Berriak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa
Eu

Celaá: "Ministerioaren murrizketek euskal hezkuntza-sistemaren kalitatea jaitsiko lukete"

2012.eko apirilak 16

Hezkuntza sailburuaren ustez, planteatu diren hiru neurriak zuzenean doaz Eusko Jaurlaritzak irakasleen lan-baldintzen arloan dituen eskumenen kontra

Madrilen gaur goizean Hezkuntzari buruz egin den biltzar orokorrean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak, Isabel Celaák, Hezkuntzak Ministerioak 3.000 milioi euro aurrezteko hartu dituen neurriak baloratu ditu. "Ministerioaren murrizketek euskal hezkuntza-sistemaren kalitatea jaitsiko lukete", esan du. Juan Ignacio Pert Hezkuntza ministroak egin dituen sei proposamenetako hiruk Eusko Jaurlaritzaren eskumenak ukitzen dituzte, Isabel Celaáren ustean. "Hori dela eta, legearen aldaketaren testua jaso arte itxarongo dugu gure zerbitzu juridikoek aldaketa horiek benetan zuzenbidearen menpe dauden ala ez zehazteko", iragarri du.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eskumenekin zuzenean gatazkan dauden hiru neurriak irakasleen lan-baldintzen arlokoak dira. Orain arte, irakasleen eskola-orduak, bajen ordezkapenak egiteko luzera eta sari osagarriak Lakuatik zehazten ziren. Lege-aldaketa honekin, Madrilek gutxieneko komun batzuk ezarri nahi ditu autonomia erkidego guztietarako. Sailburuaren ustez, horrek hezkuntza-sistemaren kalitatea "jaitsiko luke". Ministerioaren gainerako proposamenak onarpen askeko proposamen gisa aurkeztu dira, eta, ondorioz, ez dute zertan gatazkatsuak izan.

Hezkuntzaren arloko Euskadiko arduradunak argi dauka Euskadi "erreferente" bat dela gainerako autonomia erkidegoetarako, bai bere adierazleen maila altuagatik, bai azken hiru urteotan sistemaren eraginkortasunean lortu den hobekuntzagatik. Eskola goiz uzten duten ikasleen kopurua, adibidez, espainiar estatukoaren erdia baino txikiagoa da (%12, hain zuzen, eta estatuan %24tik gorakoa da), eta Europako batez bestekoaren azpitik dago. 0-2 urteko umeen eskolatzea familien eskaeraren %100era iritsi da ia, Europan ere ez da lortu horrelako emaitzarik. Derrigorrezko etaparen ostean ikasten jarraitzen duten ikasleen ehunekoa ere Estatuko gainerako eskualdeetakoa baino askoz altuagoa da. Emaitzei dagokienez, Euskadiko ikasleak matematiketan eta irakurmenean gailentzen dira, arlo horietan PISA txostenak ELGAko herrialdeen batez bestekoaren gainetik kokatzen baititu.

Eraginkortasunari dagokionez, Isabel Celaák ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzara bideratzen diren baliabideak ahal beste optimizatzen direla dagoeneko. Lan hori are gehiago indartu da azken hiru urteotan, eta epe horretan, gainera, ikasleen kopurua etengabe areagotu den arren, sistemaren finantzaketa handitu gabe eta kalitatea eta emaitzak murriztu gabe erantzun zaio eskaeraren igoera horri. "Jaurlaritzara iritsi ginenean zerbitzu publikoen eraginkortasuna hobetzen hasi ginen, eta Hezkuntzaren arloan oso emaitza onak ari gara lortzen lan-ildo honekin", azaldu du sailburuak.

Beraren ustez, Ministerioak proposatzen dituen neurriek "sistemari kalitatea kenduko liokete" eta "merkatuei erantzuteko helburuarekin soilik" diseinatu dira."Eraginkortasun-neurriak direla diote, baina murrizketak besterik ez dira", kritikatu du Isabel Celaák. Hezkuntzaren arloko arduradunaren ustean, "bereziki kontraesankorra da abagunearekin lotutako eraginkortasun-neurriei buruz hitz egitea". "Neurri horiekin hezkuntza-sistemaren eraginkortasuna hobetzen dela eta bere kalitatea kaltetzen ez dela uste badute, normalena da behin betiko bihurtzea eta ez behin-behineko", argudiatu du.

Iruzkin bat
  • @txarliegarcia
    2012.eko apirilak 18

    Comentario de Twitter:
    Celaa considera que 3 de las medidas del PP en Educación van contra las competencias del Gobierno Vasco: http://t.co/bSwQxgQM

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan