Eu

Ogasun sailburuorde Itziar Agirrek parte hartuko du "Kontratazio publiko arduratsua eta bere eragina mintegiaren inaugurazio-mahaian

2018.eko urriak 23, 11:30 2018.eko urriak 23, 12:00 Ogasun sailburuorde Itziar Agirrek parte hartuko du "Kontratazio publiko arduratsua eta bere eragina mintegiaren inaugurazio-mahaian
2018.eko urriak 23 11:30 - 12:00
Paraninfo de la UPV/EHU (Bizkaia Aretoa), Bilbao, Avda. Abandoibarra, 3
Ekitaldiko kargudunak: Itziar Agirre Berriotxoa

INAUGURAZIOKO MINTZALDIA

2018/10/23

 “Kontratazio publiko arduratsua eta haren eragina”

Itziar Agirre, Ogasuneko sailburuordea 

 

Eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei mintegi honen hasiera-ekitaldira gonbidatu izanagatik. Topaketa honetan –ziur naiz–, gaurkotasunik eta interesik handieneko gaiak aztertu ahal izango dituzue.

Ikastaro honetara etorri zareten guztiok erakutsi duzue interes berezia eta benetakoa duzuela jasangarritasuna lortzen laguntzen duten erakunde eta enpresa mota berriak ezagutzeko eta horietan sakontzeko.

Oscar Wildek zioenez, “gaur egun, gauza guztien prezioa dakigu, baina ez dakigu zer balio duten”.

Eta arrazoi zuen. Gure gizarteak aurre egin beharreko arazoetako bat eragile bakoitzaren gizarte-balioaren inguruko ezjakintasuna da. Eta, gaur egun, ez dago zalantzarik behar-beharrezkoa dela gizarte-balioa sortzea helburu handiagoak lortzeko, hala nola justizia, ekitatea, garapen komunitarioa, ongizatea eta abar.

Negozio jasangarriak sustatuko dituen metodo bat behar dugu, etekin ekonomikoekin, jakina, baina beste etekin mota batzuekin ere bai, hala nola giza ongizatearekin, ongizate sozialarekin eta ingurumen-ongizatearekin. Kapital ekonomikoa edo finantzarioa ez ezik, giza kapitala, kapital soziala eta ingurumen-kapitala mobilizatu eta sortuko duen sistema bat behar da.

Mintegi honen deskribapenean adierazten denez, Lantegi Batuak erakundeak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Lege berriaren aplikazioan duen ezagutza eta esperientzia partekatu nahi du (eta, bereziki, kontratazio publiko arduratsuaren inguruan eta hark ekonomian ez ezik gizartean, gizakiengan eta ingurumenean ere baduen eraginaren inguruan duen ezagutza eta esperientzia). Izan ere, ongia eginez ongi egin daitekeela erakusten duen adibide garbia da erakunde hori.

Europako Batzordeak honela definitzen du kontratazio publiko arduratsua: agintariek produktu eta zerbitzu etikoak eskuratzea, eta lizitazio publikoak enplegu-aukerak, lan duina, gizarteratu eta laneratzeko aukerak eta desgaitasunak dituzten eta egoerarik txarrenean dauden pertsonen baldintza hobeak sortzeko erabiltzea.

Irailaren 5ean, kontratazio publiko sozialki arduratsuari buruzko entzunaldi publiko bat egin zen Europako Parlamentuan. Barne Merkatu, Industria, Ekintzailetza eta ETEen Komisario Elżbieta Bieńkowskak bertan adierazi zuenez, “preziorik baxuenak ez du izan behar kontratazioaren kontsiderazio nagusia; aitzitik, irizpide kualitatibo gehiago aukeratu behar ditugu eskuratzeko prozeduretarako”. Gainera, Europar Batasunak kontratazio publiko sozialki arduratsua eta ekonomia soziala sustatuko dituen esparru politiko eta erregulazio-esparru bat ezartzeko bidean aurrera egiteko bere gain hartu duen konpromisoa berretsi zuen.

Eusko Jaurlaritzaren ustez ere, Europar Batasunarekin bat eginik, kontratazio publikoa oso garrantzitsua da aldaketa-tresna gisa, eraldaketa-eragile gisa eta giza garapen jasangarrirako tresna gisa.

Eusko Jaurlaritzak jasangarritasunarekin duen konpromisoa oso aspaldikoa da. Izan ere, duela hamar urte baino gehiago, goiburu gisa aukeratu zuen giza garapen jasangarria. Aurten, nolanahi ere, aurrerapen handia egin da Basque Country 2030 Agendarekin. Agenda hori joan den apirilaren 11n aurkeztu zuen lehendakariak, eta bat dator Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin, 2015ean onartutako Agendaren arabera.

Beraz, Eusko Jaurlaritzaren balio soziala areagotzera eta eraldaketa-eragile izatera bideratutako estrategia bat da agenda hori. Jasangarritasunean oinarritutako politikak garatuko dituen gobernu jasangarri bat lortu nahi dugu.

