Frantziako Tourreko garaikurrak Euskadiko errepideak zeharkatuko ditu
2022.eko uztailak 26, 00:00 2022.eko uztailak 26, 00:00 Frantziako Tourreko garaikurrak Euskadiko errepideak zeharkatuko dituFrantziako Tourra Euskadira iritsi dela sinbolizatzen duen garaikurra Donostiara (9:50), Gasteizera (15:20) eta Amorebieta-Etxanora (18:00) iritsiko da, Bilbon (20:00) bidaia amaitu aurretik. Puntu horietan dagokien agintariek harrera egingo diote espedizioari.
• Grand Départ Pays Basque 2023 bultzatzen duten euskal erakundeek lau geldialdi horietara hurbiltzera animatu dituzte herritarrak, Ziortza Villa eta Julian Sanzi babes eta indar osoa erakusteko, erronkaren azken esprintari begira.
• Ziortzak eta Julianek, eskarmentu handiko ultrafondistak biak, uztailaren 24an, igandea, jaso zuten garaikurra Parisko Eliseoko Zelaietan, eta ia gelditu gabe lekualdatzen ari dira bizikletaren gainean.
• Ibilbide hau zuzenean jarraitu ahal da Grand Départ Pays Basque 2023 webgunean https://letour.euskadi.eus instalatutako tracking plataforma baten bidez.
Garaikurra Irundik sartuko da Iparraldetik etorrita. Ordurako, Julián Sanz eta Ziortza Villa ultrafondistek 850 kilometro inguru izango dituzte hanketan, uztailaren 24an, igandea, Parisko Eliseo Zelaietatik 20:00etan abiatu zirenetik. Harrera egingo zaien lehen puntua, 9:50 aldera, Donostia izango da. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eta Eneko Goia Donostiako alkateak Kursaalaren aurrean ongietorria egingo diete, eta eraikineko fatxada horiz argiztatuko da horretarako.
Debaraino kostaldea inguratu eta Bergara atzean utzi ondoren, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazara iritsiko dira kirolariak. Puntu horretan, Ramiro González Arabako Ahaldun Nagusiak eta Gorka Urtaran Euskadiko hiriburuko alkateak agurtuko dituzte 15:20 aldera.
Legutio, Otxandio, Dima eta Lemoa ere igaroko dituzte Amorebieta-Etxanoko Udaletxe plazara bidean, han izango dute zain Andoni Agirrebeitia udalerriko alkatea, 18:00ak aldera.
Galdakao zeharkatu ondoren, Ziortza eta Julián Bilboko Guggenheim Museoaren plazara iritsiko dira (Puppyren alboan), eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen txaloak jasoko dituzte. Dena aurreikusi bezala garatzen bada, 20:00ak aldera garaikurra Bilbon izango da.
Harrera guztiak laburrak izango dira, 48 ordu baino gutxiagoan 1.000 kilometro osatzeko erronka bikainean laguntzeko bi kirolariei.
Grand Départ Pays Basque 2023 bultzatzen duten euskal erakundeek lau geldialdi horietara hurbiltzera animatu dituzte herritarrak, Ziortza Villa eta Julian Sanzi babes eta indar osoa erakusteko, erronkaren azken esprintari begira.
Ibilbide hau zuzenean jarraitu ahal da estreinatu berri den Grand Départ Pays Basque 2023 webgunean instalatutako tracking plataforma baten bidez: https://letour.euskadi.eus Webgunera sartzean eta garaikurra forma duen ikono bat klikatzean, pantaila bat irekiko da, espedizioaren igarotzea une oro ezagutzeko eta sare sozial integratuen bidez berrikuntzen berri izateko.
Azkenik, gogoratu nola Frantziako Tourra Euskadira iritsi dela adierazten duen garaikurra uztailaren 27tik aurrera bisitatu ahal izango da Bilboko Turismo Bulegoan, Plaza Biribilean, 9:00etatik 19:30etarako ordutegian.
HELDUEREN ORDUTEGI ESTIMATUAK (aldaketak izan ditzakete)
- Donostia: 9:50tan, Kursaalaren aurrean
- Vitoria-Gasteiz: 15:20an, Andre Maria Zuriaren plazan
- Amorebieta-Etxano: 18:00etan, udaletxeko plazan
- Bilbo: 20:00etan, Guggenheim Museoaren plazan, Puppyren alboan.