-egoeretan egindako ekintzak % 21,48 jaso zuten, eta giza eskubideen defendatzaileak babesteko proiektuek funtsen % 6,19a.
-
2025-03-16
Armak kontrolik gabe egotea arazo-iturri bat da. Gainera, legez kanpoko merkatuan fabrikatu daitezke, norberaren kontsumorako edo birsaltzeko. Botere-borrokek, baliabideak bereizi gabe, hondamendira eraman dezakete etengabeko laneko urte asko, edo pandemia isil bat mafiek eragindako lurraldea hedatu nahi balitz bezala.
-
2025-03-16
Haber armas sin control es una fuente de problemas todo además que se pueden fabricar en el mercado ilegal ya sea para consumo propio o reventa. Se desarrollan luchas de poder sin distinguir recursos pueden llevar al desastre muchos años de trabajo continuado o como si de una pandemia silenciosa se tratase trate de expandir territorio afectado por las distintas mafias.
-
2025-03-14
Comentario de X:
#eLankidetza destinaremos 59 millones de euros a iniciativas de cooperación y solidaridad internacionalLee la noticia completa 🌏https://t.co/1ihqAitPCD https://t.co/2aCxn74c0y
-
2025-03-14
Comentario de X:
#eLankidetzak 59 milioi euro bideratuko ditugu nazioarteko lankidetza eta elkartasun ekimenetaraIkus ezazu albistea osorik 🌏https://t.co/Pu5ztO2X53 https://t.co/aPyCkciIwf