Eta Eusko Jaurlaritzak berak nola bultzatu nahi ditu politika horiek guztiak Kontratazio Publikoaren bitartez?

Erantzuna kontratazio publikoaren ikuskera berri batek emango digu. Dagoeneko helburua ez da efizientzia ekonomikoa lortzea edo merkeago erostea. Lege berriak alde batera utzi ditu ideia horiek: eskaintza ekonomikoki onuragarriena kalitate/preziorik onena duen eskaintza da orain.

Kalitate hobe horrekin batera, irizpide sozialak eta ingurumen-irizpideak txertatuko dira zeharka, efizientzia hobea ahalbidetuko baita baliabide publikoak erabiltzeko garaian.

Eta kontratuak esleitzeko garaian alderdi ekonomikora mugatzen ez diren irizpideak kontuan hartzea (hala nola ekitatea, etika, ingurumenaren babesa edo alderdi sozialak) oso tresna eraginkorra da Eskubide Sozialen Europako Zutabean eta Garapen Jasangarrirako Helburuen lorpenean aurrera egiteko eta berdintasuna oro har sustatzeko.

Dena dela, jarduera hori ez da berria Eusko Jaurlaritzarentzat. Eusko Jaurlaritza beti egon da sentsibilizatuta kontratazio publikoan klausula sozialak eta ingurumen-klausulak txertatzeko aukerarekin. Ildo horretan, gogorarazi beharra dago Gobernu Kontseiluak 2008ko apirilaren 29an hartu zuen erabakia. Horren bidez, "Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren sektore publikoaren kontratazioan irizpide sozialak, ingurumen-irizpideak eta beste politika publiko batzuk" txertatzea erabaki zen.

Eta estrategia berari jarraikiz, baina ekintza desberdin baten bidez, Ogasun eta Ekonomia Sailak (eta, zehazki, Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzak) beste urrats bat egin du 2018. urtean.

Sektore publikoko kontratuei buruzko 9/2017 Lege berriak, besteak beste, gutxieneko erreserba-ehunekoak finkatzera eta erreserba hori betetzen dela bermatzeko gutxieneko baldintzak ezartzera behartzen ditu administrazio publikoak. Horrelako erreserbak erabiltzea elementu integratzailea da, eta aukerak sortzen ditu beren gizarte-funtzioa aldarrikatzen duten enpresentzat. Gainera, beren balioa erantsia erakusteko eta merkatuan txertatzeko aukera eskaintzen die enpresa horiei.

Eusko Jaurlaritzak joan den martxoaren 13an onartutakoaren arabera, sektore publikoko kontratazio-organo bakoitzak oinarrizko lizitazio-zenbatekoen gutxienez % 5 izapidetu behar ditu erreserbatutako kontratu gisa kontratu-kategoria jakin batzuetan. Eusko Jaurlaritzaren eta haren sozietate publikoen konpromiso horrek % 30eko igoera eragin dezake Euskadiko laneratze-enpresen eta enplegu-zentro berezien urteko fakturazioan.

Zehazki, lizitazio bidez kontrata daitezkeen jarduera ekonomikoko kategoriek honako zerbitzu hauek hartzen dituzte eraginpean: garbiketa, garraioa, baso-zerbitzuak, ostalaritza, inprimaketa, biltegiratzea, administrazio-lanak, kudeaketa eta lan osagarriak, posta eta publizitatea, mantentzea eta konponketa eta abar.

Eta konpromiso horren berme gisa, arrazoiren batengatik % 5eko erreserba-ehunekora iritsi ezean, memoria batean justifikatu beharko da. Memoria horretan, lizitatutako zenbatekoak, erreserbatutako zenbatekoak eta erreserba-ehunekora iritsi ez izanaren arrazoia adierazi beharko dira.

Datorren urteko martxoan, jardun horren inguruko lehen datuak izango ditugu, eta, hala badagokio, bidezko ebaluazioa egin ondoren, jarduna hobetzeko neurri gehigarriak hartu ahal izango ditugu.

Oraintxe amaituko dut. Berriz ere eskerrak eman nahi ditut gonbidapenagatik, eta ondorengo hitzaldiekin gozatzea opa dizuet. Bikainak izango dira, ziur.

 

Eskerrik asko.

 

 

(*) Bertaratuei eta partaideei jakinarazten zaie ekitaldia grabatu egingo dela eta argazkiak egingo direla; argazki nahiz grabazio horiek Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vascoren Interneteko kanal eta plataformetan gorde, argitaratu eta erakutsiko dira. Halaber, bertaratuek datuetara sartzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak erabili ahalko dituzte, baita beren ohore, irudi eta intimitate pertsonalaren eta familiarenaren arabera dagozkien beste eskubideak ere, helbide honetan: Nafarroa 2, 01007 Vitoria-Gasteiz.
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu ekitaldi hau
Ekitaldiaren kokapena
Ekitaldiko kargudunak